Apartheid

Wikipedia, Entziklopedia askea
Durban hondartzako (Hegoafrika) apartheid seinalea ingelesez, afrikaansez eta zuluz, hondartza zurieentzako bakarrik dela ohartaraziz

Apartheid hitzak "arrazazko bereizketa" esan nahi du afrikaansez. Gutxiengoan zeuden zurien gobernuek Hegoafrikan aplikatu zuten erregimen sozio-politikoaz aritzeko erabiltzen da batik bat. Garai luze haretan (1948-1990), gehiengo beltzak pairatu behar izan zuen giza eskubideen murrizte larri hura.

Aurrekariak

  • 1917an Jan Smuts-ek, 1919an Hegoafrikako Lehen Ministro izan zenak, "apartheid" hitza erabili zuen lehenengo aldiz hitzaldi batean.
  • 1948an Fagans Komisioa deiturikoak ikertu zituen bereizketaren zantzuak, ordurako hasiak zirenak, Jan Smuts jaunaren jendarteko ospea gutxitzen ari zela aprobetxatuz.

Arraza-segregazioa Hegoafrikan

Langile zuriak, edozein jatorrikoak -britaniarrak edo afrikanerrak-, eta haien erakunde politikoak (...) beldur ziren langile beltzek egin ziezaieketen lehiarengatik. Hori dela-eta, printzipio hauei jarraitu zieten: colour bar (kolore-hesia) eta job reservations (langile zurientzat erreserbatutako lanen sistema).

(...). Boerren gerra amaitu zenetik (1899-1902) (...) nazionalistek hauteskundeak irabazi bitartean (1948) ezarri ziren apartheidaren oinarri juridikoak eta praktikoak. (...) Oso garrantzitsua izan zen Native Land Act (Sorterriko Lurren Legea) ere (1913): haren bidez, lurrak desjabetu zituzten, eta afrikarrentzat "erreserba indigenak" sortu zituzten: lurraldearen %7,5 zuten, nahiz et biztanleriaren % 78 izan; eremu "zuriak" berriz, lurraldearen %92,5 betetzen zuen.

(...) 1923an, (...) europarren auzoetatik bereizitako bizitokiak ezarri zituzten beltzentzat: "township" esaten zitzaien.

Marc Ferro (zuzenduta) "Koloniarismoaren liburu beltza", 2005

Kronologia

  • 1948an Daniel François Malan hautagaiak hauteskundeak irabazi zituen. Berehala hasi ziren eratzen "apartheid"-aren sistema.
  • 1949an, "The Prohibition of Mixed Marriages Act" ezkontza mistoak debekatzen zituen legea onartu zuten; Urte berean, African National Congress (ANC) alderdia protestak eta grebak antolatzen hasi zen.
  • 1950an "Group Areas Act" legeak zurien esku utzi zituen hiriko gunerik hoberenak, eta beltzak kanpoaldeko guneetara ("township") bidali zituzten. Soweto ("South Western Township") da gune horietako adibiderik ezagunena, Johannesburg-en; "The Immorality Act" legeak kriminalizatzen zituen zurien eta beltzen arteko sexu-harremanak; "The Population Registration Act" dekretuak hiritarrak lau multzotan sailkatzen zituen: zuriak, indiarrak, beltzak eta koloredunak; "komunista" izateko susmagarria zen alderdi oro debekatzen zuen "The Suppression of Communism Act" legeak.
  • 1953an "The Reservation of Separate Amenities Act" legeak galarazi zuen arraza ezberdineko jendeak leku publiko bera erabiltzea (iturriak, komunak etab.); "The Bantu Education Act" dekretua jende beltzaren hezkuntza maila murrizteko diseinatu zuten.
  • 1956an "The Mines and Work Act" legeak lan arloan arrazaren araberako bereizketa ahalbidetzen zuen.
  • 1958an "The Promotion of Black Self-Government Act" dekretuaren bidez, beltzentzako eremu independenteak ("homelands") sortzen hasi ziren. Haatik, Hegoafrikako Gobernuak eragin handia zeukan lurralde horietan.
  • 1960an, Sharpville-ko Sarraskian poliziak 69 manifestari beltz hil zituen.
  • 1964an Nelson Mandela mugarik gabeko kartzelaldian jarri zuten, beste ekintzaile batzuekin batera.
  • 1966an Hendrik F. Verwoerd presidente zuria hil zuten.
Zuriek erabiltzeko
  • 1971an "Black Homeland Citizenship Act" legearen arabera, "homelands"-etan bizi zirenek ez zuten aurrerantzean Hegoafrikako hiritartasuna izanen eta, horrela, are eskubide gehiago galdu zituzten.
  • 1973an Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Orokorrak "Apartheid krimena zigortzeko eta ezabatzeko nazioarteko akordioa" erdietsi zuen.
  • 1974an "The Afrikaans Medium Decree" dekretuak afrikaansak eta ingelesak eskoletan izan behar zuten estatusa arautu zuen, erdia eta erdia emanez, Lehenengo Hezkuntzako azken urtetik aurrera.
  • 1976an istilu larriak gertatu ziren Soweton, ia 600 ikasle hil baitzuen poliziak.
  • 1977an Steve Biko ikasleen buruzagia eta ekintzailea hil zen, poliziak atxilotu eta torturatu ondoren.
  • 1978an (eta 1983an) NBEak "World Conference Against Racism" egin zuen, arrazismoaren aurkako munduko biltzarra.
  • 1985-88: Pieter Botharen agindu zorigaiztokoan herrialdeak garairik bortitzena nozitu zuen. 1984an Desmond Tutu apezpikuari Bakearen Nobel Saria eman zioten, egoeraren aurka egindako lanagatik. 1985an salbuespen-egoera ezarri zuten eta, horren ondorioz, milaka herritar preso hartu eta torturatu zituzten.
  • 1990an Frederik de Klerk presidente izan zen. Herrialdeak nazioarteko presio handiak jaso ondoren, erreformak egiteari ekin zion. Urte bereko otsailaren 11n, espetxean 27 urte igaro eta gero, Nelson Mandela kalera atera zen. Bestalde, Namibiak independentzia eskuratu zuen Hegoafrikatik.
  • 1994an Nelson Mandelak erraz irabazi zituen hauteskundeak eta Hegoafrikako presidente bihurtu zen.

Zineman

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Apartheid Aldatu lotura Wikidatan