Andrea del Castagno

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Santa Apoloniako jantokiko irudiak

Andrea del Castagno, benetako izena: Andrea di Bartolo di Bargilla (Corella, Italia, 1423 inguruan - Florentzia, 1457ko abuztuaren 19a) italiar margolaria izan zen. Florentziako humanismoaren joeraren jarraitzaileetako bat izan zen, Masaccio, Brunelleschi eta Donatelloren eragina jaso zuena. Pintura eta marrazki bikainak egin zituen, baina izaeraz erretxina zen, eta ankerkeriaren eta zorroztasunaren isla garbia dira bere obrak. Emozioen indarra eta irudien naturaltasuna hobekien adierazi zuten Pizkundeko margolarietako bat izan zen.


Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andrea del Castagno Florentzian hasi zen margolaritzaren alorrean, baina ez dago haren prestakuntzari eta obrari buruzko berri askorik, lan gehienak hondatuta baitaude; baina ordukoa da, adibidez, Podestako jauregiko fatxadako "Urkatuak". 1442an Veneziara alde egin zuen, eta han San Zakarias elizako San Tarasio kaperako freskoak margotu zituen.

"Niccolo da Tolentino zaldi gainean".

Venezian askatu berriak ziren gotikoko dotoretasunarekiko, Andrea del Castagnok irudikatu zituen santuak eta aita betierekoak errealitate berri baten iruditzat hartuko ziren seguru asko. Irudiak hondoa eteten dutela dirudi, eta Donatelloren eta Masaccioren koadroetako energia nabarmentzen zaie, baina era berean ageri dira Ucelloren geometrismoa edo Venezianoren kromatismoa, nahiz eta geroago haien eragina baztertuz joan zen. Lehen aldi horretan, muturreraino eraman zituen Masaccioren ekarpenak: irudiek harrizko eskulturak ematen dute, pertsonaiak gorputz sendo eskultorikokoak eta dramatismo handikoak dira.

Joera horren erakusgarri aipagarrienetakoak, eta Andrearen lan nagusietakoak, dira Santa Apolonia jantokiko "Kristoren nekaldia" obraren goialdeko irudiak (1448) eta "Azken afaria". Fresko monumentalak dira, arranditsuak eta indar handikoak. Formen harmonia eta konposizioen ordenamendu neurtuaren bidez ikuslearengandiko nolabaiteko distantzia lortzen du; tentsio dramatiko bizia adierazten du, "Azken Afaria" lanean marmolaren distiren eta esfinge misteriotsuen bidez, eta pertsonaien energiaren eta bizitasunaren bidez batez ere. Masaccioren eragina nabarmentzen zaie, batetik, ilusionismorako joeran, baina perspektiba zientifikoa ere erabili zuen, bestalde.

Florentzian behin betiko finkatu zen 1444. urtean. Aipagarria du, orobat, gizon-emakume handien galeria, Carducci villan margotua (Legnaia). Florentziari ospea eta aintza eman zioten militarrak, handikiak, olerkariak (Dante, Petrarca eta Boccaccio adibidez), Bibliako sibilak eta erreginak agertzen dira irudietan. Estatuen tankerako gorputzak dira, harroak eta arranditsuak, gorespen humanista adierazten dutenak; tentsio dramatiko handia lortu zuen gorputzaren mugimenduaren eta aurpegiko keinuen bidez.

Gizabanakoaren heroitasuna azpimarratzen dute, halaber, larruzko ezkutu baten gainean margoturiko David-ak (artzain gazteak etsaiari eta izadiko indarrei irabazten die), eta San Sebastianen irudiak, zeinean martiritza giza zintzotasunaren irudia baita.

Annunziatako elizan "Hirutasun Santua San Jeronimo eta beste bi santurekin" irudikatu zuen. Fresko honetan ordu artekoetan baino gehiago behartu zituen formak, dramatismo handiagoa emate aldera. San Jeronimo agertzen da Hirutasunari begira, bi santu dituela alboetan; santuaren aurpegiko keinu latzak, azal zimurrak, bizitza aszetiko gogorraren erakusgarri dira. Laztasuna adierazteko ahalmen horri esker lortu zuen, seguru asko, bere azken obra ezaguna egiteko enkargua. WNiccolo da Tolentino zaldi gaineanW obra da, Florentziako katedralerako eskatua (1456), Ucellok 1436an margoturiko Condottieroaren zaldi gaineko erretratuaren bikotea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andrea del Castagno Aldatu lotura Wikidatan