Antonio Maura
Antonio Maura (Palma Mallorcakoa, Balear Uharteak, 1853 - Torrelodones, Espainia, 1925). Bost aldiz izan zen Espainiako gobernuburu. Konstituzio monarkia bultzatu zuen.
Bizitza [aldatu]
Madrilen lege-ikasketak egin zituen. Alderdi Liberalean sartu zen, eta 1881ean Palmako diputatu hautatu zuten. Itsasoz bestaldeko lurraldeetako ministro izan zen 1892an, baina kargua utzi zuen Kubari eta Puerto Ricori autonomia emateko egin zuen proposamena onartu ez zenean. 1895. urtean Grazia eta Justizia ministro izan zen. 1902. urtean Gobernazio ministroa izan zen, eta hauteskunde sistema arautuagoa antolatu zuen eta gizarte-aldaketak bultzatu zituen. 1903. urtean gobernuko buru izan zen lehen aldiz, baina urtebete geroago kargua utzi zuen. 1907-1909. urteetan, bigarren aldiz gobernuburu zelarik, zenbait asmo bete ahal izan zituen, nahitaezko hezkuntza eta herri-administrazioen arautzea, besteak beste. Marokoko eta Bartzelonako Aste Odoltsuko gertaeren ondorioz, kargua utzi behar izan zuen. Gobernuburu izan zen berriz ere hiru krisialditan: 1913ko martxoa-azaroa, 1919ko apirila-uztaila, eta 1921-1922. urteetan.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
