Antonio Janigro
Antonio Janigro (Milan, Italia, 1918 - 1989) biolontxelo-jotzaile eta orkestra-zuzendaria izan zen.
Bizitza [aldatu]
Diran Alexanianekin biolontxeloa ikasi ondoren, Parisen, bakarkako kontzertuak ematen hasi zen. 1939an, Jugoslavian harrapatu zuen gerrak, eta Zagreben gelditu zen. Bertako kontserbatorioko irakasle izan zen, 1954 arte. 1948an, orkestra-zuzendaritzan hasi zen, eta geroago, Zagrebeko Bakarlariak taldea sortu zuen. 1954tik 1967ra bitartean berak zuzendu zuen hamabi hariz eta klabezin batez osatutako taldea. Munduko hari-orkestrarik onenetakoa izan zen, eta barrokoko errepertorioa berpiztu zuen.
Aldi berean, Zagrebeko Irratiko Orkestra Sinfonikoa sortu eta zuzendu zuen (1954-1964). 1965tik 1967ra bitartean Milango l'Angelicum orkestraren zuzendari izan zen, 1968tik 1971ra, Sarreko Irratiaren Ganbera Orkestrarena, eta 1971tik 1974ra bitartean Salzburgoko Mozarteumeko Camerata Academicarena. Horrekin batera, bere biolontxelo-jotzailearen karrera ere aurrera eraman zuen, Dinu Lipatti, Carlo Zecchi eta Jörg Demus lagun zituela.
1950eko hamarkadan hirukoa osatu zuen Paul Badura-Skoda piano-jotzailearekin eta Jean Fournier biolin-jotzailearekin. Irakaskuntzak ere garrantzi handia izan zuen bere zereginetan: 1965tik 1974ra bitartean Düsseldorfko Robert-Schumann Kontserbatorioan, 1971tik aurrera Salzburgoko Mozarteumen, eta 1975etik aurrera Sttutgarteko Musika Eskola Nagusian. Ganbera-musika eta errepertorio barrokoa izan zituen Janigrok gogokoen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.