Anaximenes

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Anaximenes (Grekoz: Άναξιμένης) Miletosekoa (K. a. 585 – c. K. a. 528) Miletoko eskolako hirugarren filosofoa izan zen, Tales eta Anaximandro ondoren. Teofrastoren arabera Anaximandrosen ikaslea izan zen. Bestalde, Anaxagoras eta Diogenes Apoloniakoa Anaximenesen ikasleak izan bide ziren.

Pentsamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anaximenesek airea gauza guztien arkhe edo sorburua dela pentsatzen zuen.

Tales eta Anaximandros bezala, gauza guztien arkhe edo sorburuaz kezkaturik, denak airea jatorri duela baieztatu zuen. Airea nonahi dagoen gaia da, eta naturako indarren eraginez eraldatzen da, beste gauzak sortuz horrela. Tradizio grekoan, airea arima edo bizitzaren arnasarekin lotzen da. Ildo beretik, arimaren propietateak egotzi bide zizkion Anaximenesek aireari. Horrela, airearen izaera jainkotiarra dela [1] eta bere kabuz gauzak sortu eta bilakatzeko gai dela pentsatu zuen. Aldakortasuna eta naturaren aniztasuna airearen beraren trinkotasunaz azaltzen zuen: airea arindu egiten bada, [su]] bilakatzen da eta trinkotu ahala haize, hodei, ur, lur eta harri bihurtzen da eta alderantziz. Prozesu hauek enpirikoki baiezta daitezke beroak arindu eta hotzak trinkotu egiten duela begiratuz. Aldaketa hauen mekanismoa ordea ez zuen azaldu. [2]. Airea neutroa delako eta apeiron ez bezala propietateak dituelako aukeratu zuela aipatu zuen Teofrastok. Anaximenes, eta Miletoko eskolako beste filosofoak, materialista monistak ote diren eztabaidatu da. Ildo honetatik, badirudi Anaximenesek ez zuela pentsatu dena airea denik, dena airetik datorrela baizik, lurretan eta beste gauzetan airearen inongo arrastorik gabe. [3][4]

Airearen bitartez azaldu zituen zenbait fenomeno ere, esaterako tximista eta trumoia haizea hodeiak puskatzean sortzen zela pentsatzen zuen. Unibertsoaren sorrerari buruz, lurra airetik sortu zela zioen, trinkotze-efektu batengatik. Horrela, disko lau bihurtu zen. Horrela ilargia eta eguzkia ere sortu zirela baieztatu zuen. Izarrak airea sua bihurtu zenean sortu ziren. Gorputz hauek denak lurraren inguruan airean barrena dabiltzala esan zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Hala ere, Miletoko eskolako beste filosofoek bezala, ezagutzarako bidea zabaldu zuela esan behar da, airearen bitartez jainko grekoen eragina ukatzen baitzuen naturaren sorreran eta bilakaeran.
  2. (Ingelesez) Internet Encyclopedia of Philosophy: Anaximenes
  3. Aristotelesek substratum kontzeptua sortu zuen bi mende geroago. Bere monismoa baieztatuko lukeen airearen arrasto edo substratum delakorik ez zuen ordea beste gauzetan ikusten Anaximenesek.
  4. (Ingelesez) Stanford Encyclopedia of Philosophy: Presocratic Philosophy

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako filosofo greziarren Anaximenesi buruzko testu batzuk hemen aurki daitezke: (Ingelesez) Readings in ancient Greek philosophy: from Thales to Aristotle; S. Marc Cohen, Patricia Curd, C. D. C. Reeve, books.google webgunean. 12-14. orrialdeak.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Anaximenes Aldatu lotura Wikidatan