Andres Vesalio
Andres Vesalio, jaiotza-izenez Andries Van Wesel (Brusela, Flandria, 1514ko abenduaren 31 - Zanteko uhartea, Veneziako Errepublika, 1564ko urriaren 15a) flandriar anatomista izan zen.
[aldatu] Biografia
Lovainako eta Parisko unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Inperioko gudarosteko kirurgilaria izan zen eta Paduako Unibertsitateko Anatomiako eta Kirurgiako katedra sortu zuen.
De humani corporis fabrica libri septem (1543, "Giza gorputzaren egiturari buruzko zazpi liburukiak"), sarritan Fabrica soilik deitua, obra idatzi zuen, giza anatomiako lehen liburu zehatz eta osoa, behaketa errealetan oinarritua eta irudi ugarikoa; giza gorpuekin egindako ikerketetan oinarriturik Galenoren printzipio batzuk okerrak zirela frogatu zuen Vesaliok lan hartan, eta anatomia modernoaren oinarriak finkatu zituen.
1544an, Espainiara erbesteratu zen eta Karlos I.aren eta, geroago, haren seme Filipe II.aren mediku gisa lan egin zuen. 1564an, Jerusalemgo hilobi santura erromes joan eta itzulerako bidaian hil zen.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.