Animalien eskubideak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Animalien eskubideak sarri urratuak direla salatzen dute askok. Irudian, toreatzaile batek hil egin behar duen zezen bat.

Animalien askapena edo animalien eskubideak pentsamendu eta jarrerak animaliak indarkeriarik gabe eta aske bizitzea aldarrikatzen du. Ildo horretatik, animaliak eta gizakiak [1]eskubideetan parekatu eta animaliak gizakien janaritarako, lanerako edo esperimentazio zientifikorako erabilpenetik, eta zenbaiten ustez jabetza-gai izatetik ere, askatu behar direla defendatzen du. Animalien eskubideen defentsak animalien ongizate izeneko jarrera alternatiboa gainditu egiten du. Izan ere, animalien ongizateak animaliekiko tratu txarrak gaitzetsi eta animalien oinazea baztertu egin behar dela defendatzen du, baina aldi berean onartu egiten du animalien erabilpena gizakien mesedetarako.

Gizartean eztabaida dago animaliek eskubideak dauzkaten edo edukitzekotan, nolako eskubideak diren. Filosofian, animalien eskubideak etika-galdera sakonak planteatzen dituen arazo bat dira, gizakiaren izaeraren inguruko hausnarketa eta pertsonaren definizioari buruzko jarrera garbia eskatzen duena. Animalien eskubideak defendatzen dituztenek gizakia eta animaliak parekoak izan eta funtzio fisiologiko berdinak (oinazea, oroimena, ...) dituztela eta, beraz, analogiaz, gizakiek eta animaliek eskubide berdinak izan behar dituztela defendatzen dute. Animalien eskubideak defendatzen dituzten teorikoen artean Peter Singer eta Tom Regan filosofoak nabarmentzen dira.

Beste jarrera batek aintzat hartzen ditu animaliak moralaren aldetik, baina animaliak beraien aldetik beste animalia edo gizakien eskubideak errespetatzeko gauza ez direnez, animalien eskubideak mugatuak direla defendatzen du. Horrela, gizaki eta animalien arteko interesak kontrajartzen direnean, gizakien alde egin behar dela defendatzen dute tarteko jarrera honetako jarraitzaileek. Ildo horretatik, eztabaida dago animaliekiko tratu zuzena eta begirunezkoa justizia eta eskubideengatik edo zor zaien errukiagatik izan behar den.

Animalien status morala edo gizaki eta animalien eskubide berdintasuna ukatzen duen jarreraren argudioak animalien ezaguera, sentimendu, edo kontzientzia-ezarekin loturik izaten dira. Gizakia gizaki izateagatik animaliak baino eskubide gehiago dituela edota animaliak gizakiaren mendean izan behar direla diotenen iritziak espezismo izeneko jarreran kokatzen dira. Gizakia animaliaren gainetik dagoela onartzen dutenen artean badira ere animaliekiko tratu txarrak gaitzesten dituztenak, baina azken finean tratu txarrak eragiten dituen pertsonaren moraltasunaren aurkako ekintzak direlako, animalia pertsonaren azpian jarriz betiere. Azken argudio hauek defendatu dituztenen artean Tomas Akinokoa eta Kant daude [2].

Historian zehar, zibilizazio eta kultura zein den, hainbat eratan gauzatu dira animalien eskubideak. Animismoan animaliak sakratuak eta pertsona eta jainkotzat hartuak dira. Pentsamendu modernoaren aitzindaria izan zen Descartes filosofoak animaliak automata hutsak zirela baieztatu zuen eta gizakiari leku nabarmena egotzi unibertsoan. Erlijio- eta filosofia-tradizio nagusiak animaliak gizakiaren azpiko maila batean jarri eta gizakiaren mendean jarri ditu eta animaliek egun jasaten duten erabilpenaren jatorrian dago. Animalien egungo mendekotasun eta erabilpena hau guztiz krudela da kasu anitzetan: abelzaintza intentsiboan animaliak egoera larrian egoten dira, toki itxietan eta euren berezko garapena errespetatu gabe, askotan beraien osasunaren kaltetan; saiakuntza edo esperimentazio-laborategietan, gaixotasunak eragiten zaizkie euren erreakzioak ikertzeko; konpainia-animalia moduan ere, animaliak euren inguru naturaletik erauziak izaten dira gehienetan, jolasgarri edo kirol moduan askotan animaliak akabatu egiten dira, hala nola zezenketa-mota zenbaitetan.

Animalien eskubideei buruz ardura zabaldu da gizartean eta ondorioz, animalien pairamena salatzen duten hainbat herri ekimen eta elkarte sortu dira. Kezka horri erantzun nahian, estatuek animalia banakoen babeserako legeak plazaratzen hasi dira. Lege hauek, ordea, animalien ongizateari buruzkoak dira gehienetan dira, animalien eskubideen urraketaren oinarrian dagoen animalien jabegoa zalantzan jarri gabe.

Animalien eskubideen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Greziako filosofoen artean jarrera ezberdinak zeuden animalien izaera eta eskubideei buruz. Aristotelesek animalien izaera zentzumen eta bestelako jarduera fisiologikoetan gizakiaren parekoa zela aitortu arren, animaliak modu instrumentalean hartzen zituen, esklaboak bezala, gizakiaren mendean izateko sortu eta eratuak [3]. Pitagorasek, ordea, haragirik ez jateko ikasbidea eman zuen, gizaki, animalia eta landareen arimen transmigrazioa gertatzen dela pentsatzen baitzuen.

Tradizio judu-kristauan, ordea, moral antropozentriko bati jarraiki, animaliak gizakiaren mesedetarako daude. Horrela ezartzen da Bibliako Itun Zaharrean[4]:

« Jainkoak esan zuen: «Egin dezagun gizakia; izan bedi gure irudiko, gure antzeko; mendera ditzala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, abereak, basapiztiak ta lurrean narraska dabiltzan piztia guztiak». »

Hasiera. 1-26.


Hinduismoak eta budismoak, ordea, animaliekiko erabateko errespetua zabaldu zuten ahimsa izeneko indarkeria-ezaren etikarekin ados, haragirik ez jateko agindua ematearekin batera. III. eta IV. mendeetan gailendu zen manikeismoak ere animalia eta landareekiko errespetua agintzen zuen. Aitzitik, Erdi Aroan Eliza Katolikoaren pentsamenduan nabarmendu ziren Agustin Hiponakoak eta Tomas Akinokoak animaliak gizakiaren zerbitzura sortuak direla defendatzen jarraitu zuten. Biblian animaliekin indarkeriaz jokatzeko debekuei buruz agintzen direnak justifikatzeko, modu horretan gizakiak gizakiekin ere indarkeriaz jokatzeko balizko joera ekiditeko dela baieztatu zuen Tomas Akinokoak[5]. Argudio hau maiz erabiltzen da egun ere animalien ongizatearen defendatzaileen artean. Erdi Aroko beste pertsonaia katoliko nabarmen bat Frantzisko Asiskoa izan zen, egun santu dena: animaliak eta bestelako izakiekiko erakutsi zuen errukia eta natura osoko izakiak jainkoak sortu eta maitatu behar zirela baieztatu zuen. Beste batzuen iritziz, ordea, jainkoak gizonaren zerbitzura eta gozamenerako jarritakoak zirelako defendatu zituela interpretatu behar da [6].

Dena den, Erdi Aroko Europan azaldu ziren animalien erabileraren inguruko lehenengo debekuak, zehatzago hartz eta zezenen aurka egiten ziren jazarpen eta oilarren borroken inguruan. Debeku hauek animalien pairamena ezabatu baino ordena publikoa bermatzeko plazaratu ziren, ordea [7]. Pizkundeak ekarri zuen korronte humanistak, gizona lehenetsi eta ez zuen ondorioz ekarri animaliekiko kezka, salbuespen zenbait kenduta: Leonardo da Vinci begetariano bihurtu animalien sofrimneduaz kezkaturik, eta Michel de Montaignek Krudeltasunaren gainean izeneko entsegua idatzi zuen animalien berezko eskubideen alde.

Animalia eta gizakien izaera erabat bereizi egin zituen René Descartes XVII. mendeko filosofoak. Descartesek animalien izaera eta bizitza era mekaniko huts batez azal daitekeela uste zuen, kontzientzia edo bestelako giza kontzepturik erabili gabe. Gizakiak, animaliak ez bezala, arima dauka, pentsatu egiten du, eta pentsamendu hori adierazteko mintzairaren ahalmena ere badu. Aldi berean, ordea, animalien krudelkeriaren aurkako lehenengo legeak, animalien eskubideetan oinarrituta, Aro Modernoan plazaratzen hasi ziren, 1641 urteko Massachusettseko Askatasun-Arautegia izenekoa kasu.


Ilustrazioak animalien eskubideen defendatzaile nabarmenak ekarri zituen. Jean-Jacques Rousseau eta Voltaire animalien babesaren alde egin zuten, seguru asko kleroaren antropozentrismoaren aurkako erreakzioaz. Jeremy Bentham filosofoa izan zen XVIII. mendean animalien eskubideak defendatzaileen aitzindaria. Arrazoimenaren irizpidea baztertu, eta animalien pairamena ezarri zuen animalien eskubideak defendatzeko irizpide gisa. Bere esanetan, gizaki eta animalien ezaugarri nagusia oinazea ekidin eta atsegina eta gozamena bilatzea da eta alde horretatik parekatu egin zituen eskubideei buruz. Gizakien eta animalien arteko harremana utilitarismoaz bideratu behar dela zioen, erabaki bakoitza munduan sortzen duen zoriona edo atsekabea kalkulatuta hartu behar dela defendatuz. Charles Darwin zientzialariak planteatu zuen eboluzio-teoriak ikuspegi berria jarri zuen gizakiak eta animaliak parekatzean. Animalien eskubideak errespetzatzeko oinarri zientifikoa jarria zegoen. Hala ere, XX. mendeak historian izandako animaliekiko tratu krudelena ekarri zuen, laborategietako esperimentazioaren eta granja industrialen bitartez. Animalien babeserako sortutako elkarteen lana indargabetu eta konpainia-animaliak zaintzera mugatu da, granja eta laborategietako egoera salatzeko behar zen ekintza politikoa ekiditeko.

Animalien eskubideen aldeko mugarri garrantzitsu bat Peter Singer australiar filosofoak idatzitako Animal liberation (euskaraz, Animalien askapena) liburua izan zen. 1976an Animalien Askapenerako Frontea izeneko erakunde klandestinoa sortu zen, animaliak modu klandestino eta legea hautsiz animaliak eta abereak askatuz laborategi eta abeletxeetatik eta animaliak aske bizitzeko lekuak zabalduz. 1980 urtean PETA People for the Ethical Treatment of Animals erakundea sortu zen, bere esanetan egun animalien, eskubideen alde munduan jarraitzaile gehien dituen erakundea. XXI. mendearen hasieran, PETA erakundeak bi milioi kide biltzen ditu.

Animalien Eskubideen Aldarrizkapen Unibertsala 1977ko irailaren 23an plazaratu zen Londresen, UNESCO eta Nazio Batuen Erakundearen onespena jaso ostean. Bertan, animalia guztiak, gizakia barne, parekatu eta animalien eskubideen zerrenda osatzen da[8]:

« Gizakia, animalia bera ere, ezin du beste animaliak sarraskitzeko eskubidea bere gain hartu, ez eta haieik esplotatzekoa ere. Bere ezagutza animalien zerbitzura jartzeko betebeharra du. »

—Animalien Eskubideen Aldarrizkapen Unibertsala: 2b artikulua


2010eko uztailaren 28an Kataluniako Parlamentuak zezenketak debekatzea erabaki zuen. Erabakiak mundu osoan oihartzun zabala izan zuen eta Euskal Herrian antzeko erabakiak hartzeko atea zabaldu zuen.

Antiespezismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antiespezismoa espezismoaren kontrako eta animalien askapena bilatzen duen pentsaera filosofiko eta jarrera da. Espezismo terminoa (speciesism, ingelesez) 1971n erabili zuen lehen aldiz Richard D. Ryder psikologoak «Experiments on Animals» izeneko artikuluan. 1986an Oxford ingeles hiztegian honela definitu zuten: «Gizakia gainerako izakien gainetik dagoela pentsatzearen onarpena, zeinak animalien esplotazioa ahalbidetzen duen». Peter Singerrek, aldiz, bere Animal Liberation” liburuan, gure espezieko kideon interesen aldeko eta gainerako espezieen interesen aurkako jarrera edo aurreiritzi partziala dela dio.

Gizakiz haragoko animaliek, gizakiok bezala, nerbio sistema zentrala dute eta honek sentitzeko gaitasuna ematen die. Hau da animalia guztiak berdintzen gaituena, era berean, landareengandik banatuz, batzuen ustez bizitzeko interesa duten arren, ez dutelako sentitzeko gaitasunik eta, beraz, ez dutelako ez sufritzeko borondaterik. Honetan oinarritzen da sensozentrismoa bere subjektua determinatzeko. Beraz, antiespezismoak animalien ongizatea kritikatzen du eta haratago doa, animalia guztiak subjektu bezala aldarrikatuz. Jarrera honek dio espezismoa kapitalismoa sostengatzen duen jazarpen sistemetako bat dela antropozentrismoan oinarritzen dena, non kolektibo batek beste batekiko (gizakiok, gainontzeko animaliekiko) menperatze estruktura materiala ezartzen baituen. Honen kontra borrokatzen du antiespezismoak.

Animalien eskubideen etika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berdintasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalien eskubideen izaera eta gizakien eskubideena ezberdinak izan behar direla defendatzeko animaliak eta gizakiak ezberdinak direla argudiatu izan da, animaliak eta gizakiak modu berean inolaz ere ezin direla babestu gaineratuz. Argudio honen aurka, animalien defendatzaileek gizakien beraien arteko ezberdintasunak ere aipatu dituzte: ezberdinak izan arren, eskubide berdinak dituzte. Zehatzago, gizakien berdintasuna aldarrikatzeko arrazoirik ez dagoela aipatu da, pertsonek ahalmen eta gogo ezberdinak dituztelako eta gizartean betebehar eta lehentasun ezberdinak ditizte, baina eskubideen planteamenduan errespetu berdina merezi dute guztiok. Argudio hau animaliengana zabalduz, animalien eskubideen defentsa sustatu da. Ildo horretatik, berdintasunaren printzipioak animaliak eta gizakiak zertan berdindurik ez duela aipatu da [9].

Animalien eta gizakien ezberdintasunak finkatzerakoan, gizakiak animalia arrazionalak direla aipatu da. Historian, arrazoio erlijiosoak ere nabarmendu dira, kristautasunean esaterako, gizakia Jainkoaren irudiko eta antzeko dela esaten da. Jeremy Bentham izan zen eskubideak ezartzean arrazoimena baztertu eta pairamena ezarri zuen irizpide nagusi gisa:

« Ez diogu geure buruari galdetu behar: ahal dute arrazoitu?, ezta ere, ahal dute mintzatu?, baizik eta, ahal dute sofritu? »

Introduction to the Principles of Morals and Legislation (1780)


Argudio honen alde, adimen urriko pertsonak eskubide osozko pertsonatzat hartzen direla aipatu da eta badirela animaliak, izurdeak, zaldiak edo txakurrak esaterako, egoera berezietan dauden pertsona asko baino adimentsuagoak direnak. Pairamenaren irizpidea onartuta ere, badira animalien pairamena eta gizakiena ezberdinak direla diotenak. Descartesen pentsamendua, non animaliak automatatzat hartzen diren, dago pentsamendu honen oinarrian, baina ikerketa zientifikoek eta ebidentziak ere garbi erakusten dute animalia asko (hegaztiak eta ugaztunak, zalantzarik gabe) oinazearen aurka gizakien erreakzio fisiologiko berdintsuak izaten dituztela [10].

Beste arazo etiko bat planteatzen da bizitzeko eskubidea eztabaidatzean. Giza bizitza beste animalien bizitzaren gainetik kokatu eta gizakiaren bizitza ukiezina dela baieztatzen duen jarrerari espezismo deritzo. Espezismoaren aurka muturreko adibideak azaldu ohi izan dira, adimen eta zentzumenik gabe dauden pertsonak, oinaze handiak dituen pertsona baten bizitza ala animalia baten bizitza salbatzerakoan, askotan animaliaren alde egitea zuzenena dela aipatuz. Animalien eskubideak defendatzen dituztenen aldetik, ordea, argi uzten da argudio honen bitartez ez dela animalien bizitza gainetik jartzen, baizik eta bizitza guztiak berdinak ez direla nabarmendu. Horrela, gizakiak etorkizuna, gogoak, asmo eta proiektuak izaten ditu egoera gehienetan eta bata ala bestea, gizakia ala animalia motako erabaki hartzean, gizakiaren alde egin beharko genuke [11].

Kant filosofoak, berriz, gizakiak eta animaliak bereizteko arrazoi nagusi moduan, borondatea ezarri zuen. Kanten arabera, animaliak ez dira borondatea duten izakiak eta beraz, ezin dute borondate onik izan, morala borondate ona duten izakietan oinarritu behar baita. Horrela, animaliak eskubiderik gabeko izakiak dira eta babesa izatekotan, animaliekiko tratu txarrek gizakiarengan berarengan ekar ditzaketen ondorioei begiratu behar zaie.[2][12]

Beste alde batetik, eztadabaigarria da ere animalien eskubideak obligazioekin batera uztartu behar diren. Animalien eskubideen aurka, animaliek beraiek beste animaliak eraso eta jan egiten dituztela argudiatu da. Animalien eskubideen alde, animaliek beste animaliak hilo egin behar ditiztela baieztatzen da, euren senak hala agintzen dielako eta janaritarako egiten dutelako; gizakiak, aitzitik, alternatibak ditu animaliekin bakean bizitzeko, animalien haragia ez baitira ezinbestekoak janaritarako. Eztabaida honetan, gizakiak animalietaz profitatzearen bidezkotasuna natura bera aldarrikatuz defendatzen da, naturala baita animaliak beste animaliak jatea eta aldi berean gizakiak ere animaliak jatea. Horren aurka, gerra, esaterako, naturala ere badela, baina hala ere, gaitzesgarria dela baiezta daiteke. Natura bera jakintsua den arren, gizakiok geure irizpidea eduki behar dugu naturari jarraiki edo ez jokatu behar dugun erabakitzeko[13].

Oreka baterakorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animaliekiko teoria moral bat eratzeko ohiko irizpide bat oreka baterakorra da [14]. Irizpide honen arabera, animalien eskubideak planteatzerakoan giza-zentzuak dionetik abiatu behar da teoria moral osatzeko. Horrela, teoria moralaren printzipioak zentzuarekin bat datozen aztertu eta ezezkoan teoria moralaren inguruko hausnarketa egin beharko da, zentzuaren planteamenduekin bat etorri arte, edota bestela zentzuaren planteamenduren baten aurka egin. Animalien eskubideei dagokienean, zentzuak edo iritzi orokorrak animaliek eskubide mugatuak dituztela dio, gizakiak dituen eskubideen azpitik. Beraz, osatu beharreko teoriak iritzi orokor hori ulertu eta zentzu horrekin bat etortzeko ahaleginak egin behar ditu. Animalien eskubide defendatzaile sutsuenak ere, Tom Regan eta Peter Singer kasu, euren teoriak modu horretan eratzen saiatu dira.

Kontraktualismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontraktualismoari jarraiki, justizia eta morala banako arrazionalek, euren adina, sexua, arraza, adimena eta bestelako ezaugarriak ezagutu gabe, adostuko lituzketen arauek osatu beharko lituzkete. Horrela, erabateko ezjakintasunean, banakoak izaki arrazional guztiak biltzen dituzten arauak eman eta eskubideak ezarriko lituzkete, besteak beste euren buruak babesteko. Animaliak itun horretan zer esan eta eginik ez dutenez, itunetik kanpo geratuko lirateke eta beraz, eskubiderik gabe. Horrela, kontraktualismoa animaliek eskubiderik ez dutela defendatzeko erabili izan da. Animalien babesa eta ongizatea bai direla zilegi teoria honen arabera, gizakiek beraiek onartu egingo luketelako animalientzako tratu bidezkoa. Teoria hau defendatu dutenen artean Peter Carruthers dago, The Animals Issue liburuarekin.[2]

Utilitarismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Utilitarismo izeneko teoriaren arabera, ekintza bakoitzaren moraltasunaz zuzen erabakitzeko, ekintza horrek munduan sortzen duen zorion edo atsekabe globala neurtu behar da. Globalean, zoriona sortzen bada, ekintza hori burutu behar da; atsekabea sortzen badu, ekintza aurrera eramatea gaizki litzateke. Balorazioa zirkunstantzia horietan interesik ez duen behatzaile batek egin beharko luke, homogeneotasunez eta berdintasunez jokatzeko. Kritika zenbait egin zaizkio utilitarismoari. Hauen artean, izaki bakan batzuen pairamena askoren gozamenaz onar daitekeela argudiatzen du. Zirkunstantziak zein diren mota bereko bi ekintza onartu zeinu katu daitezkeela ere arbuiatu da. Konponbide gisa, ekintzen utilitarismoa ez, baizik eta arauen utilitarismoa garatu behar dela adierazi da. Aldi berean, utilitarismoak pertsona eta animalia ez dituela babesten aipatu da [15].

Animalien zeharkako eskubideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalien eskubideak gizakien ikuspuntutik defendatzen direnean, zeharkako teoria bat planteatzen dela esaten ari da. Kontraktualismoa zeharkako teoria da, animalien babesa gizakiengandik sortzen dela adierazten baitu. Izan ere, kontraktualismoan txakurrak gaizki tratatzeko debekua adosten bada, txakur hori norberarena izan daitekeelako adosten da eta ez txakurraren beraren eskubidea delako. Bestelako zeharkako teoria baten arabera, animaliekiko betebeharrak ezartzean, gizatasunarekiko betebeharrak ezartzen ari dira:

« Gizaki baten bihotza animaliak nola tratazen dituen epa daiteke. »

Tom Regan eta Peter Singer (1989): Animal Rights and Human Obligations

.

Animalien eskubideen zeharkakotasuna ukattzeko argudioetako bat gizaki zenbaiten muturreko egoerak dira. Argudio honen arabera, arrazoimena, sentimenduak eta gizakiek izaten dituzten beste ezaugarriak ez edukitzegatik animalien eskubideak ukatu behar badira, haur txikien, adimen urrikoen, gaixo larrien eta beste egoera berezietan dauden gizakien eskubideak ere ukatu beharko lirateke. Gizaki hauen eskubideak gehiengoak zalantzarik gabe onartzen dituenez, animalien eskubideak ere ez lirateke ukatu behar. Argudio honen aurka gizakia animalien gainetik dagoela adierazi da, arrazoi erlijiosoak edo espezismoa aldarrikatuz eta haurrak arrazionalak ez badira ere, arrazionalak izango direla. Buruz gaixorik dauden agureen kasuan, gaztetan zituzten asmo eta gogoengatik defendatu behar direla aipatu da.

Filosofo zenbaitek, hala nola Kant zeharkako eskubideen alde emandako beste arrazoi bat animaliekiko tratu txarrek gizakiekiko tratu txarrak egitera bultza dezakeelakoan datza. Argudio honek duen kontraesan gisa, animaliekiko jokabidea gizakiekin errepikatzean gaizki badago, berez gaizki dagoelako da. Izan ere, pertsona batek animaliak gaizki tratatzen baditu, baina aldi berean pertsona-animalia muga guztiz errespetatzen badu, zergatik salatu behar da bere jokabidea? Jokabide hori berez okerra delako.

Horrela, animalien eskubideen defentsarako argudioak bi multzoetan saila daitezke. Multzo batean, animalien eskubideen urraketak ekar ditzakeen ondorioei behatzen die, utilitarismo izeneko doktrinari jarraiki, Jeremy Bentham filosofoak defendatutakoaren arabera, edo Kantek emandako argudioari kasu eginez. Bestean, animalien eskubideak berezkoak direla eta inongo justifikazio praktikorik behar ez dutela defendatzen dutenak daude.

Etika praktikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haur eta animalien arteko errespetu eta maitasunezko harremanak sustatzea animalien eskubideak etorkizunean defendatuak izan daitezen aukera garrantzitsua.

Animalien eskubideen aldeko etika praktikoak jarrera aktiboa eskatzen du. Animalien eskubideak legez onarturik ez daudela eta, ekintza politikoa da animalien eskubideen aldeko borrokaren ardatz nagusienetako bat. Legeak sortuz, animalien eskubideak nola defendatu behar diren erabakitzerakoan, bi jarrera ezberdin daude: abolizionismoak' animaliekiko edonolako esplotazioa debekatzen duten legeen aldekoak, alde batetik; eta animaliekiko tratuaren eta jokabidearen erregulazioa eskatzen dutenak, bestetik[16]. Edonola ere, animalien eskubideak defnedatzeko hainbat elkarte osatu da munduan zehar [17]. Tratu txarren aurkako protestak eta animalien eskubideen urraketaren aurkako ekintza zuzena egiten duten elkarteak badaude. Gutxiengo batek ekintza armatuak ere burutu zituen 1980ko hamarkadan baina animalien eskubideen defendatzaileek bortxazko ekintza hauek salatu dituzte [18][16].

Animalien maitasunezko haurren heziketa ere garrantzizkotzat jo da. Izan ere, gerora kriminalak izandako pertsona askok haurtzaroan animaliak torturatu egiten zituztela frogatu da [19]. Horrela, animalien aldeko maitasuna animaliekiko egiten diren bortxazko ekintzen erakusketa baztertuz bultzatu behar dela adierazi da. Aldi berean, haurrek helduak eredu gisa hartzen baitituzte, helduen jarrera animaliekiko oso garrantzizkotzat jo da.

Animalien aldeko jarrera koherente batek begetariano bihurtzera bultzatu behar duela nabarmendu dute batzuek[16]. Kritika gisa, herri askotan haragia proteina-iturri garrantzitsua dela argudiatu da, baina beste alde batetik, haragiaren ekoizpenak lur-baliabideen erabilera ez eraginkorra sortzen duela frogatu da, granja industrialek ura kutsatu egiten duela gaineratuz[20]. Horrela, begetarianismoak munduko elikadura-arazoak larriagotu baino, konpondu egingo lituzkeela aipatu da. Begetariano bihurtzerakoan fikatu beharreko mugei dagokienean, arraultzak jantea zilegi ote den, eta muskuiluak, intsektuak eta bestelako animaliak jan behar diren eztabaidatzen da. Arraultzen inguruan, esetarako, garbi ondorioztatu da ez direla granja industrialetan hazitako oiloen arraultzak erosi edo jan behar. Jan daitezkeen animaliei buruz, gizakiok min edo oinazerik zentitizen ez duten espezieak jan daitezkeela proposatu da, animalia horiek gizakion ez bezalako nerbio-sistema ez badute.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gizakia ere animalia da, baina artikulu honetan, gaiari buruzko bibliografian bezalaxe (ikus: (Gaztelaniaz) Singer, Peter. (1999). Liberación animal. , 24 or..), animalia gizakiak ez diren animaliak izendatzeko erabiltzen da erosotasunez.
  2. a b c (Ingelesez) Wilson, Scott. «Animals and Ethics» Internet Encyclopedia of Philosophy. (Noiz kontsultatua: 2010-04-14).
  3. Aristoteles: Politika. 1:2 Esklabotzaren gainean.
  4. Itun Zaharreko beste pasarte batean, ordea, animaliekiko begirunea ezartzen da, larunbatetan lanik ez egiteko ezartzen duen Hamar Manamenduetako batean, abereak eta pertsonak parean jarriz: Ez egin inolako lanik egun horretan, ez zuk, ez zure seme-alabek, ez zure morroi-mirabeek, ez zure abereek, ezta zure herrian bizi den etorkinak ere. (Irteera. 20-8.)
  5. Eliza Katolikoak animaliekiko zuen dotrina, gainera, garbi azaltzen da historian izan diren animalien aurkako prozesuetan: fededunentzat ezarritako eskumikua ez, baizik eta anatema ezartzen zitzaien zigor gisa. Ikus: (Gaztelaniaz) de Lora, Pablo. (2003). Justicia para los animales. 45-48 or..
  6. (Gaztelaniaz) Singer, Peter. (1999). Liberación animal. , 243-244 or..
  7. (Ingelesez) «Early Prohibitions-Middle Ages» www.animalrightshistory.org (Noiz kontsultatua: 2010-04-17).
  8. (Gaztelaniaz) UNESCO. (1977-09-23). Declaración Universal de los Derechos del Animal. ..
  9. (Gaztelaniaz) Singer, Peter. (2009). Liberación animal. , 37-40 or..
  10. (Gaztelaniaz) Singer, Peter. op. cit.. , 47 or..
  11. (Gaztelaniaz) Singer, Peter. op. cit.. , 53-57 or..
  12. (Ingelesez) Kant, Immanuel (1785), Groundwork of the Metaphysic of Morals, part II (The Metaphysical Principles of the Doctrine of Virtue), paras 16 and 17.
  13. (Gaztelaniaz) Singer, Peter. op. cit.. , 274 or..
  14. (Ingelesez) Carruthers, Peter. (1995). La cuestión de los animales. , 6-10 or..
  15. (Gaztelaniaz) Carruthers, Peter. (1995). La cuestión de los animales. Cambridge University Press, 33-34 or..
  16. a b c (Ingelesez) Animal rights: the abolitionist approach. (Noiz kontsultatua: 2010-04-27).
  17. (Ingelesez) Singer, Peter. op. cit.. , 307-314 or..
  18. (Gaztelaniaz) Singer, Peter. op. cit.. , 30-31 or..
  19. (Ingelesez) ASPCA. Talking to Kids About Animal Cruelty. (Noiz kontsultatua: 2010-04-26)..
  20. (Ingelesez) Singer, Peter. op.cit.. , 209-215 or..

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]





Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]