Antzinako Grezia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Antzinako Grezia K. a. 550a inguruan

Antzinako Grezia[1] K.a. 2000. urtearen bukaeran Greziako penintsulan eta Egeoko itsasertzean eta uharteetan loratu ziren zibilizazioaz esan ohi da. Mendebaldeko Zibilizazioaren jatorrizko kulturatzat hartzen da, Greziar kulturak Erromatar Inperioan itzelezko eragina izan baitzuen, baita Pizkundean eta beste ondorengo aroetan ere.

Gaur eguneko Grezia eta Asia Txikian hasi bazen ere, mediterraneo osora zabaldu zen kultura da, Iberiar penintsulatik Itsaso Beltzeraino.

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro iluna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Helenismoaren aurreko garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grezian, kontinente barruan aurkitu diren giza aztarnarik zaharrenak Epipaleolitokoak dira (40000 K.a.). Neolitoko lehen aztarnategiak K.a. 6200. urtekoak dira. Garai hartan itsas bidaldiak ohikoak ziren kontinentearen eta uharteen artean, eta horren adierazgarri da Milos uharteko obsidiana harria, Grezia guztian barrena barreiatua dagoena. Brontzearen antzinako garaian (K.a. 2600-2000) agertu ziren uharteetako aurreneko kulturak: zikladikoa eta minoikoa. Kultura zikladikoa nagusi izan zen 2600. urtetik 1800era bitartean, eta minoikoa edo Kretakoa izan zen ondoren. Kretako kulturak merkataritza harremanak zabaldu zituen Mediterraneoaren ekialdean, eta luxu handiko hiriak, artelan ugariez apainduak, sortu zituen, eta haiek egundoko eragina izan zuten kontinentean. K.a. 1400 inguruan desagertu zen kultura hura, zibilizazio mizenikoak bereganatuta.

Zibilizazio mizenikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mizenasko Lehoien atea.

Lehen herri indoeuroparrak K.a. 3000. urtean iritsi ziren Egeo ingurura. Beren zibilizazioa finkatu zuten lurralde hartan, nahiz eta kultura minoikoaren eragina jaso itsas merkataritzaren bidez. Mizenas zen bertako hiri nagusia eta hartatik datorkio izena kultura hari. Aurkitu diren aztarnategiek adierazten dutenez, gizarte guduzalea bide zen hura. Eguneroko bizitza harresi garaiez babestutako hiri inguruan egiten zen, eta hiriko jauregia izaten zen erregearen eta aitonen semeen bizilekua. Abere hazkuntza eta nekazaritzaz gainera, Mizenaskoak merkataritzan aritzen ziren eta baita itsaslapurretan ere. Ekonomia ongiro nabarmena eta kultura adierazpide aberatsak iritsi zituzten, eta horren adierazgarri dira hilobietan aurkitu den tresneria aberats fina (Atreoren altxorra). K.a. 1200 urte inguruan desagertu zen Mizenasko zibilizazioa itsasaldeko herrien erasoek eraitsita. Mizenasko zibilizazioa desagertu zenean asko jaitsi zen Greziako biztanle kopurua, baina K.a. XII. mendean, doriarrek Greziara emigratu zutenean igo egin zen berriro.

Antzinako Greziaren Erdi Aroa. (K.a. 1200-700)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doriarrek Grezia menderatu zutenean, mizenastarren hiri-jauregiak desagertu ziren. Garai hartan erabat hedatu zen burdinaren erabilera. Hiribildu batzuk sortu ziren, politikari dagokionez burujabeak (polis) izan zirenak, eta lursailak landu ziren haien inguruan. Erregeek gobernatzen zituzten, aitonen semeek lagunduta, haiek baitziren, hain zuzen, artaldeetako eta lurretako jabeak eta kontseiluko kideak. Laborariek eta artisauek bazuten ordezkaririk biltzarrean, baina kontseilu nagusiak esaten zuena izenpetzea zen haien eginkizun bakarra ia. Jopuek eta esklaboek ez zuten eskubide politikorik. Polis-ak burujabeak baziren ere, elkarren artean bazuten alderdi komunik: hizkuntza, idazkera eta erlijioa, esaterako, bat zuten guztiek. Greziako hiriak Asia Txikiaren kostaldeetara ere hedatu ziren.

Grezia arkaikoa (K.a. 800-500)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hartan polis hiribilduetan ekonomia aldatuz joan zen, eta merkataritzak eta artisautzak garrantzi handia izan zuten. Lehengo erregetza ere aldatuz joan zen eta erregimen aristokratiko bihurtu zen, VIII. mendean Asia Txikian sortu eta Grezia osora hedatu zena gero. Hiria gobernatzeko eztabaida politikoen lekua aitonen semeen kontseilua edo biltzarra (bule) izan zen. Herriaren biltzarra (ekklesia) bigarren mailan geratu zen, eta, horregatik, politikan parte hartzeko eskubidea aberatsen eta ahaldunen esku zegoen ia oso osorik. VIII. eta VI. mendeen bitartean gertatu zen Greziaren kolonizazioa Mediterraneo itsasoaren eta itsaso Beltzaren kostaldean. Hasieran, emigrazioa, nekazaritzako lursailen faltaren kariaz gertatu zen, izan ere, antolaketa patriarkalaren arabera, lurraren gaineko eskubideak noble familietako premuarentzat izaten baitziren. VII. mendetik aurrera emigrazioaren merkataritza alderdia hasi zen azaltzen, eta, hala, polis berriak jatorrizko hiriaren faktoria edo sukurtsal bihurtu ziren.

Kolonizazioarekin batera merkataritza heldu zen eta hark ekarri zuen ekonomia garapenaren ondorioz erregimen aristokratikoa ahulduz joan zen VII. mendetik aurrera; gizarte maila berri bat sortu zen hala, gizon askeena, jatorriz pobrea baina merkataritza zela medio aberastua, eta eskubide politikoak eskatzen zituena. Herri xehea, aldi berean, aristokraziaren aurka matxinatu zen, lurren banaketa eskatzeko. Maila ezberdinen arteko harremanak arautzeko, lege batzuk argitaratu zituzten Atenasen (Solonek) eta Mitilenen (Pitakok). Egin ziren eraberritzeak ez baitziren nahikoak izan, gobernurako bidea zabaldu zitzaion tiraniari. Herentziaz ondorengorik izateko eskubiderik ez zuten buruzagiak ziren tiranoak eta herriaren laguntzari esker egiten ziren aginpidearen jabe. Oro har, tiranoek merkatariei, artisauei eta lurjabe txikiei laguntzen zieten, eta behartsuenei lana ematen zieten herri lanetan. Tiranoei esker bukatu zen betiko oligarkiaren antolaketa, eta K.a. 507. urtean ezarri zen demokraziarako bidea erraztu zen, halaber.

Aro klasikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Grezia klasikoa»

Mediar Gerrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mediar gerrak.
Artikulu nagusia: «Mediar Gerrak»

Persiar Inperioak greziar munduarekin topo egin zuen, mendebalderantz hedatzen ari zenean. Gatazka itzuri ezina zen, Mediterraneo itsasoaren ekialdean zeuden merkataritza bideen nagusitasuna baitzegoen jokoan. K.a. 540. urtean persiarrek mendean hartuak zituzten Asia Txikiko hiri greziarrak. Joniako hiriak persiarren nagusitasunaren aurka matxinatu ziren eta gerra hasi zen. Dario I.a persiar erregearen osteak Atikan lurreratu ziren, baina atenastarren oinezko gudarien osteek (hoplitak) aurre egin eta garaipena lortu zuten. Greziarren garaipenak agirian utzi zituen garai hartako gerra teknika batzuen akatsak. Esaterako, han frogatu zen gehiago zela herritar gudaria, bere lantza, kasko, koraza, zangoko eta ezkutu biribil gogorrarekin (hoplon) ilara itxietan antolatua (falanjeak), etnia ezberdinetako gudari persiarra baino, arma arinak soinean eta ilara irekietan antolatzen zena borrokarako. Greziar gudariak falange ilaratan antolatuta zeuden ahaide eta auzoen ondoan, eta horrek borrokarako adorea ematen zien eta guduaren une gogorrenetan borroka bertan behera uzteko tentazioa galarazten. Hoplitaren hornidura guztia (berez, nahikoa garestia) herritarraren kontura zihoan, eta ordaintzeko ezina azaltzen zutenak, berriz, galeretara bidaltzen zituzten arraunlari gisa.

Xerxes I.a Persiakoa izan zen Dario persiar erregearen ondorengoa eta hura ere garaitua izan zen bi gudu handitan; bata, Salaminako gudua (480) itsasoan, eta bestea, Plateako gudua (479) lurrean.

Atenasen nagusitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenasek eta Joniako hiriek bat egin eta Delosko Liga sortu zuten K.a. 477an, hiri joniarrak persiarren erasoetatik babestu asmoz. Elkarteko kide ziren hiriak burujabe ziren; hala ere, Atenasek eduki zuen beti nagusitasuna elkartearen barruan, bai alderdi militarrean, bai ekonomia aldetik ere. Persiarren aurka garaipena lortu ondoren, elkarte hura inperio bihurtu zen Atenasen gidaritzapean. Atenasek, gainera, zergak jasotzen zituen elkarteko beste hirietatik. Horrez gainera, Atenasko herritarren bizilekuak ugaritu egin ziren Jonian (klerukiak). Hala, Atenasek zuen nagusitasuna Grezia guztira hedatu nahi izan zuen, baina Espartako hiri elkartearekin topo egin zuen. Atenasen nagusitasuna 446. urtetik 431ra luzatu zen. Delosko elkarteko hirien laguntzari esker Atenasek indar handiko ontziteria bildu zuen, eta Mediterraneoaren ekialdea eta itsasoko merkataritza bideak kontrolatu zituen haren bidez. Demokrazia zen Atenasko antolamendu politikoa; hala ere, herri xeheak ezin zuen gobernuan parte hartu (Thetoak, metekoak eta esklaboak). Aginpidea gutxiengo aristokratikoaren esku zegoen, eta klase hark zituen eskubide guztiak. Garai hartan Atenasen oso modu aberatsez landu ziren arteak eta antzerkiak. Politikan, berriz, Perikles izan zen estatu berriaren antolatzailea.

Peloponesoko Gerra eta polisaren gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Peloponesoko Gerra»

Delosko Liga eta Peloponesoko Ligaren arteko gatazka izan zen Greziako estatu guztien arteko gerra piztu zuen txinparta. Hogeita hamar urtez iraun zuen guduak (K.a. 431-404) eta Greziako polis guztiak krisialdian amildu zituen. Hasieran hiri estatu batzuen eta besteen indarrak elkarren pare zeuden, baina Espartaren alde jarri ziren gauzak, Perikles izurriteak hil baitzuen eta Atenasko ontziteriak eta gudarosteek hondamendia jasan baitzuten Sizilian. Atenasek borroka nagusia galdu zuen Egospotamosen (405), espartarrek eta persiarrek elkar hartu eta gudaroste handi bat eratu baitzuten haren kontra. 404. urtean izenpetu zen bake ituna; Atenas Delosko elkartea bertan behera uztera behartu zuten eta bere kabuz baliatzera.

Handik aurrera, Espartak izan zuen nagusitasuna eta gobernu oligarkikoak ezarri zituen polisetan. Greziako hiriek gerraren ondorioak nozitu zituzten; hala, lursailak hutsik geratu ziren eta mertzenario taldeak harrapaketak eta triskantzak eginez ibili ziren; herri xehearen ekonomia baliabideak esklaboenaren pareraino jaitsi zen, eta matxinadak ugari ziren nonahi. 403an Atenasek, Espartaren uztarria astindu eta haren kontra altxaturik, demokrazia ezarri zuen berriro lurralde hartan. Atenasek eta Espartak beste bake itun bat izenpetu zuten 374an; bertan Atenasek Espartaren nagusitasuna onartu zuen kontinentean, eta Espartak, bere aldetik, itsasaldeko beste elkarte bat antolatzen utzi zion Atenasi. Tesaliak eta Tebasek Beoziako Liga sortu zuten, eta haiei aurre egiteko elkar hartu behar izan zuten Atenasek eta Espartak. Mantineako guduan (362) Espartako eta Atenasko osteek hondamendia izan zuten. Alabaina, gudu hartan hil zen Epaminondas buruzagia, eta heriotza harekin bukatu zen Tebasen nagusitasunaren aldi laburra.

Aro helenistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mazedoniaren nagusitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipo II.a Mazedoniakoak, bere erresuma batu eta Greziako hirien arteko borrokaz baliatuz, laster bereganatu zuen Greziako penintsulako iparralde guztia. Pangeoko urre meategiak hartu zituen eta handik atera zuen behar adinako aberastasuna lurraldeak konkistatzen jarraitzeko. Borrokarako falangeen antolaketa eraberritu zuen eta bi eskuez erabili behar ziren bost metroko lantza luzeak (sarissa) eman zizkien bere soldaduei. Filipo erregeak atenastarrak eta tebastarrak garaitu zituen Keroneako guduan (338), eta handik gutxira Eubeako eta Peloponesoko lurraldeak eskuratu zituen. Korintoko Liga sortu zuen orduan, heleniar herri guztiak bere inguruan bildu eta Persiar inperioa menderatu asmoz. Baina hil egin zuten (336); Filiporen ordez Alexandro haren semea egin zen errege. Traziarrak eta iliriarrak haren kontra matxinatu baitziren, kanpaina bati ekin zion haiek zapaltzeko. Tebastarrak une hartaz baliatu ziren mazedonia hiriari erasotzeko, baina Alexandrok berehala zapaldu zuen Tebasko hiria, eta biztanle guztiak esklabo gisa saldu zituen. Grezia barruko gatazka guztiak bukatu ondoren, Persiako inperioa menderatu zuen Alexandrok. Era hartan bi kulturak elkartu ziren, Greziakoa eta Ekialdekoa, eta hura izan zen zibilizazio helenikoaren hasiera. Alexandro 323. urtean hil zenean, hark bildutako inperioa banatzeko gerrak hasi ziren. Azkenean, diadokoen (Alexandroren jeneralen) esku geratu ziren erreinuak: antigonidak Mazedonian, seleukotarrak sortaldean eta lagidak Egipton. Greziako hiriek borrokan jarraitu zuten burujabetasunaren alde, harik eta Erromak menderatu zituen arte (K.a. 146). Handik aurrera greziar kulturak eta, orobat, helenikoak Erromako mundua sakonetik eraberritu zuen.

Gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako greziar gizartearen ezaugarri nagusiak hauexek izan ziren: askeen eta esklaboen arteko banaketa, gizonezko eta emakumezkoen eginkizun ezberdinak, jaiotasunaren oinarritutako ezberdintasun-gabezia erlatiboa eta erlijioaren garrantzia. Herritarrak eta ez-herritarrak bereizten ziren, eskubideei begiratuta.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atena jainkosari sagaratutako Partenoia.

Greziako gizartea politeista zen, garai mezenikoan asmatutako jainko anitz gurtzen baitzituzten. Hirietan egiten zen, batez ere, erlijio bizitza. Hiri bakoitzak zuen bere jainko babeslea, eta hari eskaintzen zizkioten tenpluak. Errituak konplexuak ziren, eta jainko bakoitzeko erritu bat izaten zen. Otoitzak, eskaintzak, opariak, herri jaiak eta jokoak ziren gurtza nagusiak; haien artean zeuden Joko Olinikoak ere, lau urtez behin udan antolatzen zirenak. Garrantzi handikoak ziren orakuluak, hots, apaizen bidez jainkoek ematen zituzten erantzunak, eta ez zen egitasmorik aurrera eramaten jainkoei aholkua eskatu gabe. Delfos hirikoa zen orakulurik ezagunena. Apolori eskainitako santutegia zen Delfos, Apolo baitzen argiaren eta egiaren jainkoa, Zeusen semea eta Artemisaren neba. Bertan pitonisa batek eman ohi zuen erantzuna, eta apaizek hari entzundakoak idazten zituzten.

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Grezian arteak, eginkizun estetikoaz aparte, erlijio zeregina edota helburu praktikoa zuen. Artistak soldata baten truke lan egiten zuen, eta haren obrak behar eta egitasmo jakin bati erantzuten zion.

Arkitektura Jauregiarena izan zen brontze aroko Greziako arkitekturaren eraikuntza adierazgarriena. Kultura minoikoan jauregiek ez zituzten harresiak babesteko, solairu bat baino gehiago izaten zuten, eta haien oina labirintoaren tankerakoa zen, erdian lauki zuzenaren itxurako patioa zutela. Sabaian zulo batzuk izaten zituzten argia sartzeko eta egurasteko. Eraikuntzari eusteko zutabeak eta euskarriak erabiltzen ziren, hasieran zurezkoak eta harrizkoak gero. Zutabearen gerriak alderantziz jarritako konoaren tankera zuten eta gorriz pintatuta egoten ziren; kapitelak, berriz, beltzak eta abako itxurakoak ziren. Gelak horma irudiz apainduta egon ohi ziren.

Kultura mizenikoan jauregiek harresi sendoak zituzten inguruan babes gisa. Aldi arkaikoan, VIII. mendetik aurrera alegia, arkitektura egitura berriak agertu ziren eraikuntzetan; etxeak eta tenpluak arrunt sinpleak ziren eta ekai sotilez eginak. VII. mendean finkatu zen greziar tenpluaren egitura klasiko ezaguna (Olinpiako Heraion tenplua): harresi erregularrak, bi isuriko teilatuak eta peristilo arkupedunak.

Arkitektura egiturek, ordea, halako ñabardura eta berezitasun batzuk izan zituzten leku batzuetatik besteetara, hiru arkitektura ordena edo estilo desberdin izan baitziren: doriarra, joniarra eta korintiarra. Aurrez pentsatutako egitasmo bati jarraitu gabe altxatzen ziren etxeak eta eraikuntzak agoraren inguruan, eta egitura apaingarriak (frontoiak, frisoak, triglifoak, metopak, moldurak eta terrakota polikromatuzko estaldurak) erabiltzen ziren arkitekturako atalen funtzionalismoa estaltzeko. Eraikuntzetan era askotako kareharriak erabiltzen ziren, gero zuritu eta pintatu egiten zirenak. Zurgintzan zedroaren eta gaztainaren zura erabili ohi ziren, eta brontzea, urrea eta bolia apainketarako.

Korintiar estiloa K.a. V. mendean hasi zen erabiltzen, hasieran doriar estiloarekin nahastuta (tholoi Basaskoa). Geroago, hiru arkitektura ordenak nahastu ohi ziren eraikuntza bakar batean. Santutegiak arkitekturako egitura erraldoiak izan ziren: Pesto, Selinonte, Agrigento, Olimpia, Korinto, Eleusis, Atenas, Delfos, Delos, Zirenne eta Samos ziren handienak. Era askotako eraikuntzak eta egiturak biltzen ziren santutegietan: arkupeak, liburutegiak, gimnasia etxeak, antzokiak eta tenpluak. Alexandroren konkista ugarien ondoren, ekialdeko eragin sakona jaso zuen greziar arkitekturak.

Eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miloseko Afrodita, ezagunagoa Miloko Venusa izenarekin.

K.a. VII. mendekoak dira eskulturaren lehenengo adierazpenak; giza itxurako jainkoen irudikapenak dira (Xoanon). Denborarekin, ordea, eskulturak errealismoaren bidea hartu zuen, eta gizonezkoaren zein emakumezkoaren gorputzaren perfekzioa bilatzea izan zuen helburu. VI. mendearen bigarren partean lortu zuten errealismoak eta adierazgarritasunak goren maila eskulturan, hainbat pertsonaiaz betetako iruditerietan (Sifnosko altxorra). K.a. 450. urtean artista talde bat sortu zen Atenasen; haien artean Fidias izan zen nabarmenena, eta artista haiek greziar polisaren funtsa zen ideal aristokratikoa islatu zuten beren lanetan (Partenoiko eta Erekteiongo eskulturak). Aldi berekoak dira Argosko Polikleto, giza gorputza geldiaren kanona edo eredua sortu zuena, eta Peonio Mendekoa. K.a. IV. mendean adierazgarritasuna eta alegoriazko egiturak areagotu ziren (Praxiteles, Eskopas, Timoteo). Helenismoarekin ekialdeko eraginak indar eman zion adierazgarritasunari eta higidurari (Viktoria Samotraziakoa, Lakoonte).

Pintura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Knossosseko jauregiko fresko minoikoa.

Horma pintura apaingarri gisa erabili izan zen aldi minoikoan eta mizenikoan. Aldi haietan pinturaren gai erabilienak itsasokoak, zezenena eta emakumeena izan ziren, eta kolore biziak ziren erabilienak: gorria, urdina, zuria eta horia. Aldi arkaikotik eta klasikotik ez da pintura askorik gorde, eta pintatutako zeramikak dira gorde diren eredu bakarrak. VI. mendean irudiak beltzez margotzen ziren buztin gorriaren gainean, eta xehetasunak lerro etenez egiten ziren. K.a. 530. urte inguruan estilo berri bat agertu zen, irudiak gorriz eta xehetasunak beltzez margotuak zituena. Geroago, dekorazioa aberatsago eta oparoago egin zen, baina, azkenik, ekoizpena ugaritu eta apainketa lana kopiatzera mugatu zen; hala, sormenik gabeko eta kalitate eskaseko lan bilakatu zen.

Filosofia eta zientzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Greziako lehenengo filosofo ezagunak Tales Miletokoa (K.a. 624-547), Anaximandro (K.a. 610-547) eta Pitagoras (K.a. 582-507) izan ziren. Filosofoak ez ezik, matematikariak, fisikariak eta astronomoak ere izan ziren haiek, izan ere, ordu arteko ezaguera guztiak bildu baitzituzten, eta gertaera eta fenomeno partikularrak azaltzen zituzten hastapen eta teoria unibertsalak eman baitzituzten aditzera. Sokrates aurreko filosofo haiei esker, beste zientzia berri batzuk sortu ziren; esaterako, medikuntza, Hipokrates izan zuena sortzaile eta buru, eta historia (Herodoto eta Xenofonte).

Polis demokratikoen hasieran izan ziren iraultzek gizakiarekiko interesa piztu zieten greziar filosofoei. VI. mende bukaerako sofistek (Gorgias eta Protagoras) eguneroko bizitzari buruzko gaiak eztabaidatzen zituzten. Sokrates (K.a. 470-399) arimaz, moralaz, giza gogoaz eta psikologiaz aritu zen, eta eragin sakona izan zuen bere jarraitzaileengan, Euklidesengan eta Fedonengan, esate baterako; hala ere, Platon izan zen Sokratesen jarraitzailerik garrantzizkoena (K.a. 427-347). Platonek metafisika zabal bat sortu zuen, ideien teoria zuena muin eta gune, eta bere idatzietan Sokratesen teoriak eman zituen ezagutzera elkarrizketen bidez. Atenasko eskola sortu zuen Platonek eta han hezi ziren gerora entzute handia hartu zuten greziar filosofo asko: Aristoteles, Polemon, Krates eta Krantor, beste askoren artean.

Aristotelesek (K.a. 384-322) filosofia errealista sortu zuen, Platonen idealismoari aurre eginda, arrazoiaren zientzia laguntzailea den logika sistematizatu zuen, eta zientzian saioek eta esperientziek duten garrantzia eta horien arauak irakatsi zizkien bere jarraitzaileei. Aristotelesen filosofiak berebiziko eragina izan zuen gerora kristau pentsalari batzuengan, San Agustinengan, adibidez. Alexandro Handiaren konkistekin batera greziar kultura ekialdera hedatu zen eta horrek bi ondorio ekarri zituen; batetik, polisetako kulturaren gainbehera eta, bestetik, kultura helenikoaren jaiotza, kultura kosmopolita eta batasun irmoa zuena. Alexandriako eta Pergamoko liburutegiak izan ziren helenismoa zabaldu zuten kulturguneak eta zientzialari handiak sortu ziren haien itzalean: Euklides (K.a. 330. urte inguruan), Arkimedes Sirakusakoa (K.a. 280-212), Aristarko Samotraziakoa (K.a. 320-250) eta Hiparko Nizeakoa (K.a. 190-120) besteak beste. Helenismoaren garaian filosofia eskola berriak sortu ziren: zinikoak, estoikoak eta epikureoak.

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epidauroko antzokia.

Greziako literatura izan zen Europan izan zen aurrenekoa eta bere bilakaeran ia genero guztien oinarriak jarri zituen. Aldi arkaikoan agertu ziren Iliada eta Odisea poema epikoak, polis guztien arteko greziar kultura zaharra sortzeko laguntza handikoak izan zirenak biak ere. Hesiodok (K.a. 700. urte inguruan) segitu zuen epikaren tradizioarekin Lanak eta egunak liburuan. K.a. VII. mendetik aurrera lirika indarra hartuz joan zen, bai musika tresnen laguntzaz kantatzen zena, bai errezitatzen zena ere.

Hitz laua VI. mendearen bigarren partean hasi zen indartzen, Asia Txikiko joniar hirietan batik bat. Hekateo Miletokoa izan zen lehenengo narratzaile eta historialari ezaguna. Aldi klasikoan Atenas bihurtu zen Grezia guztiko kulturaren eta literaturaren gune nagusi. Aldi hartan agertu zen antzerkia eta bere bi moduak: tragedia eta komedia. Eskilo izan zen tragediaren sortzailea, baina Sofoklesek eman zion bere egitura klasikoa. Bere obretan (Ajax, Antigona, Edipo erregea, Elektra) gizonaren handitasuna goratzen zuen, halabeharrezko patuaren aurrean.

Euripidesek gizonaren grina islatzen zuen, eta politikari eta erlijioari buruz indarrean zeuden ideiak kritikatzen zituen gogortasunez (Medea, Hipolito). Komediak eguneroko bizitzatik hartzen zituen gaiak. Hasieran gizartearen eta politikaren satira izan zen: Aristofanesek burla egiten zien bere obretan (Igelak, Hodeiak) bere garaiko politikari ospetsuenei. Denborarekin gaiak aldatu ziren eta Menandro etxe barneko gatazkei buruz aritu zen bere obretan. Hitz lauzko historia lanak ere bere goren maila hartu zuen aldi klasikoan (Herodoto, Tuzidides eta Xenofon); eta hizkuntza filosofikoari esker grekoak adierazpiderako ahalmen handia hartu zuen. Helenismoaren aldian lirikak eta antzerkiak eredu klasikoak imitatu zituzten. Era berean, zientziaren hizkuntza sortu zen, matematikak, fisikak, geografiak eta astronomiak indar handia hartu baitzuten aldi hartan.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antzinako Grezia Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]