Apolo tximeleta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Apollo tximeleta» orritik birbideratua)
Apolo tximeleta
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaLepidoptera
FamiliaPapilionidae
LeinuaParnassiini
GeneroaParnassius
Espeziea Parnassius apollo
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa

Apolo tximeleta[1] mendi-inguruetako tximeleta enblematioenetariko bat da. 800 metrotik gorako altueran bizi ohi da, eta Europako mendigune gehienetan aurki daiteke. Habitat Arteztarauaren (CEE/92/43) IV. eranskinean aipatzen da, eta babes hertsia behar duten interes komunitarioko espezietzat jotzen denez, babestu beharreko espeziea da. Euskal Herrian, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean dago populazio esanguratsuenetariko bat.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina handiko tximeleta da, 60 eta 80 mm bitarteko hego-zabalera duena. Emeak arrak baino handixeagoak izan ohi dira, eta itxura ere ezberdina da. Arrak argiagoak dira; izan ere, emeek, ile grisez estaliriko hegoak dituzte, eta ozeloak markatuagoak dira. Oinarri zuriko hegoak dituzte, zeharargiak direnak, eta aurreko hegoetan, arrek zein emeek, hainbat orban beltz dituzte; atzekoetan, berriz, ingerada iluneko eta barnealde zuriko bi orban gorri dituzte. Gorputza oso iletsua da, kolore gris ilunekoa.

Euskal Herrian eta Iberiar penintsulan bizi ez den espezie batekin soilik nahas daiteke tximeleta hau, Apolo txikiarekin (Parnassius phoebus), hain zuzen. Azken horrek, aurreko hegoetako aurre-ertzeko orban beltz baten barrualdea gorri kolorekoa du. Horrez gain, apolo txikiaren antenak zuri-beltzak dira.

Beldarrak kolore beltza du, eta ertzetan orban hori edo laranjak izaten ditu.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako mendigune ia guztietan aurki daitekeen espeziea da, Espainiako Mendikate Betikotik hasi eta Eskandinaviako, Siberia mendebaldeko eta Anatoliako mendietaraino. Alemania erdialdean eta Danimarkan galdutzat jotzen da espeziea.

Euskal Herrian Pirinioetan eta Arabako eta Gipuzkoako mendigune altuenetan aurki daiteke, beti ere 800 metrotik gorako altueran.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi-mendietako larre harritsuak dira espezie honen habitat nagusia, eta teilatu-belarrak (Sedum sp.) dira behar dituzten landare-espezie garrantzitsuenak, landare horien hostoetaz elikatzen baitira larbak.

800 metroko altueratik 2.000 metroko altueraraino aurki daiteke espeziea. Populazioak oso lekutuak izan ohi dira, eta normala izaten da mendi hegal batean edo bailara jakinetan soilik aurkitzea.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtean generazio bakarra sortzen duen espeziea da, uniboltinoa, alegia. Emeak landare krasulazeoen (teilatu-belarrak (Sedum sp.), betibiziak (Sempervivium sp.)...) inguruan ezartzen ditu arrautzak udaren amaieran –ipuruen (Juniperus sp.) hostoetan, sarri–, eta udazkenean garatu arren, egoera horretan igarotzen dute negua –arrautzen barruan larbak guztiz garaturik daudela–, harik eta, udaberriaren hasieran zabaltzen diren arte. Larbek 2-3 hilabeteko bizitza izaten dute, eta maiatza amaieran edo ekainean pupatzen dira. Pupak arroken azpian ezarri ohi dira, normalean, eta krisalida-egoerak 3 aste irauten ditu. Ondorioz, helduek maiatza eta uztaila bitartean egiten dute hegan, lekuaren, garaieraren eta sasoiaren arabera (Tolman & Lewington, 2008).

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sedum generoko landareen hostoetaz elikatzen dira apolo tximeletaren larbak, teilatu-belar zuria (Sedum album), batez ere.[2]

Iraute-egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

IUCNren Zerrenda Gorriko II. eranskinean zerrendaturiko espeziea da, eta baita Habitat Arteztarauaren (CEE/92/43) IV. eranskinean ere[3]. Ondorioz, espeziea duten estatuek haren kontserbaziorako neurriak hartu behar dituzte. Hala gertatu da Europako herrialde askotan; hala nola Liechtensteinen, Finlandian eta Suedian.

Europako herrialde gehienetan beherakada handia pairatu du azken mendean, Alemanian, Norvegian, Suedian eta Frantzian, kasu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Alberdi Estibaritz, Antton. Apolo tximeleta (Parnassius apollo). EuskalNatura.
  2. (Ingelesez) Tolman, T.; Lewington, R.. (2008). Collins Butterfluy Guide. 2. ed.. Londres: HarperCollins Publishers.
  3. (Ingelesez) Gimenez, Dixon. (2006). Parnassius apollo. 2006 IUCN Red List of Threatened Species.. IUCN.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]