André Malraux

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

André Malraux (Paris, Frantzia, 1901eko azaroaren 3a - Créteil, Frantzia, 1976ko azaroaren 23a) frantses idazle eta politikaria izan zen.

Abenturazale eta bidaiari handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Malraux familia aberats batean jaio zen, baina haren haurtzaroari eta heziketari buruzko datu askorik ez dago. Egileak gordean izan zituen familiaren gorabeherak eta bere sentimenduak. Dena dela, Malrauxek Antimemoires obran dioenez, ez zuen haurtzaro zoriontsua izan.

Gaztetan literaturarako zaletasun handia izan zuen (Baudelaire, Michelet, Victor Hugo), eta oso gaztetatik erakarri zuen arte-lanen misterioaren lilurak; 1922an, pinturari buruzko idazlan bat eman zuen argitara.

Gauza jakina da, orobat, Ekialdeko hizkuntzak ikasi zituela Ekialdeko Hizkuntzen Eskolan, eta oso gazterik hasi zela bidaiatzen.

1921ean Clara Goldschmidtekin ezkondu zen, eta Europa guztian zehar bidaiatu zuten, Italian, Pragan eta Alemanian barrena, batez ere. Malrauxek bere bidaia eta abenturetatik hartu zuen literatura-lanetarako gaia, oro har, eta horrenbestez, berebiziko garrantzia izan zuten bidaia haiek bere bizitzan eta karreran.

Ekialde Urrunerako bidaiak: Indotxina eta Txinan barrena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1923an Kanbodiara abiatu ziren Malraux senar-emazteak eta haien adiskide bat. Han espedizio arkeologiko bat osatu zuten khemerren errege-bidean zehar, oihanean barrena. BenteaT Srey tenplu khemerretik eskulturak eta behe-erliebeak hartu zituztela eta, Kanbodiako hiriburura itzuli zirenean, lapurreta egiteagatik atxilo hartu zituzten; Saigoneko epaitegiak urtebeteko espetxe zigorra ezarri zion Malrauxi, eta urte hartan bertan, espetxeratu aurretik, alde egin zuen. Bidaia hark berebiziko eragina izan zuen Malrauxengan, bidaia hartan hasi baitzen, hain zuzen ere, Ekialde Urruneko arazo politikoak eta nazionalak hurbiletik ezagutzen. Arkeologo gazte gisa, Kanbodian bizi izandako gorabeheretan oinarriturik idatzi zuen gerora La voie royale (1930, "Errege-bidea") obra, bere lan nagusietakoa izan zena.

Indotxinarako bidaia hartako gertaerak zirela-eta, Frantziako agintari kolonialisten kontrako jarrera hartu zuen Malrauxek, eta hara itzuli zen berriro 1925ean, borroka antikolonialista aurrera eramateko asmoz.

Kanbodiako egonaldi hartan ospe handia lortu zuen bere panfletoekin, eta administrazio kolonialaren bidegabekerien kontrako aldizkari bat sortu zuen, L´Indochine deitua hasieran, eta L´Indochine Enchaînée ondoren. Esperientzia nekagarria izan zen, ordea, eta urte hartan bertan alde egin zuen Saigondik.

Garaitsu hartakoa du La Tentation de l'Occident (1926, "Mendebaldearen tentazioa") saiakera. Europan zehar bidaia egiten ari den gazte txinatar baten eta Ekialde Urruna ezagutzen ari den gazte frantses baten arteko gutun-truke moduan idatzitako saiakera bat da, eta egileak gerora idatzi zituen obretan agertzen diren zenbait ezaugarri biltzen ditu: Asiaren garrantzia azpimarratzea —Asiako zibilizazio askotarikoek, etnografiak, liluratuta zeukaten Malraux—, elkarrizketaren erabilera, trinkotasuna...

Txinan zehar ibili zen Malraux ondoren, eta garrantzi handiko jarduera politikoa izan zuen hango iraultzan. Adituen ustez, Txinako Iraultzako hainbat gertaeretan parte hartu zuen. Txinako Iraultzari buruzkoa da, hain zuzen ere, Malrauxen liburu ezagunenetako bat, La Condition humaine (1933, "Giza izatea").

Espainiako egonaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936an Espainiara joan zen, Jose Bergaminek gonbidatuta. Malraux Espainiara iritsi eta handik bi hilabetera, Espainiako Gerra Zibila hasi zen, eta Malrauxek gudaroste errepublikanoarekin bat egin zuen; aireko gudarosteko koronel izatera iritsi zen, eta beste lan garrantzitsu batzuez gainera, Estatu Batuetara bidaiatu zuen, Espainiarako medikuntzazko laguntza eskuratzearren. Ameriketatik itzuli zenean, 1937an, L'Espoir ("Itxaropena") obra eman zuen argitara, gerra haren lehenengo bederatzi hilabeteetako gertaeretan oinarri harturik, eta izen bereko filma produzitu eta zuzendu zuen Bartzelonan, 1938an. 1939an estreinatu zen, baina urte askoan debekatuta egon zen ondoren.

De Gaulle jeneralarekiko harremana eta azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerraren garaian, frantses gudarostearekin borrokatu zen Malraux, baina 1940an atxilo hartu zuten alemaniarrek.

Alemaniarren mendetik ihes egitea lortu ondoren, erresistentzian parte hartu zuen, Lot, Dordogne eta Correzeko buruzagi gisa.

1944an berriro harrapatu zuten naziek, baina Frantziako gudarosteak askatu zuen.

Ondoren, Frantziako Brigada Askea antolatu zuen, eta Alsaziako frontean borrokatu zen, De Gaullerekin batera. De Gaulleren aldeko sutsua izan zen Malraux, eta jenerala presidente hautatu zutenez gero, harentzat lanean jardun zuen; 1945ean ministro izendatu zuten, eta garai bateko ezkerreko joeretatik aldenduz, eta iraultzarako grina eta marxismoarekiko atxikimendua alde batera utzita, mendebaldeko kulturari lotu zitzaion berriro. 1958an De Gaulle bigarrenez lehendakari izendatu zutenean, Malrauxek kultura gaietarako ministerioa sortu zuen, eta haren arduradun izan zen hamar urtez. Zenbaiten ustez, Frantzian sekula izan den Kulturako ministro azkar eta originalena izan zen Malraux.

1971n Bangladeshen aldeko askapen mugimenduarekin bat egin zuen Malrauxek, eta hango herriaren alde borrokatu behar zuela erabaki zuen. Indiaren laguntzari esker, ordea, bangladeshtarrek Pakistanengandik burujabetasuna lortu zuten, eta Malrauxek antolaturiko taldea ez zen sekula borrokatu.

Literatura-lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain arte azaldu denaren arabera, gorabehera askoko eta dramatismo handiko bizitza izan zen Malrauxena, eta bere belaunaldiko beste idazle batzuek ez bezala, Lehenengo Mundu Gerran zuzenean parte hartu ez bazuen ere, arrisku eta abenturaz beteriko bizitza bizi izan zuen. Bizitza dramatiko eta gorabehera handiko hartan, idealismo politikoaren eta borroka iraultzailearen arteko bikoiztasun tragikoa agertzen duten eleberri bikain eta indar handikoak idatzi zituen, batez ere.

Bere lehen lan garrantzitsua Les conquérants (1928, "Konkistatzaileak") izan zen. Obra hartan, britainiar inperialismoaren kontrako iraultzaren berri ematen du, eta iraultzari buruzkoa da, orobat, Malrauxen maisulana, La condition humaine (1933, "Giza izatea"). Eleberria Shangain dago kokatua, 1927an, Txinako Gerra Zibilaren garaian. Matxinatu komunista batzuk (Txen, Kyo, Katow errusiarra) dira protagonista. Komunistek beren mendean hartzen dute hiria, Kuomitangaren gudarostea hirian sartu baino lehen. Txiang Kai-xek jeneralak txinatar eta frantses kapitalistekin hitzarmena lortzea erabakitzen du, erabateko nagusitasuna eskuratzearren. Komunistek, ordea, ez dute halakorik onartzen. Internazionalak, berriz, esku ez hartzea erabakitzen du, eta Txiang Kai-xekek, azkenik, lehen bere kide izandakoen matxinada zapaltzen du. Txenek bere buruaz beste egiten du, jeneralaren kontrako atentatua egin ondoren; Kyo hiltzera kondenatzen dute, eta bere buruaz beste egiten du, zianuroa edanez, eta Katowek, berriz, bere zianuroa beste bi kondenaturi eman, eta bera bizirik erretzea onartzen du. Gaur egungo politikari idealisten kontraesanak, okerrak eta kezkak garbien agertzen dituen eleberrietako bat da.

Bai obra horretan eta bai Hong-Kongen txinatar iraultzaileek britainiarren kontra egindako borroka kontagai duen Les conquérants eleberrian, giza askatasuna norbanakoaren jardueraren bidez soilik adieraz daitekeela dioen ideia dago oinarrian.

Baina Ekialdeko herrialdeei buruzko kezkaz gainera, Europako gertaeretarako arreta ere izan zuen Malrauxek, eta Europan faxismoa hartzen ari zen indarra salatu nahi izan zuen, adibidez, 1935ean argitara emandako Le temps du mépris (Mespretxurako sasoia) eleberrian, nazismoaren ankerkerien kontrako adierazpen bikain bat osatuz.

Bigarren Mundu Gerran zehar, eleberri-ziklo bat idazten hasi zen, La Lutte avec l'ange (Aingeruaren kontrako borroka) izenburupean, eta gizakiak heriotzaren eta bidegabekeriaren kontra aurrera daraman borrokaren inguruko gogoeta gai harturik; baina ziklo hartako parte bat bakarrik gorde zen: Les noyers de l´Altenburg (1943, "Altenburgeko intxaurrondoak").

Bigarren Mundu Gerra ondorengo urteetan, eleberriak idazteari utzi zion, eta estetikari eta artearen filosofiari buruzko lanak eman zituen argitara, batez ere. Arteari eta zibilizazioari buruzko saiakeretan aipagarriak ditu, besteak beste, Les voix du silence (1951, "Isiltasunaren ahotsak") eta La métamorphose des dieux (1958, "Jainko itxuraldaketa"). Les voix du silence obran artearen historia bat egin zuen. Bikain dokumentaturiko obra da, herrialde eta garai guztietan arteak izan duen bilakaerari buruzko lan handia. Baina, aldi berean, bere gogoeta filosofikoak ere biltzen ditu obra horrek, eta artea gizakiaren sormenaren adierazpen gorena dela erakusten du, gizakiaren izate absurdo eta ezdeusa goratzen duen jarduera gisa agertzen du artea.

Azkenik, Malrauxen obran azpimarratzekoa da Antimémoires (1967). Obra horretan, munduari buruz zuen ikuspegia agertzen duten gogoeta sakonak idatzi zituen; bere obra guztian obsesio bihurtzen den heriotzaren gaiari buruzko iritzia azaldu zuen, eta absolutuaren bilaketa eta heriotzaren obsesioa elkarri uztarturik daudela erakutsi nahi izan zuen.

Malrauxen azken lan aipagarria La Corde et les Souris (1976, "Soka eta saguak") izan zen, eta aurrekoan bezala, historiarako eta arte plastikoetarako zaletasunak ezaugarrituriko bizitza baten oroitzapenak bildu zituen obra horretan ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: André Malraux Aldatu lotura Wikidatan