Anduin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Anduin (sindarinetik Ibai Luzea; An, (handia, luzea), duin, (ibaia)), Ibai Handia ere deitua, lehen aldiz Silmarillion liburuan aipatua dena, Erdialdeko Lurraldea zeharkatzen duen ibai bat da Ered Mithrimen hegoaldean jaiotzen denetik, Belfalas Badian Belegaerreko Itsaso Handian itsasoratzen den arte. Erdialdeko Lurraldeko iparmendebaldeko ibairik luzeena da, eta honen inguruan gertatzen dira Tolkienek idatzitako istorioetako asko. Erdialdeko Lurraldearen bere atlasean, Karen Wynn Fonstadek, 1388 milia edo 2.233 kilometroko luzera zuela kalkulatu zuen.


Ibilgua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goikaldeko zatia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendi Lainotsuek eta Mendi Grisek osatutako angeluan jaiotzen da. Anduin eratzeko, Urrutiko Iturria eta Ibai Grisa elkartzen dira. Bere ibilguak hegoalderantz jarraitzen du, Mendi Lainotsuekiko paraleloan, Baso Beltza ekialdean duelarik. Bere hurrengo zatia, Rhimdath ibaiadarraren urak jasotzen dituenean hasten da. Honen ondoren, bere urak, uharte txiki batetara iritsi arte doaz. Hegoalderago, Karroka inguratzen du, Beornidarren herrialdea bustiz.

Gladio ibaia Anduini batzen zaio, toki zingiratsu bat eratuz (antzinatean, istinga batean bihurtu arte lehortu zen laku erraldoi bat zen arren), Zelai Gladioak izenekoa. Hemen, Isildur hil zen eta Eraztun Bakarra bi mila urte baino gehiagoz galduta egon zen. Elkartze honen aurretik, Anduin ibaia zeharkatzeko zeuden modu bakarrak Karrokako ibitik edo Ibi Zaharretik zen, azken hau, aurrekoa baino hegoalderago.

Erdialdeko ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lothlorien ekialdetik igarotzean, Zilarrezko Ibilgua elkartzen zaio (bertan agur esan zien Eraztunaren Elkarteak Galadriel eta Elrondi), Anduinen Haranak bezala ezagutzen den tokiari amaiera emanez. Lorien atzean utzi eta bere ibilbidea jarraituz, Anduin ibaia lautada handi baten erdian dago, Lurralde Nabarrak ekialdean eta El Paramo goi ordokia mendebaldean dituelarik.

Lorien hegoaldean, Anduin ibaiak bere norantza aldatzen du, eta hegoekialderantz doa Zelebranteko Zelaia hegoaldean utzita. Limargi ibaia (Rohanen iparraldeko muga dena) elkartzen zaio eta bere urak isurtzen dizkio, Anduini norantza aldatzea eragiten dion bapateko bira baten erdian. Bira honek, S formakoa, bi zati ditu, Iparraldeko Ukondoa, C formakoa, eta Hegoaldeko Ukondoa, alderantzikatutako C formakoa.

Toki honetan Gondorreko Narmazil I.ak zenbait gotorleku eraiki zituen Kalenardhon antzinako probintzia inbaditzea eragozteko, Ibai Handiaren garrantzi estrategikoa zela eta. Zirionen seneskaltzaren garaian, hauek erabat utziak izan ziren Ukondoen mendebaldeko ertzean, baita ekialdeko ertzeko ia guztiak ere.

Anduin Estemnetarekin paraleloan dagoenean, estutu egiten da eta bere abiada bizkortzen du, Emyn Muil izeneko toki menditsu batean sartzen baita. Mendigune honen iparraldeko zatian, Sarn Gebir urazkarrak eratzen dira, oso arriskutsuak. Hegoaldeko zatian Nen Hithoel lakua dago, erdian uharte bat duena, Tol Brandir izenekoa. Lakuaren sarreran, Argonath erraldoiak daude, eta, bere irteeran, Raurosen urjauziak daude.

Behealdeko zatia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Raurosen urjauziak igaro ondoren, ibaiak bere behealdeko zatia hasten du, Gondorren sartuz. Bere ibaiadar nagusia den Entaguasekin elkartzen da, Mendi Lainotsuetan jaiotzen dena, Fangorn basoaren hegoaldetik igaroz, eta Anduinekin honen mendebaldetik elkartuz, ur asko emanez. Euren elkartzean, delta zingiratsu bat eratzen da, Entaguasen Besoak bezala ezagutzen dena. Elkartzearen ekialdean Nindalf dago.

Anorien eta Ithilien artean, Kair Andros izeneko uharte bat dago. Toki horretan, Anduinek, ibaiadar askoren urak jasotzen ditu, horietako gehienak errekazto soilak, bereziki Ephel Duathetik datozenak.

Kair Androsetik kilometro batzuk hegoaldera, Osgiliath hiria dago, Gondorreko antzinako hiriburua. Ibaiak, erditik igarotzen du, eta ertz batetik bestera igarotzeko modu bakarra, harrizko zubi batetik zen, Boromirrek, etsaia Gondorrera igarotzea eragozteko suntsitu zuena. Hiri hau igarotzean, ibaiak, zabaltzen jarraitzen du, eta lurraldea lauago bihurtzen da.

Bere ibilbidea jarraituz, ibaiak atzean uzten du Osgiliath, Minas Tirithen hegoaldean aurkituz. Toki horretan, Harlond portua dago. Hegoalderaxeago, Erui ibaia, bere ibaiadarretako bat, elkartzen zaio. Ibaian behera kilometro gutxi batzutara, Morgulduin ibaiak ere, Minas Morgul dagoen haran beldurgarrian jaiotzen dena, bere urak ematen dizkio. Jada Ithilien hegoaldean, Anduinek, bapatean mendebalderantz biratzen du, Ered Nimrais oztopo bezala izateari utzi ondoren. Sirith ibaia, mendebaldetik duen azkeneko ibaiadarra, elkartzen zaio, eta elkarguneak eratzen duen angelu zorrotzean dago Pelargir, Gondorreko portu garrantzitsu bat. Mendebalderaxeago, Poros ibaia Anduinekin elkartzen da, ibai hau oraindik gehiago zabalduz.

Azkenik, Anduin Belfalaseko Badiaren ekialdean Belegaerrera itsasoratzen da. Bere itsasoratzean, Anduinek, delta erraldoi bat eratzen du, Ethir Anduin bezala ezagutzen dena. Deltaren inguruan bizi den jendea, nagusiki arrantzatik bizi da.

Zinea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Peter Jackson zine zuzendari zelandaberritarrak zuzendutako Eraztunen Jauna trilogian (2001, 2002, 2003), Anduin ibaia Hutt Riverren dago (maorieraz Te Awa Kairangi), Rimutakas mendilerroan jaio eta Cook itsasartean itsasoratzen den ibaia, Wellingtongo badia eratuz.

Ibaiadar zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laburbilduz, Anduin ibaiaren ibaiadar nagusiak, bere iturburutik itsasoratzeraino, honako hauek dira:

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Anduin Aldatu lotura Wikidatan