André Martinet
André Martinet (Saint-Alban-des-Villards, Savoia, Frantzia, 1908 - 2000) hizkuntzalaria eta euskalaria izan zen. Columbiako eta Sorbonako irakasle izana. Estrukturalisten eskolaren jarraitzailea da. Jakobsonen ildoari atxikirik, fonologia historikoari buruzko teoria orokor bat antolatu zuen. 1955ean, Economie des changements phonétiques. Traité de phonologie diachronique argitaratu zuen Bernan. Liburu horretan bada atal bat euskal leherkariei buruz idatzia: La reconstruction structurale. Les occlusives du basque. Martinetenak dira, halaber, De la sonorisation des occlusives initiales en basque artikulua, eta La phonologie synchronique et diachronique du basque, 1980an, Euskal Herrian egin ziren Nazioarteko Euskalarien Biltzarrean aurkeztu zuen txostena.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.