Annualeko gudua
| Annualeko gudua | |||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Rifeko gerra | |||||||
Espainiar ofizialak Arruit mediko gotorlekuaren hondarrak miatzen, 1921eko uztaila. |
|||||||
|
|||||||
| Gudulariak | |||||||
| Buruzagiak | |||||||
| Indarrak | |||||||
| ~15.000 [1] |
5.000 (Annualen)–18,011 regular | ||||||
| Galerak | |||||||
| 13.363 hildako edo zauritu[2] | |||||||
Annualeko gudua (espainiar historiografian Annualeko hondamendi izenaz ezaguna, gaztelaniaz "Desastre de Annual") espainiar armadak Abd el-Krimek zuzendutako riftarren aurka Annual marokoar hiritik gertu 1921eko uztailak 22an jasan zuen porrot militar bat izan zen, Rifeko Gerran Espainiaren politika kolonialaren birdefinizioa ekarri zuena.
Porrot honek eragin zuen krisi ekonomikoa Alfontso XIII.a Espainiakoa erregearen monarkia liberalaren oinarriak ahuldu zituztenen artean garrantzitsuenetako bat izan zen[3]. Honela, Annualek sortutako arazoak Miguel Primo de Riveraren estatu kolpe eta diktaduraren zuzeneko jatorria izan ziren.
Eduki-taula |
Aurrekariak [aldatu]
1920ko otsailak 12an, Manuel Fernández Silvestre jeneralak Melillako Komandante Orokor kargua hartu zuen. Alhucemaseko badiara iristeko ideiarekin, izaera gerlariena zuten riftar tribuen operazio gunea zena, 1921eko urtarrilean aurrerakada hasi zen geratzen zen erresistentzia urriarekin amaitzeko. Enpresa hau oso arriskutsua zen, espainiar soldaduak, gehienbat derrigorrezko soldadutzatik zetozenak, oso gutxi entrenatuak baitzeuden, gaizki ordaindu eta elikatuak, okerrago armatuak (fusil eta artilleria astun eta zaharrekin) eta are oinetako okerragoak jantzita (abarkak eta alpargatak), berehala jotzen zuten behea eta erabateko beldurra zieten riftarrei. Era berean, ustelkeria kasu nabarmenak zeuden, bai intendentzia eta ofizialitate arloan, baita soldaduen artean ere, euren fusil eta munizioa riftarrei saltzen zietenak.
Alabaina, 1920ko maiatza eta 1921eko ekaina bitartean, Silvestrek aurrerapen ikusgarria egin zuen, azkarra eta hildakorik gabea: 130 kilometro aurrera egin zituen Rifen 24 operaziotan, 46 posizio berri ezarriz bere armadan ia hildakorik jasan gabe; Tafersit okupatu zuen, frontea Amekran ibairaino aurreratu zuen eta Beni Ulixek, Beni Said eta Temsamaneko kabilen mendekotasuna lortu zuen, hauen buruzagiekin akordioetara iritsiz, dirua eskainiz euren adiskidetasunaren truke. Espainian mundu guztiak pentsatzen zuen azkenean Al-Hoceimako badiara iritsiko zela eta Marokoko sarraskia amaituko zela.
Baina ilusio hori laster zapuztu zen hildako mordo batekin. Silvestrek riftar tribuak ez desarmatzearen akatsa izan zuen, hauen leialtasuna erosi zuelarik, eta, hain zuzen ere honegatik, zuhurtziak eskatzen zuena baino urrunago hedatu zituen bere horniguneak. Melillako Komandantziako tropak 144 postu eta gotorleku txiki edo blokaotan banatu ziren, okupatutako guneko 130 kilometro horietan zehar, horietako batzuk soilik betebehar administratiboetara baino mugatzen ez zirelarik. Blokaoak beti toki altuak probestuz ezartzen ziren, baina toki hauetatik lurralde zati handiak zain zitezkeen arren, ohi ez zen bertan urik egoten, ur bila maiz mando taldeekin joatera behartzen zuena, batzuetan egunero. Kokagune hauen arteko distantzia aldagarria zen, 20 eta 40 kilometro artekoa, lurzoruaren arabera, eta hain sakabanatutako indarrekin ez zen posible etsaiaren eraso bati modu eraginkorrean aurre egitea. Soldaduen baldintzak, jada berez nahiko kaxkarrak zirenak, are okerragoak ziren blokaoetan. Hornidura oso urria zen, egunez bero handia egiten zuen, eta gauez hotz izozgarria. Saguak eta zorriak ohikoak ziren gotorleku eta kanpamenduetan.
Honela kontuak, 1921eko maiatzean, espainiar armadaren zati nagusia Annual hirian ezarritako kanpamendu basean zegoen. Handik Silvestrek Al-Hoceimarako azken aurrerakada egitea espero zuen. Melilla eta kanpamendu honen artean euren artean 30 kilometroko distantzia zegoen hiru gotorleku zeuden, eta honen inguruan, beste bi gotorleku txikik eratutako eraztun bat, horietako bakoitza 100 eta 200 soldadu bitarteko goarnizio batekin. Kostaldean, Sidi Dris, Amekran ibaiaren itsasoratzetik gertu zegoena, eta Afrauko bi posizioak okupatu ziren, azken hau atzeguardiarago.
Puntu honetaraino apenaz jo zen tiroren bat, tribu etsaiekin distantzia gordetzen zen arren, eta gertatzen ziren eraso txikietan apenas egon zen hildakorik.
Atarikoa [aldatu]
Abarranen okupazioa [aldatu]
Maiatza amaieran, Tensamaneko kabilen delegazio batek Silvestre Amerkan ibaia zeharkatzeko eta Abarran mendian posizio bat ezar zezan konbentzitu zuen, bere nagusia eta Marokon Espainiako Goi Komisarioa zen Dámaso Berenguerren aginduen aurka joanez. 1.500 soldaduko talde bat, Villar komandantearen agindupean, aipaturiko posiziora 1921eko ekainak 1eko goizaldean iritsi zen, bertan base gotortu bat ezarriz. Posizioaren ardura izan zuena Juan Salafranca Barrio izan zen, honen armada honako hauekin osatua zegoelarik: Tensamaneko aguada laguna, 200 polizia indigena eta 50 soldadu espainiar. Eta Villar Annualera itzuli zen. Riftarren erasoa arratsaldeko 18:00etan hasi zutenean, Tensamaneko aguada batu egin zitzaien, baita riftar polizietako asko ere. Espainiarrek 141 baja jasan zituzten, ofizial guztiak barne, Diego Flomesta Moya artilleria tenientea izan ezik, riftarrek bizirik utzi zutena kanoiak konpondu zitzan eta erabiltzen erakutsi ziezaien, honi uko eginez, baita bere zauriak sendatzera eta jateari ere, ondorioz, gatibu gosez hil zelarik ekainak 30ean.
Sidi Drisen defentsa [aldatu]
Arrakastak emandako konfidantzarekin, Abd el-Krimek, orduan, bere tropak kostaldeko Sidi Dris posiziora zuzendu zituen, nora hurrengo eguneko gauerdian iritsi zen, ekainak 2an. Sidi Dris 24 orduz erasoa izan zen, Julio Benítez Benítez komandanteak eginiko defentsarekin kanporatuak izan zirenak, espainiar tropetan 10 zauritu gertatu zirelarik (komandantea bera barne), riftarren aldetik 100 hildako gertatu ziren bitartean.
Abd el-Krimek aldekoak lortzen ditu [aldatu]
Sidi Driseko porrota gora-behera, Abarran hartzeak riftarrei espainiarrak garaiezinak ez zirela frogatu zien. Abd el-Krimek ez zuen zalantzarik egin hartutako materiala eta kanoiak erakustean, riftarrak, elkartuta Silvestre garaitu eta harrapakin handi bat lortuko zutela konbentzituz, eta, honela, egun gutxitan, bere aguadako soldaduak 3.000tik 11.000ra pasa ziren[4].
Silvestrek, ekintza isolatuak zirela pentsatuz, ez zuen inongo neurri berezirik hartu. Erantzun bezala Igueriben okupatu zuen 1921eko ekainak 7an, honela Izumma eta Yebbel Uddia artean posizio aurreratu bat mantenduz, Annualeko kanpamendua hegoaldetik defendatzeko asmoz. Ondoren Melillarantz abiatu zen, bere nagusia zen Berenguer Goi Komisarioarekin hitz egitera, eta errefortzuak, munizioa, janaria biztanleriarentzat eta riftarrak erosteko dirua eskatzera azken erasoa hasi aurretik[5].
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Regan, Geoffrey (2001), Historia de la incompetencia militar, Editorial Crítica, 347. or.
- ↑ Long, David E.; Reich, Bernard (2002), The Government and Politics of the Middle East and North Africa, 393. or.
- ↑ Woolman, David S. (1968), Rebels in the Rif - Abd El Krim and the Rif Rebellion, Stanford University Press, 102. or.
- ↑ Juan Pando, Historia Secreta del Annual (Madrid: Ediciones Temas de Hoy, 1999), 335-36.
- ↑ J.Roger-Mathieu, Memoires d'Abd-el-Krim (Paris, 1927)