Andre Mariaren Jasokundearen eliza (Santikurutze Kanpezu)

Koordenatuak: 42°40′11″N 2°21′07″W / 42.66962°N 2.35195°W / 42.66962; -2.35195
Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 15:39, 17 urtarrila 2016
Andre Maria eliza
Kultura ondasuna
Gazteluaren plazatik ikusita
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaSantikurutze Kanpezu eta Kanpezu
Koordenatuak42°40′11″N 2°21′07″W / 42.66962°N 2.35195°W / 42.66962; -2.35195
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXIV. mendea
Izenaren jatorriaMariaren Jasokunde
Erlijioakatolizismoa
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Romano-Gothic (en) Itzuli
pizkundetar arkitektura
Arkitektura neoklasikoa
Ondarea
BICRI-51-0005099
23

Andre Maria eliza Kanpezuko Santikurutze Kanpezu herrian dagoen eraikin erromanikoa da.

2003ko, martxoaren 5ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Ezaugarriak

Kanpezu, aspaldidanik, Arabako biztanleriaren gune garrantzitsuenetako bat da. Herrian erromatarrak egon zirela adierazten duten datuak daude. XII. mendean arma-plaza garrantzitsua izan zen eta foruetan eta pribilegioetan aipatzen da.

Hirigune historikoaren erdian, hegal erdian, Gure Andre Mariaren eliza dago, Andre Mariaren Jasokundea izenez ere deitua.

Hirigune historikoaren egitura Erdi Aroan sortutako herrien ohikoa da: txantelketa nabarmena du, etxadiak kurba-mailen norabidean daude lerrokatuta eta antzinako harresiaren trazatuaren aztarnak daude.

Etxebizitzen eta elizaren artean dagoen distantzia oso txikia da, eta sakristia dagoen aldean etxadietara atxikirik ere egon da. Tenplura sartzeko eta kaleen arteko mailen aldea berdintzeko, eskailerak daude, eta egungo atariaren parean kokatutako plataformaraino igotzen dira.

Bitxia bada ere, eta ohiz kanpokoa, ataria iparraldean kokatuta dago. Ziurrenik, horregatik egongo da mendebaldean ataririk gabeko beste portada bat, eta hortik sartuz gero elizaren atzealdetik sartuko gara.

Elizako multzo horren kanpoko bolumetria nabe nagusiak, dorreak, sakristiak eta atariak osatzen dute.

Fabrika nagusiak, XIV. mendekoa, areto-oina du, nabean lau kapera ditu eta presbiterioan hiru. Burualdea poligonala da, bost aldekoa, abanikoan dagoen gurutze-gangak estaltzen du eta landare motiboz apaindutako kapitelak dituen zutabe erditan oinarritzen da.

Nabea gurutze-gangak estaltzen du. Hori zutabe faszikulatutan oinarrituta dago, batzuk marrazkirik gabeak dira eta besteak landareen, animalien edo gizakien motiboz apainduta daude. Zehar-nerbioak gizakien eta landareen motiboz apaindutako mentsuletan oinarrituta daude.

Koruaren gainean dagoen ganga geroago eraikitakoa da, eta honela apainduta dago: kurbatutako gurutzaduraz, giltzarrietan errosetez, kapitelez eta elementu geometrikoz. Ziurrenik XVI. mendean eraikitakoa da.

Korua, Pizkundea garaikoa da, eta oso apaindutako pilastretan oinarritutako beheratutako arku handia du. Mendebaldeko portadan antzeko motiboak daude. Hala eta guztiz ere, arkuen bazter-zokoak apaindura plateresko aurreratua dute, eta adakeraz, espiralez eta grutesko handiz apainduta daude. XVI. mendekoa da. Micaela Portillaren arabera, Domingo Gebararen lana da. Behe-koruko ganga gurutzatua da eta giltzarrietan izar eta lore handiko formak ditu. Koruko aulkiteria ederra nabarmendu beharra dago nahitaez, XVIII. mende amaieran zizelkatutakoa. Hamahiru eserleku ditu eta horietan Salbatzailearen eta apostoluen irudiak azaltzen dira. Paisaiak, arrokaiako apaindura eta irudi fantastikoak ere azaltzen dira.

Kaperak ez dira oso ezberdinak elkarren artean, eta diagonalean dauden gurutze-gangek estaltzen dituzte guztiak. Horiek landareen eta gizakien aurpegien motiboz apaindutako mentsuletan oinarrituta daude.

Iparraldean dauden kaperen goiko aldeek triforio txiki bat osatzen dute, eta hori absideraino iristen da.

Kanpoaldeak ezaugarri gotiko arkaikoak ditu, eta erromanikoaren eragin nabarmena. Deigarria da hegoaldeko fatxada, non eraikuntza-aldi desberdinak bereizten baitira.

Lehenengo aldian argiagoa da erromanikoaren eragina. Aldi horretakoak dira absidea eta hegaleko kaperak, harburuen eta erlaitzen altuerara iritsi arte.

Burualdeko horma-bularrek bi isurialdeko teilatuak dituzte eta poligonalean laprandura handiko leihate oso zorrotzak ditu. Horma-bularren eta leihateen gainean apaindu gabeko harburuak dituen erlaitz bat dago. Hori fabrikaren hainbat lekutan ikus daiteke, han-hemenka.

Bigarren aldiko ezaugarria diagonalean dagoen horma-bularra da. Bat dator korua eraiki aurretik elizak zuen luzerarekin.

Hirugarren aldia koruaren zatiari dagokiona da. Aldi horrekin edo aurreko batekin bat etorriz, edo baita aldi independente batekin ere, inguruko harresiaren altuera handitu egin zela nabarmentzen da, eta horri esker egurrezko zinbriak koka daitezke ganga ukitu gabe.

Portada garrantzitsuena mendebaldean dago eta XVI. mende hasierako gotiko aurreratukoa da. Alfizean kokatutako bola-ilara duen ogiba-arkua du eta pinakuluetan amaitutako pilastrek eusten diote. Arkua sei pare baketoi oso finez osatuta dago, eta landare-motiboetan apaindutako kapitelak ditu. Azkeneko baketoiak arku konopiala du buruan. Tinpanoak Ehorzketa Santuaren motiboak azaltzen ditu erliebean.

Iparraldeko portada, atariaren barnean dago, eta estilo berekoa da, nahiz eta zertxobait sinpleagoa izan. Tinpanoa Pietatearen motiboz apainduta dago.

Sakristiak estilo neoklasikoa du, eta gurutze grekoko oinplanoa eta petxina gaineko kupula du. Nabarmentzekoa da XVIII. mendeko kutxa-multzoa. Horrek aretoaren hiru aldeak hartzen ditu.

Dorrea, XVII. mendekoa harlanduz egina dago eta trinkoa da kanpai-gorputzera iritsi bitartean. Hor puntu erdiko lau bao ditu, eta gorputz koniko txikiaz koroatutako kupulan amaitzen da.

Erretaula nagusia, XVII. mende amaierakoa edo XVIII. mende hasierakoa, azpi-atalak, gorputzak eta buruak osatzen dute; eta urre-koloreko eta oso apaindutako lau zutabe salomondarrek hiru kaletan banatzen dute. Gorputz nagusiak Jasokunde Birjinaren irudia eta San Petri eta San Pauloren eskulturak ditu.

Erretaula nagusiaz gain, badaude azpimarragarriak diren beste batzuk, hegaleko kaperetan. Horien aldamenean, gotiko aurreratuko hilobi bat dago. Hilobian zakurra oinetan duen pertsonaia jantzia eta Santa Kurutzeren armarria azaltzen dira; elementu horiek gangaren ardatzean ere ageri dira.

Erreferentziak

Kanpo loturak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa