Antonia Gaztea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antonia Minor» orritik birbideratua)
Antonia Gaztea

Bizitza
JaiotzaAtenasK.a. 36ko urtarrilaren 31a
Herrialdea Antzinako Erroma
HeriotzaErroma37ko maiatzaren 1a (72 urte)
Hobiratze lekuaAugustoren Mausoleoa
Familia
AitaMarko Antonio
AmaOktavia Gaztea
Ezkontidea(k)Druso Germaniko
Seme-alabak
Anai-arrebak
Jarduerak
Jarduerakaristokrata

Antonia Gaztea (latinez: Julia Antonia Cretica Minor; Atenas, K.a. 36ko urtarrilaren 31a - Erroma, K. o. 37ko iraila edo urria) Klaudio enperadorearen ama eta Kaligularen amona izan zen. Oktavia Gaztea (Augustoren arreba) eta Marko Antonioren alaba gazteena izan zen. Antoniaren bertute eta edertasunak Augustoren biloba kutunena bihurtu zuten. Minor edo Gaztea goitizena jaso zuen Antonia Zaharraz, Neronen amonaz, bereizi ahal izateko.

Atenasen jaio zen Antonia. Ez zuen aita inoiz ezagutu, K.a. 32an gurasoak dibortziatu zirelako eta K.a. 30ean, Kleopatrarekin batera bere buruaz beste egin zuelako Marko Antoniok. Antonia ama, osaba Augusto eta izeba Livia Drusilarekin hazi eta hezi zen.

K.a. 16an, Druso jeneralarekin ezkondu zen. Druso Livia Drusilaren semea, Augustoren semeordea eta Tiberioren anaia izan zen. Seme-alaba franko izan arren, hiruk baino ez zuten haurtzaroa igaro: Germaniko jeneral ospetsua, Livila eta Klaudio enperadorea. Halaber, Antonia Kaligula eta Agripina Gaztearen amona izan zen, eta Neron enperadorearen berramona. Druso K.a. 9an hil zen Germanian borrokatzen ari zela. Augustok berriro ezkontzera bultzatu arren, Antonia alargun geratu zen.

Erroman hezi zituen seme-alabak Antoniak, Tiberioren zaindaritzapean. K. o. 19an, Germaniko hil zenean, Tiberiok eta Livia Drusilak hiletara joatea debekatu zioten. Livia Drusila hiltzean, K. o. 29an, Kaligula, Julia Drusila, Julia Livila eta Klaudia Antonia, bere berrilobak, hezitzeko ardura hartu zuen Antoniak.

K.a. 31n, bere alaba Livilak eta Sejano prefektu pretoriarrak antolatutako konspirazioa Tiberiori ezagutarazi zion Antoniak. Sejano hil zuten Tiberioren aginduei jarraiki eta Livila Antoniaren esku utzi zuten. Kasio Dio historialariaren arabera, Antoniak Livila gela batean itxi zuen, gosez hil zen arte.

Geratzen zitzaion seme bakarra Klaudio zen, baina etengabe mespretxatzen zuen haren gaixotasuna eta herrentasunarengatik. "Naturak hasi baina amaitu ez zuen munstroa" deitzen zion, edo "nire Klaudio baino memeloagoa" esaten zuen.

Kaligulak, enperadore bihurtutakoan, ohore asko eskaini zion. Baita Augusta titulua ere, baina Antoniak muzin egin zion. Kaligularen apetez eta suminduraz asperturik, bere buruaz beste egin zuen Antoniak.

Enperadore izendatu ondoren, Klaudiok Augusta titulua eman zion amari. Haren urtebetetzea festa publikoa bihurtu zuen, non jokoak ospatzen ziren.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antonia Gaztea Aldatu lotura Wikidatan