Antoine-Augustin Cournot

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Antoine-Augustin Cournot (Gray, Haute-Saône, 1801eko abuztuaren 28Paris, 1877ko martxoaren 31) frantses filosofo, matematikari eta ekonomialari bat izan zen. Ekonomian, ospetsua da ekonomia matematika-eredu sinpleen bitartez azaldu izateagatik, monopolioari eta duopolioari buruzko eredu ekonomiko marjinalistak besteak beste. Zientziaren filosofia eta historia ere aztertu zituen, errealitateko fenomenoak eta historia zoriaren mendean baina, aldi berean, erregularrak direla baieztatuz. Ildo horretatik, estatistika eta probabilitatearen erabilera defendatu zuen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

15 urte bete arte, Haute-Saôneko Gray bere jaioterrian ikasi zuen. Gaztetan, Pierre-Simon Laplace eta Gottfried Wilhelm Leibnizen liburu asko irakurri zituen. Besançonen bere ikasketak jarraitu ondoren, Parisko École Normale Supérieure izeneko goi-mailako ikastetxean onartua izan zen 1821 urtean. 1823 urtean lizentziatura bukatu eta tutore moduan egin zuen lana. 1829 urtean bere doktorego-tesia bukatu zuen mekanika eta astronomiaren gainean. 1834 urtean matematika-katedra lortu zuen Lyongo zientzia-fakultatean. Irakasle gisa urtebete bakarrik iraun zuen, berehala hasi baitzen unibertsitatean bertan administrazio-lanetan. Horrela, 1854-1862 urte bitartean Dijongo Akademia errektorea izan zen. Aldi berean, matematika purua utzi eta ekonomian, historian eta zientziaren filosofian hasi zen lanean. 1862 urtean bizitza publikoa utzi zuen, itsu geratu baitzen; hala ere, lanean jarraitu zuen 1877 urtean zendu zen arte. Bere bizitzan erakutsi zuen izaerak, nerabea eta bakartia baitzen oso, bere liburuetan estilo lehor bat jorratzera eraman bide zuen. Estilo hau izan zen, seguru asko, bere liburuek garai hartan eragin zuten arreta eskasaren arrazoi nagusia.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomian ez zuen ekarpen handirik egin, baina beste ekonomialariek definitutako kontzeptuak eta teoriak matematikaz zorrotz formalizatzen lan handia egin zuen. Horrela, aldagai ekonomikoen arteko erlazioak funtzio matematikoz definitu zituen eta berari zor zaio elastikotasun kontzeptuaren garapena. Ekonomian, bere lan nagusiena Recherches sur les principes mathématiques de la théorie des richesses (1838) izan zen (euskaraz, Aberastasunen teoriaren oinarri matematikoen gaineko ikerketak), non ekonomiaren oinarri matematikoak finkatu zituen. Askoz ere beranduago, lehenengo ekonomia-lanaren harrera eskasa dela-eta 25 urtetan isilik egon ondoren, lehenengo lanaren bertsio ulergarriagoa argitaratu zuen, matematika-adierazpenak baztertuz: Principes de la théorie des richesses (1863) (euskaraz, Aberastasunen teoriaren oinarriak. Azkenik, aurreko bien laburpen bat argitaratu zuen: Revue sommaire des doctrines économiques (1877), euskaraz Teoria ekonomikoen laburpena. Ekonomialari klasikoek nabarmentzen zuten balio kontzeptua baztertu eta baldintza garbi eta zehatza ezarri zuen ekonomiaren azterketarako: banakoaren helburua asetasun handiena lortzea, ahalegin txikiena eginez. Axioma honetatik monopolio, duopolio eta oligopolio merkatu-tipologien azterketa zorrotza egin zuen. Bere lanek ekonomiaren eskola neoklasikoan eragin handia izan bazuten ere, ez zen heldu ekonomiaren oreka orokorraren teoria bat osatzera. Bere garaiko ekonomialariek ez zuten aintzat hartu eta bere bizitzaren amaieran soilik izango zuen eragin nabarmena 1870 hamarkadan garatu zen marjinalismo joerako Léon Walras eta William Stanley Jevons ekonomialariengan.

Zientziaren filosofian, zoriak errealitateko fenomenoetan duen garrantzia nabarmendu zuen. Zoriak ordena eta erregulartasuna erakusten dituela baieztatu zuen, estatistikaren lana defendatuz, besteak beste Exposition de la théroie des chances et des probabilités lanean (1843). Hala ere, bere ekonomia-eredu matematikoetan ez zuen zoria erabili, ziurgabetasunaren eta probabilitatearen azterketaren bitartez ereduak konplexuegi bilakatuko balirateke, bere iritziz. Dena den, errealitatearen hurbilketa gisa, baliozkotzat jotzen zituen bere eredu ekonomiko deterministak. Bere ereduak ekonomiaren teoria orokor baten barnean ez kokatzea ere leporatu zaio. Berak aurretik baztertu zituen kritika hauek:

« Ez da inolaz ere nire asmoa izan sistema baten alde idatzi edota alderdi baten leloen alde egitea. Teoriatik gobernuko aplikazioetara igarotzean jauzi handia dagoela deritzot. Halaber, eztabaida bizietatik at irautean, teoriak bere balioa galtzen ez duela uste dut, eta, lan hau baliozkoa izatekotan, egunero ausardiaz erantzuten ditugun galderen ebazpenetik zein urrun gauden erakusteagatik da funtsean.  »

Recherches sur les principes mathématiques de la théorie des richesses, hitzaurrea, (1838)

Zoriaren erregulartasunari buruzko bere ideiak historiaren bilakaerara ere aplikatu zituen. Zoriaren barnean, historia eragiten duten kausak eta loturak zeudela baieztatu zuen, eta horrela, historiak zentzu jakin bat baduela defendatu zuen. Kausak, loturak eta zentzu hauek azaleraztea da, bere ustez, zientziaren helburua.