Antzin
|
Antzin |
||
|---|---|---|
|
|
||
| Izen ofiziala | Ancín <> Antzin[1] | |
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Lizarrako merindadea Lizarrerria |
|
| Alkatea | Javier Dallo Díaz de Zerio (Lazagorri, indep.) | |
| Herritarra | antzindar | |
| Koordenatuak | 42°39′22″N 2°11′20″W / 42.65611°N 2.18889°WKoordenatuak: 42°39′22″N 2°11′20″W / 42.65611°N 2.18889°W | |
| Eremua | 8,80 km2 | |
| Garaiera | 488 m | |
| Distantzia | 60 km Iruñera | |
| Posta kodea | 31281 |
|
| Biztanleria | 383 bizt (2009) | |
| Dentsitatea | 43,52 bizt/km² | |
| http://www.ancin-antzin.org/ | ||
Antzin Nafarroako udalerria da. 2009ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera 383 biztanle ditu. Bi herrik osatzen dute udalerri hau, Antzinek eta Mendilibarrik.
Eduki-taula |
[aldatu] Inguru naturala eta kokapena
Herria, Nafarroako hiriburutik 60 kilometrora dago, Lizarrako merindadearen mendebaldean. Herria, NA-132A errepideak zeharkatzen du Murieta-Acedoko norabidean.
Antzinek, Murietarekin egiten du muga ekialdean, Mendazarekin mendebaldean, Lokizgo mendizerrarekin iparraldean, eta Legaria eta Piedramillerarekin hegoaldean.
[aldatu] Klima eta landaredia
Antzinek klima mediterraniarra eta azpimediterraniarraren arteko trantsiziozko klima dauka. Uda garaian bi hilabete lehor izaten dira, eta prezipitazioak udaberri eta udazkenean pilatzen diren arren, urteko batez besteko prezipitazioak ez dira klima mediterraniarrean bezain urriak, 700-800mm inguru Antzinen. Batez-besteko tenperatura 10 eta 12 gradu artekoa da.
Nekazaritzaren eragina dela eta, jatorrizko basoen azalera ia guztia galdu da gaur egun.
[aldatu] Estazio meteorologikoa
Herrigunearen kanpoaldean, Valdegako lur ureztagarrietatik gertu, eta itsasoaren mailatik 469 metrora, Nafarroako gobernuak jarritako estazio meteorologikoa dago.[2]
[aldatu] Historia
Herriaren historiari buruzko datuak urriak dira. XIII. mendean Antzin Berruezako eskualdeko herrietako bat zen, baina XIV. mendean Antzin, Ega haranari gehitu zitzaion. Erdi Arotik XIX. mendera arte jaurerri izan zen, eta 1846ean independentzia eskuratu zuen, udaletxe propioa lortuz.
XIX. mendearen erdialdean eginiko erreforma administratiboan, Mendilibarri izeneko kontzejua ere Antzini batu zitzaion. Erdi Aroko dokumentuetan Mendiriberri eta Mendiliberr izenekin ere aipatzen da. Mendilibarri, Antzinen moduan, Ega haraneko udalerri izan zen XIX. mendera arte.
[aldatu] Ondarea
[aldatu] San Fausto eliza
Antzingo San Fausto eliza, estilo gotiko-pizkundetarrekoa da. XVI. mendean eraiki eta XVIII. mendean handitu zen, sakristia eta elizaren goikaldea zaharberrituz. Lau zatitan banaturiko nabe bakarra dauka. Erretaula nagusia, estilo neo-gotikokoa, jatorrizko erretaula erromanista ordezkatzeko egin zuen Troasko Juan lizarrarak.
Eliza barruan Erdi Aroko bataiarri bat ageri da.
[aldatu] San Roman baseliza eta tren geltokia
Estilo modernoko eraikin txiki eta karratua da. Antzina hondatutako baseliza baten arrastoen gainean eraiki zen eta barruan Karmengo Ama Birjinaren irudia eta San Romanen margolana daude. Baselizaren ondoan, XIX. mendearen amaieran eraikitako burdinbidearen geltokia dago. Anglo-Vasco-Navarro trenbidea bertan behera geratu zenetik, geltokia udalaren eraikintzat erabiltzen da.
Geltokia, bigarren mailakoa izan arren, dorre karratuaren itxura dauka. Beheko solairuan biltegia, bulegoak eta txarteldegia zeuden, eta goiko solairuetan etxebizitzak. Geltokia 1925ean eraiki zuen Tomas Urbinak, eta lanek 58.842 pezetako kostua izan zuten.
[aldatu] Zubia
Antzingo udalerrian 1870eko lau arku dituen harlankaitzezko harrizko zubi bat dago. Ondorengo hamarkadetan, porlanezko egiturarekin berriztutakoa.
[aldatu] Demografia
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 309 | 311 | 339 | 360 | 460 | 518 | 483 | 473 | 354 | 307 | 293 | 364 | 373 |
2008ko erroldaren arabera, 59 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %16,39a (Nafarroako batez bestekoaren gainetik).
[aldatu] Garraiobide eta azpiegiturak
[aldatu] Autobus garraioa
La Estellesa eta Pinedo autobus konpainiek, Lizarra eta Iruñarekiko autobus zerbitzua eskaintzen dute.
La Estellesa autobus konpainiak esaterako Aguilar Kodes eta Iruñea bitarteko autobus linea ustiatzen du. Lineak bi zerbitzu dauzka Aguilar Kodesko norantzan eta lau zerbitzu kontrako norabidean. Linearen ibilbidea honakoa da:
- Aguilar Kodes - Cabredo - Marañon - Genevilla - Zuñiga - Antzin - Murieta - Lizarra - Villatuerta - Zirauki - Mañeru - Gares - Obanos - Legarda - Zizur Nagusia eta Iruñea
[aldatu] Goi-tentsio dorreak
2003an elektrizitatearen Espainiako kudeatzaile publikoa den Red Eléctricak Castejón eta Gasteiz artean 400.000 volteko goi-tentsio linea bat eraikitzeko proiektua proposatu zuen. Proiektu horren arabera 46 metroko goi-tentsio dorreak eraikiko ziren Lizarraldeko hainbat udalerri zeharkatuz[3]. 2008an proiektuaren aurkako talde bat sortu zen, eta 2010eko urtarrilaren 31n proiektuaren inguruko bozketa antolatu zen Arabako bost herri eta Nafarroako hogei herritan. Ezezko botoak %98,9 izan ziren[4].
[aldatu] Kirolak
Antzinek kiroldegia, estalitako eta ageriko frontoia, futbol zelaia, eta udal piszinak dauzka.
[aldatu] Hezkuntza
- San Fausto Ikastetxe publikoa
[aldatu] Politika
[aldatu] Alkateak
| 1979-1983 | ||
| 1983-1987 | ||
| 1987-1991 | ||
| 1991-1995 | José Antonio Martínez Dallo | Agrupación Independiente de Ancín |
| 1995-1999 | Luis Javier San Félix Dallo | Agrupación Independiente de Ancín |
| 1999-2003 | Jon Iriberri Berroztegieta | Agrupación Fuente del Encino-Los Verdes |
| 2003-2007 | Javier Ibáñez Iriarte | Candidatura Independiente Ancín |
| 2007-2009[5] | Javier Ibáñez Iriarte | Iraldea |
| 2009-2011 | Francisco Javier Lizarraga Mansoa | Iraldea |
| 2011- | Javier Dallo Díaz de Zerio | Lazagorri |
[aldatu] Udal hauteskundeak
Antzingo alkatea "Agrupación Independiente Iraldea (AII)" herri ekimeneko Javier Ibáñez Iriarte atera zen 2007ko udal hauteskundeetan. Udaleko zazpi zinegotziak lortu zituen taldeak, eta hortaz gehiengo absolutua udalean. Baliogabeko botoak 13 izan ziren (emandako guztien %7,60a) eta zurizko 13 boto izan ziren (botoen %8,23a). Abstentzioa %36,67koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Iraldea | 145 | 7 |
2011n aurkezten bakarra izan zen Agrupación Independiente Lazagorri zerrendako Javier Dallo Díaz de Zerio aukeratu zuten alkate.
[aldatu] Udaletxea
- HELBIDEA: Geltokiaren Kalea, 21
[aldatu] Euskara
Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Antzin eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %3,14k zekien euskaraz hitz egiten.
2009ko urtarriletik Antzingo udalerriaren izen ofiziala Ancin <> Antzin da[6].
[aldatu] Jaiak eta ospakizunak
Antzingo jaiak uztaileko azken larunbataren inguruan ospatzen dira, Karmengo Amaren omenez. Bi hilabete beranduago, urriaren 13an, "jai-txikiak" ospatzen dira, eta azkenik azaroaren 30ean, Mendilibarriko San Andresen omenezko ospakizuna.
[aldatu] Zerbitzuak
Antzin-Ameskoako Zerbitzu Sozialen Mankomunitatea, zaborra bildu, ura hornitu eta bestelako zerbitzuez arduratzen da Antzin eta eskualdeko beste hainbat herritan.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Bibliografia
- Jose Maria Jimeno Jurio (zuzendaria), Nafarroako toponimia eta mapagintza. XXIV, Iruñea, 1995. ISBN 84-235-1341-6
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Nafarroako gobernuak 2009ko Urtarrilaren 19an kaleratutako dekretua.
- ↑ Nafarroako Meteorologi Agentziaren webgunea.
- ↑ http://sites.google.com/site/nolineadealtatension/Home/RATplanoAldizk.pdf?attredirects=0
- ↑ http://www.elcorreo.com/vizcaya/20100201/alava/votantes-rechaza-linea-alta-20100201.html El Correo Español egunkariaren webgunea
- ↑ Lan kontuengatik Iriartek alkatetza utzi eta Francisco javier Lizarraga taldekideari pasatu zion kargua. Ikus Diario de Noticias.
- ↑ Nafarroako gobernuak 2009ko Urtarrilaren 19an kaleratutako dekretua.
[aldatu] Kanpo loturak
- (Gaztelaniaz) Antzingo udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Antzingo udalari buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- Lizarra-Gasteiz errepidea Antzin parean Google Street View-n.
| Antzin | ||
|---|---|---|
| Antzin | Mendilibarri | ||
| Egaibarko udalerri aurkibidea | ||
|---|---|---|