Antso IV.a Nafarroakoa
Nafarroako Antso IV.a (1039 - 1076ko ekainaren 4) ezizenez «Peñalengoa» edo «Noblea», Iruñeko erregea (1054 - 1076).
Eduki-taula |
Biografia[aldatu]
Gartzia III.a Santxez erregea eta Estefania Foixekoa (Estefania Bartzelonakoa) erreginaren semea zen.
Aita Atapuercako guduan hil zenean errege bihurtu zen, hamalau urte zituela. Hamazortzi urte bete arte, amaren zuzendaritzapean egon zen. Ama 1058an hil zen eta Naiarako Errege Andra Marian hilobiratu zuten Gartzia bere senarraren ondoan.
18 urterekin Ramiro I.a Aragoiko errege eta, bera bezala, Antso Handiaren biloba zenarekin itun bat egin eta aurre egin zioten Fernando I.a Gaztela eta Leongo erregeari. Ordea, handik gutxira, Antso IV.a Moktadir Zaragozako errege mairuarekin bat egin eta Ramiro I.aren aurka borrokatu ziren Grausen, Aragoiko erregearen heriotza ekarri zuen guduan (1061). Alexandro II.a Aita Santuak musulmanen aurkako gurutzada bat bultzatu zuen heriotza hori zela eta.
1063an, Al-Muqtadir Antso lehengusuari hurbildu zitzaion Antso IV.aren aurka.
Mugako istiluek, bitartean, lehengo berean zirauten, eta Antso II.a Leon eta Gaztelako erregeak Nafarroako koroak Gaztelan zituen lurraldeak hartu, eta Nafarroako mugetara iritsi zen. Antso IV.ak Aragoiko Antso Ramirez I.aren laguntza eskatu eta garai hartan euskaldunak bide ziren Bureba, Pancorbo eta Oka mendietan berrezarri zituzten mugak. Hiru errege Antso ari izan ziren gerra horretan (Hiru Antsoen Guda, 1067), hirurak Antso Handia Nafarroako erregearen bilobak. Gudan, Antso II.a Gaztelakoak eta Antso Aragoiko kondeak nafarra mendean hartu zuten. Gerraren ondorioz ahuldu zen Antso IV.aren aginpidea Aragoiko koroaren aldera, Nafarroako erregeak Moktadir Zaragozako errege mairua bere mendeko bihurtu zuen arren. Neurri horrek ez zuen ordu arte Zaragozako erregearen zergak jasotzen zituen Gaztelako koroaren gogoa batere bete, eta Alfontso VI.a Gaztelako erregeak Errioxa hartu zuen 1074. urtean.
Antso IV.aren izaera zakarrak tirabira latzak sortu zituen Nafarroako Gortean bertan; hala, Alfontso VI.a gaztelarrak, Antso V.a Ramirez Aragoikoak eta Moktadir Zaragozako erregeak lagunduta, Ramon eta Emerinda Antso IV.aren anai-arrebek eta Iruñeko noble batzuek Antso IV.a hartu eta arroiletik behera amildu zuten Funesko Peñalen auzoan, Alesbes herri nafarraren ondoan (1076ko ekainaren 4a). Hil ondoren, ordea, noble nafarrek ez zuten Ramon anaia hiltzailea erregetzat hartu nahi izan, eta Ramonek Zaragozako gortera, eta Emersindak Alfontso VI.arenera, ihes egin behar izan zuten. Hilketaren ondorioz, Alfontso VI.a Gaztelakoak Errioxa okupatu zuen eta Antso Aragoiko kondea Iruñeko errege bihurtu zen.
Ezkontza eta seme-alabak[aldatu]
1068an Plazentzia Nafarroakoa, Frantziako noblea ezkondu zuen. Biek seme bi izan zituzten:
- Gartzia Antso Nafarroakoa, umea zela hila.
- Gartzia Nafarroakoa, Toledon 1091ren ondoren hila. 1076an aita erail zutenean, errege de iure bazen ere, Antso V.a errege de facto bihurtu zen, erreinuko handikien laguntzaz.
Antso IV.ak ere sasikume bi izan zituen Ximena Ezkirotzekoa maitalearekin batera:
- Ramiro edo Raimundo Antso (1071 baino aurretik jaioa eta 1110 ondoren hila), Ezkirotz eta Monzoneko Jauna. Honek Vivarreko Kristina, El Ciden alaba, ezkondu zuen.
- Urraka Antsa (1072ren ondoren hila). Larrasoañako abadea izan zuen irakasle.
Ikus, gainera[aldatu]
|
||||||||||||||||
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.