Apirileko Tesiak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Apirileko Tesiak
Jatorria
Egilea(k)Vladimir Lenin
Ezaugarriak
Genero artistikoasocial criticism (en) Itzuli
Hizkuntzaerrusiera

Apirileko Tesiak (errusieraz: апрельские тезисы) Vladimir Lenin lider boltxebikeak kaleratu zituen ildoak izan ziren, Suitzako erbestealditik Petrogradora itzuli zenean. Tesi hauek Errusian zeuden edota erbestetik bueltatzen ari ziren kide boltxebikeei zeuden zuzendurik, batez ere. Sobietek (langile-kontseiluak) boterea hartzearen alde egin zuen, liberal, sozialdemokrata eta behin-behineko gobernuaren aurka gogor egin zuen, boltxebikeei azken honi ez laguntzeko eskatuz eta politika komunista berriak aldarrikatu zituen. Apirileko Tesiek, Uztaileko Egunetan eta Urriko Iraultzan eragina izan zuten, leninismoarekin identifikatzen direlarik.

Egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tesiak 1917ko apirilaren 17an (Juliar egutegian, apirilaren 4a) argitaratu ziren, Nikolas II.aren abdikazioa, Errusiako Inperioaren amaiera eta behin-behineko gobernu liberal baten ezarpena ekarri zuen Otsaileko Iraultza gertatu eta hilabetera. Behin-behineko gobernua liberal eta sozialista moderatuen esku zegoen, botere exekutiboa hauteskunde bitartez aukeratuko litzatekeen gobernuaren esku egongo zen demokrazia bat ezartzea zutelarik helburu, baita asanblada konstituziogilea deitzea ere.

Otsaileko Iraultza eta gero, Leninek ahalik eta azkarren Errusiara bueltatzen saiatu zen. Hau nahiko zaila zen, estatu neutral batean (Suitza) isolatuta baitzegoen, inguruko herrialdeek Lehen Mundu Gerran borrokan zenbiltzan bitartean. Fritz Platten komunista suitzarrak Alemaniar Inperioarekin negoziatu zuen Lenin eta bere kideak Alemaniatik igarotzeko baimena; burdinbideak erabiliz egingo zen hau, "tren zigilatua" deituko zitzaion trenean. Gobernu alemaniarraren itxaropena, Leninen Errusiara heltzearekin batera bertan ezinegon politikoa sortu eta gerora herrialdeak Lehen Mundu Gerran kapitulatu egin beharko lukeela zen. Era honetan, Errusiak amore emanda, ekialdeko frontea itxi eta Alemaniak indar osoak Frantzia, Erresuma Batua eta gainontzeko aliatuen kontra erabili ahal izango zituen. Izatez, Urriko Iraultzaren ondoren boltxebikeek boterea eskuratu zutenean, hauek bakea sinatu zuten Brest-Litovsk itunean

Alemania gurutzatu ondoren, Leninek itsasontziz Suediara egin zuen, hortik aurrerako bidaia Eskandinavian zehar, komunista suediarrek prestatu zutelarik. 1917ko apirilaren 16an (Apirilak 3, egutegi errusiar zaharraren arabera) Lenin trenez heldu zen Petrogradoko Finlandiako geltokira.

Apirileko Tesiak 1917ko apirilaren 7an (apirilaren 4ean egutegi zaharrean) argitaratu ziren Pravda egunkari boltxebikean eta egun berean, Leninek irakurri zituen Errusia Osoko Soldadu eta Langileen Diputatuen Sobieten Konferentzian.

Apirileko tesiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gerrarekiko dugun jarrerari dagokionez (...), ez dugu ezertan amore emango. (...).
  2. Errusian, une honetan, iraultzaren lehen alditik (..) bigarrenera igarotzen ari gara; bigarren aldi horretan, botereak proletarioen eta nekazari pobreen esku geratu behar du (...).
  3. Behin-behineko gobernuari laguntzarik ez ematea.
  4. Onartu behar dugu diputatu langileen sobiet gehienetan gure alderdia gutxiengoa dela (...). Masari azaldu behar zaio diputatu langileen sobietak direla gobernu iraultzailea ezartzeko modu bakarra.
  5. Ez errepublika parlamentario batera. (...) diputatu langileen sobieten errepublika batera baizik (...).
  6. Lur-jabe handien lur guztiak konfiskatzea. Herrialdeko lurrak nazionalizatzea (...).
  7. Herrialdeko banku guztiak batzea, sobieten kontrolaren mende egongo den banku nazional handi bat sortuz (...).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]