Anestesia orokor

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Anestesia orokorrean erabiltzen den materiala

Anestesia orokorra anestesiko orokorrak diren farmakoen bidez lortutako pertzepzioaren erabateko galera da. Gaixoa egoera honetara heltzeko farmako desberdinen konbinaketak egitea beharrezkoa da, pertzepzio eza, amnesia eta analgesia lortu behar baitira. Horretarako anestesistak kasu bakoitzean teknika eta prozedura egokienak aukeratuko ditu.

Deskribapen orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anestesia orokorra hainbat pauso kontuan hartzen dituen prozesu konplexua da:

  • Ebaluazio aurreanestesikoa
  • Anestesia orokorra eragiten duten farmakoen administrazioa
  • Kardioarnasketaren zainketa
  • Analgesia
  • Arnas bideen kontrola
  • Likidoen kontrola
  • Ebakuntza ondorengo minaren tratamendua

Ebaluazio aurreanestesikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebakuntzaren aurretik, anestesistak gaixoarekin hitz egiten du farmakoaren dosi eta konbinaketa egokienak eta zainketak zenbaterainokoa izan behar duen ezartzeko, prozedura modu seguro eta eraginkorrean egingo dela ziur egoteko. Guzti hau erabakitzerako orduan, gaixoaren adina, pisua, mediku historiala, momentu horretan hartzen ari den farmakoak, aurretik erabili izan dituen anestesikoak eta barau denbora oso garrantzitsuak izango dira.

Anestesistaren galderei zuzen eta zehatz erantzun behar zaie, honek prozedura eta farmako egokiak aukeratu ahal izateko. Esaterako, alkoholiko, drogazale edo automedikatzen den gaixo batek ez badio hartzen dituen substantzien berri ematen anestesistari, elkarrekintza farmakologikoak sor litezke eta hau oso arriskutsua izan daiteke. Ohiko erabilera duten farmako batzuek, sildenafiloa kasu (Viagra©) , gaixoaren bizitza arriskuan jar dezakete bere erabilera ezkutatuz gero.

Ebaluazio honen alderdi garrantzitsu bat gaixoaren arnas bideen azterketa da, ahoa eta faringeko ehun bigunak ondo daudela ziurtatu behar da. Arnas bideetan arazoren bat duen gaixo bati hodi endotrakeal bat jarri behar bazaio, metodo alternatiboren bat erabili beharko da, fibra optikoaren intubazioa esaterako.

Anestesia orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurremedikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anestesistak ebakuntza aurretik aurremedikazio bat eman dezake injekzio edo aho bidez, gaixoak lo hartu eta erlaxatu dadin.

Gehien erabiltzen diren farmakoak narkotikoak izan ohi dira (fentaniloa bezalako opiazeoak) eta sedagarriak (midazolam bezalako bentzodiazepinak).

Indukzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anestesia orokorra ebakuntza gelan edo bertara eraman aurretik gela berezi batean administratzen da.

Anestesia orokorra zain bidetik administratutako farmako baten bidez edo anestesiko hegazkor bat arnastuz induzi daiteke. Zain bidetik injektatzen denean farmakoa, azkarrago lortzen da anestesia. Honekin anestesiaren kitzikapen aldia ekiditen da eta horrela, anestesiaren indukzioak dituen zailtasunak murrizten dira. Anestesistak arnas indukzioa erabiltzea erabaki dezake bide parenteralak aurkitzeko zailtasunak daudenean edo gaixoak horrela nahiago duelako (esaterako umeetan).

Zain bidetik gehien erabiltzen direnak propofola, sodio tiopentala, etomidatoa eta ketamina dira. Arnas bidetik aldiz, sebofluranoa, beste gas batzuek baino narritadura gutxiago sortzen duelako.

Mantenua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireztapenerako anestesian erabiltzen den maskara

Zain bideko anestesikoen iraupena 5-10 minututakoa izaten da, horren ondoren pertzepzioa berez berreskuratzen da. Ebakuntzak dirauen bitartean anestesia mantendu egin behar da ordea. Normalean hau, gaixoak oxigeno, oxido nitroso eta anestesiko hegazkor baten nahasketa arnastuz lortzen da. Hauek biriketatik odolera eta bertatik garunera iristen dira gaixoa lo mantenduz. Beraiekin batera zainbarneko anestesikoak erabiltzen dira osagarri moduan, opiazeo eta sedagarri hipnotikoak. Ebakuntza amaitu ondoren, anestesikoen administrazioa eten egiten da. Anestesikoaren kontzentrazioa garunean maila batetik behera dagoenean, pertzepzioa berreskuratuko du gaixoak (normalean 1-30 minutu barru, aldakorra baita kirurgia motaren arabera).

Aurreko mendeko 90. hamarkadan anestesiaren mantenurako metodo berri bat garatu zen Glasgow-n, Erresuma Batuan. TCI (Target Controlled Infusion edo helburu kontrolatuko infusioa) izena eman zitzaion eta bertan ordenagailuz kontrolatutako xiringa bat erabiltzen da propofolaren infusiorako ebakuntzak dirauen bitartean. Honela, ez da anestesiko hegazkorren beharrik eta farmako kantitate zehatzagoa erabiltzen da. Metodo honek hainbat abantaila ditu; anestesia ondorengo errekuperaketa azkarragoa da, ebakuntza ondorengo goragale eta gorakoak murriztu egiten dira eta gainera, hipertermia gaiztoa izateko arriskua gutxitzen da.

Anestesiatutako gaixoei beste farmako batzuk ere ematen zaizkie eragin desiragaitzak tratatu edo konplikazioak ekiditeko. Farmako hauen artean daude antihipertentsiboak hipertentsioaren tratamendurako, efedrina eta fenilefrina bezalako farmakoak hipotentsioarentzat, albuterola asma tratatzeko edo epinefrina eta difenhidramina erreakzio alergikoak tratatzeko. Batzuetan glukokortikoide edo antibiotikoak erabiltzen dira hantura eta infekzioak prebenitzeko, hurrenen hurren.

Paralisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Blokeatzaile neuromuskular baten bidez paralisiaren indukzioa anestesia modernoaren parte da. Helburu honekin erabilitako lehen farmakoa kurarea izan zen, 40. hamarkadan. Gaur egun, eragin desiragaitz gutxiago dituzten eta iraupen laburragoa duten farmakoengatik ordezkatua izan da.

Paralisiak anestesia sakonik gabe gorputzeko barrunbe handien kirurgia baimentzen du, esaterako abdomen edo toraxarena. Intubazio endotrakeala errazteko ere erabiltzen da.

Azetilkolina neuronek askatzen duten eta muskuluen uzkurketa eragiten duen neurotransmisore naturala da. Blokeatzaile neuromuskularrek azetilkolina hau bere hartzaileekin lotzea galerazten dute, bere eragina blokeatuz.

Arnasa hartzeko beharrezkoak diren giharren paralisiak, hau da, diafragma eta toraxeko saihetsarteko muskuluenak, arnasketa artifiziala beharrezkoa bihurtzen du. Laringeko muskuluak ere paralizatu egiten direnez, hodi endotrakeal baten bidez babestu behar dira arnas bideak.

Paralisiaren zainketa nerbio periferiko kitzikatzaile baten bitartez egitea errazagoa da. Etenkako gailu honek pultsu elektriko laburrak bidaltzen ditu larruazalean zehar nerbio periferikoraino, honek muskuluaren uzkurketa aztertzen duen bitartean.

Muskulu erlaxatzaile hauen eraginak farmako antikolinergikoen bidez iraultzen dira, azetilkolinaren hartzaileekin lotzen baitira modu itzulgarrian.

Gaur egun erabiltzen dira muskulu erlaxatzaileen zenbait adibide pankuronioa, bekuronioa, atrakurioa, mibakurioa eta sukzinilkolina dira.

Arnas bideen kontrola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anestesia orokorrak eragindako pertzepzio ezak, arnas bideen babesle diren erreflexuen (eztula), arnas bideen iragazkortasunaren eta zenbait kasutan anestesiko, opiazeo eta erlaxatzaile muskularren eraginez, arnasketa patroiaren galerak dakartza.

Arnas bide bat irekita mantendu eta aldi berean arnasketa parametro egokien barnean erregulatzeko, gaixoa lokartu eta gero "arnasketa hodi" bat jartzen zaio arnas bideetan. Aireztapen mekanikoa baimentzeko, hodi endotrakeala erabiltzen da (intubazioa), hala ere maskarak ere erabil daitezke.

Zainketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zainketan teknologia desberdinak erabili behar dira indukzioa, mantenua eta anestesia orokorra modu egokian kontrolatzeko.

  • Elektrokardiografia jarraia. Bihotz maiztasuna eta erritmoa kontrolatuko dituzten elektrodoen kokapena. Hau anestesistarentzat bihotzaren iskemiaren lehen zeinuak identifikatzeko lagungarria izan daiteke.
  • Pultsu oximetria jarraia. Gailu honek, normalean gaixoaren behatz batean kokatzen denak, hemoglobinaren oxigeno asetasunaren (hipoxemia) jaitsiera goiztiarraren berri ematen du.
  • Presio arterialaren kontrola. Gaixoaren presio arteriala neurtzeko bi metodo daude. Lehenengoa eta ohikoena, ez da inbasiboa. Gaixoaren beso edo zangoan presio arteriala neurtzen duen gailua jartzean datza. Honek, ebakuntzan zehar presio arteriala neurtuko du aldian behin. Bigarren metodoa inbasiboa da. Hau bihotzeko edo biriketako gaixotasun esanguratsuak dituzten gaixoekin erabiltzen da, batez ere bihotz kirurgian, transplanteetan edo odol galera handiak espero direnean. Presio arterialaren kontrola gaixoaren kateterrean jartzen den plastiko berezi baten bidez egiten da, normalean eskumutur edo izterrondoan.
  • Anestesikoaren kontzentrazioaren neurketa. Arnas bidetik hartutako anestesikoaren (sebofluranoa, isofluranoa, desfluranoa, halotanoa...) portzentajea neurtzeko makina arruntak.
  • Oxigeno faltaren alarma. Gaixoaren oxigeno horniketa baxuegia bada, alarmaren segurtasun kopia bat dute ia zirkuitu guztiek. Hau gaixoak arnastutako oxigenoaren portzentajea giro tenperaturarena baino %21 baxuagoa denean nabaritzen da. Hau gertatuz gero, anestesistak beharrezko neurriak hartuko lituzke.
  • Zirkuituaren deskonexio alarma. Gaixoa aireztapen mekanikoarekin dagoenean presio jakin bat lortzeko ezintasuna adierazten du.
  • Karbono dioxidoaren neurketa (kapnografia). Gaixoaren biriketatik botatako karbono dioxido kantitatea neurtzen du. Anestesistari aireztapena egokia den erabakitzen laguntzen dio.
  • Tenperaturaren neurketa. Hipotermia edo sukarra dagoen jakiteko eta hipertermia gaiztoaren detekzio goiztiarrerako.
  • Anestesiaren sakontasuna baieztatzeko sistema. Baliteke gaixoa mentalki esnatzea baina ez mugitu ahal izatea, paralizatzen duten farmakoak dituelako. Honekin hau ekidingo da.

Anestesiaren aldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anestesiaren lau aldiak 1937an deskribatu ziren. Gaur egun erabiltzen diren farmako eta teknikek anestesiaren errekuperaketa azkarragoa eta segurtasun marjin handiagoa lortu badituzte ere, oinarri hauek mantendu egiten dira.

Lehenengo aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anestesia. Indukzio bezala ere ezagutzen da, farmakoen lehen administraziotik pertzepzioaren galera induzitzen den momentura arteko aldia da. Bertan gaixoa amnesia gabeko analgesiatik amnesiadun analgesiara pasatzen da. Une honetan gaixoa hitz egiteko gai da.

Bigarren aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anestesia. Kitzikapen aldia bezala ere ezaguna, pertzepzioaren galeraren ondorengo aldia da non eldarnioa eta zirrara diren nagusi. Aldi honetan arnasketa eta bihotz maiztasuna irregularrak izan daitezke. Gainera, nahigabeko mugimenduak, gorakoak eta begininiaren zabalkuntza ager daitezke. Hauek guztiak arnasketa arriskuan jar dezaketenez, aldi honen denbora laburtu eta lehen bailehen hurrengo aldira igarotzeko ekintza azkarreko farmakoak erabiltzen dira.

Hirugarren aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anestesia kirurgikoa. Aldi honetan gaixoaren muskulu eskeletikoa erlaxatu egiten da eta arnasketa lasaia bihurtzen da. Kirurgia has daiteke.

Laugarren aldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anestesia. Gaindosi bezala ere ezaguna, aldi honetan gaixoari farmako gehiegi eman zaio. Arnasketaren etetea eta kolapso kardiobaskularra gertatuko dira, hilgarria izango da laguntzarik izan ezean.

Ebakuntza ondorengo zainketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebakuntza ondoren hotzikarak izatea ohikoa da. Kirurgia ondoko mina handitu eta eragozpenak sortzeaz gain, oxigenoaren kontsumoa, katekolaminen askapena, gastu kardiakoa, bihotz maiztasuna, presio arteriala eta begi barneko presioa handitzen dituela frogatu da. Hau ekiditeko neurri desberdinak hartzen dira, esaterako, giro tenperaturaren igoera (bai aire beroa erabiliz, bai gaixoa estalki beroekin estaliz edo baita zainbarneko likidoak erabiliz ere).

Anestesiaren amaiera ebakuntza ondorengo mina lasaitzeko plan batekin ematen da. Horretarako farmako analgesikoak erabiltzen dira, aho bidetik, larruazalpetik edo zain-barnetik. Ebakuntza txikietan parazetamola edo ibuprofenoa bezalako farmakoekin nahikoa izaten da. Oinazea handiagoa denean tramadola bezalako opiazeoak erabiltzen dira (gogorrak ez direnak).

Ebakuntza kirurgiko handietan farmako desberdinen konbinaketak erabil daitezke mina tratatzeko. Farmako horietako bat morfina izan daiteke (opiazeo gogorra).

Anestesia orokorraren adibide bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anestesia orokorrean farmako desberdinen konbinaketak ematen dira, farmako horietako batzuk hainbat alditan ematen dira, anestesiaren aldi desberdinetan helburu zehatz batekin. Hona hemen anestesia orokorraren benetako adibide bat:

Aurre-anestesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Midazolam. Ekintza laburreko bentzodiazepina da, hartzaile gabaergikoak indartzen dituena. Hipnotikoa, antsiolitikoa, antikonbuntsionatzailea eta muskulu erlaxatzailea. Kirurgia aurrean erabiltzen da sedatzaile gisa.
  • Fentaniloa. Anestesiko orokor injektagarria. Analgesiko opiazeoa da. Anestesia eta sedazioa eragiten ditu. Aurremedikazioan erabiltzen da.
  • Droperidola. Neuroleptikoa. Eragin sedagarri handiko antipsikotiko eta antiemetikoa. Neuroleptoanalgesian fentaniloarekin asoziatuta dago, gaixoa ez dago anestesiatuta baina ez du minik.
  • Atropina. Antagonista kolinergiko muskarinikoa. Muskulu leunaren espasmoak murrizten ditu eta guruinen jariapenak gelditu. Aurreanestesiarako prestakuntzan erabiltzen da.

Indukzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Propofola. Anestesiko orokor injektagarria. Anestesia orokorraren indukzio eta mantenurako. Fentaniloarekin batera emanez, elkarrekintza farmakologikoak ematen dira eta propofolaren kontzentrazio plasmatikoak igotzen dira, neuroleptoanestesia lortuz.
  • Sukzinilkolina. Erlaxatzaile muskularra. Blokeatzaile neuromuskular despolarizatzailea da. Kirurgian muskulu eskeletikoaren erlaxazioa eragiten du eta intubazio endotrakeala egiteko erabiltzen da.

Mantenua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Fentaniloa. Neuroleptoanestesiaren bidez anestesiaren mantenua ahalbideratzen du.
  • Bekuronio bromuroa. Blokeatzaile neuromuskular ez despolarizatzailea da. Azetilkolinaren hartzaileak modu lehiakor eta itzulgarrian blokeatzen ditu. Anestesia orokorraren laguntzailea da. Beste blokeatzaile neuromuskularren eragin eta toxikotasuna handitzen ditu eta anestesiko orokorrek bere eragina indartzen dute.
  • Propofola. Neuroleptoanestesiaren bidez, anestesiaren mantenua.

Post-anestesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Prostigmina. Agonista kolinergikoa. Azetilkolinesterasa (azetilkolina metabolizatzen duen entzima) modu lehiakorrean inhibitzen du, honela azetilkolinaren kontzentrazioak igo eta hartzaile nikotinikoak aktibatzeko. Parasinpatikomimetikoa da eta blokeo neuromuskularra kentzeko balio du.
  • Atropina. Hartzaile nikotinikoak aktibatzen ditu jariapen bronkialak murrizteko.
  • β-laktato. Desoreka elektrolitikoa ekiditeko. Oreka osmotikoa mantendu eta elektrolito maila egokia mantentzen laguntzen du.
  • S. Glukosatua. Kirurgiaren ondoren gorputza berriro hidratatzeko.
  • Oxido nitrosoa. Anestesia mantententzen laguntzen du baina aurreko anestesikoen mailak jaitsiz. %60-tik behera egon behar du bestela oxigenoa desplazatzen duelako.

Heriotza tasak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean, anestesia orokorrarekin miloi bat administrazioko bost heriotza izaten dira. Heriotza hauek odoljario handi, sepsi eta organoen (bihotz, birika, gibel, giltzurrun) akatsekin erlazionatuta egoten dira. Anestesiarekin zuzenean erlazionatutako heriotzen arrazoi nagusiak ondokoak dira:

  • Urdailaren edukiaren aspirazioa
  • Asfixia (arnas bideen kontrol desegokiagatik)
  • Anestesiak sortutako erreakzio alergikoak
  • Giza akatsa
  • Anestesia ekipoen matxura

1980ra arte Estatu Batuetan 10.000 administrazioko heriotza bat egoten zen, beraz, arrisku esanguratsua zuen anestesiak. Honek eztabaida ikaragarria sortu zuen gizartean, eta hortik aurrera anestesiaren akatsen arrazoiak ulertu eta emaitzak hobetzeko ahalegin handia egin zen. Gaur egun, anestesia garai hartan baino hamar aldiz seguruagoa dela uste da. Hala ere gai polemikoa izaten jarraitzen du honek, Estatu Batuetan ez baitira honi buruzko datuak argitaratzen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]