Antonio Sorarrain

Wikipedia, Entziklopedia askea
Antonio Sorarrain Amunarriz» orritik birbideratua)
Antonio Sorarrain
Bizitza
JaiotzaAlkiza1928ko urtarrilaren 2a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaSondika2011ko irailaren 17a (83 urte)
Familia
AitaKrispin Sorarrain
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta monjea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaAnaia Txikien Ordena

Antonio Sorarrain Amunarriz (izengoitiak: A. Andoni, Fray Antonio) (Alkiza, 1928ko urtarrilaren 2a - Sondika, 2011ko irailaren 17a) gipuzkoar elizgizona, idazlea eta irakaslea izan zen.

Alkizako Perurena baserrian jaio zen. Antonioren familia, 1922an, Zizurkilgo Iriartetik etorri zen Perurena baserrira. Gurasoak Krispin Sorarrain eta Maria Hermerejilda Amunarriz Anoetan ezkondu ziren; aita asteasuarra eta ama Anoetakoa zituen. Krispin Sorrarain Argia aldizkariko Alkizako kronista eta Bigarren Errepublikako lehen alkatea izan zen.

Alkizako San Martin eskolan ikasi ondoren Arantzazura joan zen fraile-ikasketak egitera frantziskotarrekin. 1953ko apirilaren 6an meza berria eman zuen Alkiza jaioterrian.

Gazte-gaztetatik hasi zen idazten eta artean Arantzazun ikasle zela bere lehen obra publikatu zuen 'Santa Maria Goretti, bere bizitza' (1950). Pello Joxe Aranburuk dioen bezala gipuzkera xamurrez idatzita dago.[1] Publikatu eta 6 hilabetera agortu zen edizioa. Segidan bizkaierazko bertsioa ere egin zuen.

Idatzi zuen hurrengo lana Arturo Kanpionen El bardo de Itzaltzu ipuinaren euskarazko bertsioa izan zen: Itzaltzu'ko koblaria (1951). Euzko-Gogoa aldizkarian publikatu zioten 1954an.

1955a oso oparoa izan zuen idazle moduan. Zarauzko Itxaropena argitaletxearen Kuliska-Sortako 7-8 alean, Elezarrak izenburukoa, Irarrazabal'go orma tartean ipuina argitaratu zuen. Urte berean Ama Maria Teresalinaren bizitza ere idatzi zuen: Lili txuria odoletan.

Bere gainerako lanak frantziskotarren agerkarietan, Anaitasuna aldizkarian eta bere jaioterriko Oilategitik aldizkarian publikatu zituen.

Pello Joxe Aranburu alkizarrak 2001ean idatzitako eta publikatutako Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa lanean Garai bateko Alkiza kronika kapitulua idatzi zuen.[2]

1957an 'Elduen Euskal Eskola' sortu zuen Zarautzen non gauez euskarazko eskolak ematen zituen.

1961 eta 1968 bitartean Zarauzko Lanbide Eskolako zuzendaria izan zen. 1968an fraidetza utzi eta Belen Lasagarekin ezkondu zen. Sondikan jarri zen bizitzen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. http://www.oilategitik.net/18/artikuluak/antonio-sorarrain-amunarriz-alkizako-idazle-goiztiarra..
  2. Aranburu Ugartemendia, Pello Joxe. (2001). Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348-1950). Alkizako udala, 793-839 or. ISBN 84-606-3058-7..


Biografia
Gipuzkoa
Artikulu hau Gipuzkoako biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.