Antzinako Egipto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kefrenen piramidea (IV. dinastiakoa) eta Gizako Esfinge Handia (K. a. 2500 inguru)

Antzinako Egipto Nilo ibaiaren ibarrean sortutako antzinateko zibilizazioa da, gaur egun Egiptok hartzen duen eremuan gutxi gorabehera. Zibilizazioa K. a. 3150 inguruan sortu zen, Goi eta Behe Egipto politikoki bateratu eta lehenengo faraoiaren agindupean. 3.000 urtez iraun zuen. Bertako historia bi garai egonkorretan banatzen da, Inperio edo Erresuma izenekoak, garai ezegonkorrek bereiziak, Tarteko Aro izenekoak. Azken inperioaren ostean, zibilizazioa gainbehera lasai baina jarraian sartu zen, atzerritarrek herrialdearen agintea hartu baitzuten. Faraoien agintaldia K. a. 31n amaitu zen ofizialki, Erromatar Inperioak Egipto konkistatu eta probintzia bihurtu zuenean.

Antzinako Egiptoko mapa, non Aro Dinastikoko hiri eta leku nagusiak agertzen diren (K. a. 3150 - K. a. 30).

Antzinako Egiptoko zibilizazioaren arrakasta Nilo ibaiaren aldaketetara ongi moldatzetik dator. Ibar emankorraren ureztatze kontrolatuak uzta oparoak eragin zituen, gizartearen eta kulturaren garapen handia eragin zutenak. Horrela, administrazioek edo gobernuek meatzaritza sustatu, idazkera sistema sortu eta nekazaritza zein eraikuntza bultzatu zituzten, eta inguruko giza taldeekin merkataritza garatu eta gerra garaipenak lortu zituen, eskualde osoko zibilizazio nagusia bihurtzeraino. Ekintza hauek sustatzen eta antolatzen elite kultural eta militar bat sortu zen (eskribak, apaizak, administratzaileak) egiptoarren batasuna ziurtatzen zutenak, erlijio konplexu baten inguruan.

Antzinako egiptoarren lorpen ugarien artean daude matematika sistema konplexuak, meatzaritza aurreratua, behaketa eta eraikuntza hainbat eraikin monumental altxarazteko (piramideak, tenpluak eta obeliskoak) teknika garatuak, faiantza eta beiraren teknologia zehatza, medikuntza sistema praktiko eta eraginkorra, literatura forma berriak, ureztatze eta nekazaritza sistema emankorrak, eta munduko lehen bake hitzarmena. Egiptok ondare iraunkorra utzi zuen: artea eta arkitektura geroko hainbat estiloren oinarri izan dira, artelanak mundu osoan daude barreiatuta, euren arrasto monumentalek hainbat bidaiari eta idazle inspiratu dituzte eta erlijioak eragin handia izan du gure munduaren ikuskeran.

Historia

Antzinako Egipto
Dinastiak eta faraoiak
Aro aurredinastikoa
Aro protodinastikoa
Aro Goiztiarra

I.a - II.a

Inperio Zaharra

III.a IV.a V.a VI.a

Tarteko Lehen Aroa

VII.a VIII.a IX.a X.a XI.a

Inperio Ertaina

XI.a XII.a

Tarteko Bigarren Aroa

XIII.a XIV.a XV.a XVI.a XVII.a

Inperio Berria

XVIII.a XIX.a XX.a

Tarteko Hirugarren Aroa

XXI.a XXII.a XXIII.a XXIV.a XXV.a

Aro Berantiarra

XXVI.a XXVII.a XXVIII.a XXIX.a XXX.a XXXI.a

Aro Helenistikoa

Mazedoniarra . Ptolomeotarra

Erromatar Aroa

Niloren ertzean eta basamortuko oasietan haitzetan zizelkatutako aztarnak ageri dira. K. a. 10. milurtekoan, ehiztari-biltzaile eta arrantzale kulturak zereal-ehotzaile kultura baztertu zuen. Klima aldaketaren eta gehiegizko abeltzaintzaren eraginez, Egiptoko larreak idortzen hasi ziren etaK. a. 8000 inguruan, Sahara basamortua agerrarazi zuten. Gizataldeak Nilo ertzerantz migratu eta nekazaritzan oinarritutako gizarte zentralizatuago bat sortu zuten. [1]

K. a. 6000 inguruan, kultura neolitikoa Nilo haranean sustraitu zen. [2] Garai honetan, kultura aurre-dinastiko ugari independenteki garatu ziren Goi eta Behe Egipton. Badariar kultura eta hurrengo Naqada aroak Egiptoko zibilizazio dinastikoaren aurrekaritzat hartzen dira. Egiptoar hieroglifo zaharrenen aztarnak Naqada III garaiko buztinezko ontzietan agertzen dira, Aro Aurre-dinastikoan, K. a. 3200 inguruan. [3]

tAwy ('Bi Lurrak')
N16
N16

Erresuma bateratua K. a. 3150 inguruan sortu zuen Menes erregeak, 3.000 urtez Egipton agindu zuen dinastia sailari hasiera emanez. Garai honetan, egiptoarrek herrialdeari tawy izena eman zioten (Bi Lurrak) eta, geroago, kemet (Lur Beltza), Niloren goraldiak utzitako lur beltz eta emankorragatik. Aro luze honetan, bertako kultura berezia garatu zen, batez ere erlijio, arte, hizkuntza eta ohituretan. Egipto bateratuaren lehenengo bi dinastiek Inperio Zaharraren oinarriak finkatu zituzten (K. a. 2700-2200). Garai hartan eraiki ziren piramide ospetsuak (ezagunenak III. dinastiako Djoserren piramidea eta IV. dinastiako Gizako piramideak).

Tarteko Lehen Aroak nahasmen politikoari bidea eman zion 150 urtez. Geroago, Niloren goraldi handiagoek eta agintearen indartzeak garai oparoak ekarri zituen Inperio Ertainean, K. a. 2040 inguruan, eta Amenemhat III.a faraoiaren erregealdian gailurrera iritsi. Tarteko Bigarren Aroan, hikso semitikoen agintaldia etorri zen, atzerritarren lehena. Hikso inbaditzaileek Behe Egipto bereganatu eta hiriburu berri bat sortu zuten: Avaris. Baina Goi Egiptoko faraoiak, Ahmosis I.ak, agintetik bota, XVIII. dinastia sortu zuen eta hiriburua Menfisetik Tebasera lekualdatu.

Inperio Berria (K. a. 1550 - 1070) XVIII. dinastiarekin hasi zen. Egipto nazioarteko potentzia bihurtu zen, haren eremu luze-zabalena eratu, Nubiako Gebel Barkal mendiraino iritsiz eta Sortaldeko lurralde batzuk bereganaturik ekialdean. Garai honetakoak dira mundu mailan ezagunak diren faraoi batzuk: Hatshepsut, Thutmosis III.a, Akhenaton eta Nefertiti emaztea, Tutankhamon eta Ramses II.a. Historiako lehen monoteismoaren agerpen ezaguna garai honetakoa da, Aton jainkoaren inguruan. Beste nazioekiko harreman ugariek ideia berriak ekarri zituzten Inperio Berrira. Hainbat gizataldek lurraldea inbaditu zuten (libiarrek, nubiarrek eta asiriarrek), baina egiptoarrek kanporatzea lortu zuten.

XXX. dinastia izan zen bertako agintarien azkenekoa faraoien garaian. K. a. 342an, pertsiarrek Naktanebo II.a garaitu eta agintea hartu zuten. Geroago, Egipto mazedoniarren esku erori zen. Honekin hasi zen 2.000 urteko atzerritarren agintaldia.

Kultura

Erlijioa

Sakontzeko, irakurri: «Antzinako Egiptoko erlijioa»
Hilen Liburua, hildakoaren hilondoko bidaldian lagungarri.

Egiptoko erlijioa politeista zen, hau da, jainko batengan baino gehiagorengan sinesten zuten. Hasieran, animalia itxurako jainkoak gurtzen zituzten, alegia, jainko zoomorfoak. Animaliarik erabilgarrienak eta sakratuenak jainkotu zituzten, esate baterako krokodiloa, Niloren ur-goraldia iragartzen zuena; ibisa, sugeak jaten zituen hegaztia, etab.

Hiri eta probintzia bakoitzak bere jainkoak zituen, eta batzuk Egipto osoan gurtzen ziren. Famatuenak, Ra, Amon, Osiris, Isis, Horus eta Thot ziren. Haien artean Amon zen gorena.

Oraindik zutik dira egiptoar jainkoei eskainitako tenpluak. Handiena Karnakeko Amonen Tenplua da, Luxor hirian.

Artea eta arkitektura

Sakontzeko, irakurri: «Arkitektura egiptoarra»
Edfuko tenplua.

Egiptoarrek tenplu, piramide, obelisko eta hilobi ederrak utzi dituzte. Hala ere, kolonialismoaren ondorioz, hainbat obra Europa eta Amerikako museoetan daude gaur egun.

MEDIKUNTZA Oso garatua zegoen era zientifikoan eta herritar guztiei eskainia zegoen ezberdintasunik gabe. Garaiko mediku onenak ziren eta arazorik gabe nahasten zituzten medikuntza zientifikoa eta espirituala. Gainera, mota askotako medikuak zeuden.

Nekazaritza

Egiptoarrek bazekiten ondo Nilo ibaia aprobetxatzen. Aspalditik ertzetako ahateak eta txoriak ehizatu eta uretan arrantzan aritzen ziren. Baina, nekazaritza garatuko bazen, ur-goraldia menderatu beharra zegoen.

Horregatik, dikeak eta ubideak eraiki zituzten, urari eusteko. Lan horiek egin ahal izateko, kalkulua eta geometria garatu eta egutegi bat egin zuten.

Horrela baliatzen zituzten ur-goraldiak: uholdea zetorrenean, urez betetzen zuen lehorra. Gero ur hori behera joan, eta ura egondako lekuak limoz estalitako soroak bihurtuak zirenez, landatzeari eta uzta biltzeri ekin behar. Halako soroak ibaiaren bi ertzeetan zeuden.

Elikadura eta jantziak

Egiptoar gehienen dieta oso soila zen. Oinarrizko elikagaiak ogia eta garagardoa ziren, eta arrain lehorra, dilistak eta ilarrak ere jaten zuten, bai eta fruta ere; pikuak eta mahatsa, batez ere. Jakiak gozatzeko eta pastelak egiteko, berriz, eztia eta datilak erabiltzen zituzten.

Aberatsenek era askotako jakiak jaten zituzten; hegaztiak, haragiak, barazkiak eta frutak, esate baterako.

Egiptoarren jantziak ere oso soilak ziren: haurrak biluzik ibiltzen ziren, emakumeak lihozko oihal batekin estaltzen ziren, eta gizonek gerrialdean trapu bat lotzen zuten.

Aberatsenen artean ere, arropa oso arina zen; emakumeek eta gizonek, dena den, bitxiak, diademak eta bularretakoak erabiltzen zituzten, apaintzeko. Emakumeek ileorde ikusgarriz estaltzen zuten burua.

Gizartea

Antzinako Egiptoko familiek egungoen antzekoak ziren. Familia nuklearra aita, ama eta seme-alabek osatzen zuten, oso etxe txikian pilatuta. Seme-alabek, nerabetasuna igaro ondoren, etxetik alde egin eta norberak bere bidea bilatzen zuen.

Haur baten jaiotza jainkoen oparitzat hartzen zen antzinako Egipton eta horrela jasotzen da papiro zaharretan. Izan ere, kide berriekin familiaren jarraipena eta gurasoen etorkizuneko ileta-errituak bermatzen ziren.

Nahiz mutila hobetsi, neska baten jaiotza ere ongi etorria izaten zen. Emakumeak etxean erditzen ziren, kukulumuxuka, sortzain baten laguntzarekin. Haurrari, jaio orduko, lepoko bat zintzilikatzen zioten, jainkoen babesa jaso zezan. Ordea, erditzetan eta haurraren bizitzako lehen hilabetean hilkortasun-tasa oso handia zen. Horrelakoetan, haurtxoa etxe-ondoan bertan lurperatzen zuten, zuzenean ontziren batean sartuta edo, goi mailako familietan, momifikatuak.

Haurtzaroan haurrak, inguruko hozberoak kontuan hartuta, biluzik ibiltzen ziren hara eta hona, lepoko zinginarriren baten babespean, soildutako burutik ile-xerlo bakarra zeramatela zintzilik. Urteak bete ahala, gaztetxoak helduen egitekoetan murgiltzen hasten ziren, familiaren egoera sozialaren arabera ia beti. Izan ere, familiek lanbide berean jardun ohi zuten belaunaldiz belaunaldi eta, horregatik, 10 urteko gaztetxoak aitari zegokion lanbidean trebatzen hasten ziren gehienetan: nekazaritza, abeltzaingoa, arrantza, ehiza, ardogintza, artisautza...

Gizonezko gehienak nekazaritzan edo merkataritzan ari ziren bitartean, emakumezkoak etxeko-lanez arduratzen ziren: josi, alea ehotu, ogia egin, otorduak prestatu… Hori bai, aztarnek erakutsi digutenez, emakumeek itxura fisikoa zaintzea eta makilatzea gustukoa zuten.

Lehen heziketa etxean bertan jasotzen zuten, eta gero auzoan edo inguruan zegoen eskolaren batean . Ikasgaiak oinarrizkoak izaten ziren, artean idazkera hieroglifikoaren hastapenak.

Sarritan goi-funtzionarioek eskolak ikuskatzen zituzten, bertako ikaslerik azkarrenak biltzeko eta haiei lanbide egokiagoak eskaintzeko administrazioan. Hori izaten zen mailaketa sozialean goraka egiteko bidea.

Aisiari dagokionez, hilobietako aztarnei esker ezagutu ditugu antzinako Egiptoko neska eta mutikoek erabiltzen zituzten jostailuak. Zurezko animaliak ziren gehien maite zituztenak, kolore biziz margotuak: zaldiak, lehoiak, krokodiloak… Oro har, zurezko jostailuak oso preziatuak izan ohi ziren, zura bera oso eskasa baitzen Egipton. Panpinak ere oso ohikoak ziren, zurezkoak nahiz buztinezkoak. Baliabide gutxiko familietako haurrek landare-zuntzez egindako pilotekin eta zibotarekin jolasten ziren.

Erreferentziak

  1. Midant-Reynes, Béatrix. The Prehistory of Egypt: From the First Egyptians to the First Kings. Oxford: Blackwell Publishers.
  2. The Nile Valley 6000-4000 BC Neolithic (The British Museum, 2005, 2008-08-21)
  3. Bard, Kathryn A. Ian Shaw, ed. The Oxford Illustrated History of Ancient Egypt. Oxford: Oxford University Press, 2000. 69 or.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antzinako Egipto Aldatu lotura Wikidatan

Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura Txantiloi:NA lotura