Apuleio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Apuleio
Apuleio
Datu pertsonalak
Jatorrizko izena Lucius Apuleius Madaurensis
Jaio 125 aldean
Madaura
Hil 180 aldean

Apuleio Madaurakoa[1] (latinez: Apuleius Madaurensis; Madaura, 125 aldean - 180 aldean) latinezko prosa idazlea izan zen. Metamorfosis edo Asinus aureus (euskaraz, Urrezko astoa) izenburuko eleberriaren egilea izateagatik da batez ere ezaguna, zeina antzinako literaturatik osorik gorde den eleberri bakarra den[2]. Filosofo platoniko eta retoriko gisa ere izan zen ezaguna. Zientzia dibulgazio lanak ere idatzi zituen[3].

Bizitza

Apuleioren bizitzari buruzkoak berak idatziriko Florida idazlanetan eta Apologia defentsa-hitzaldian oinarritzen dira. Kartagon 160-170 urteetan berak emandako hitzaldiek bere bizitzako datuak ematen dituzte. Getulia eta Numidia artean kokaturiko Madaura hirian jaio zen. Hiriko buru baten semea zela, ordea, jakina da. Kartagon gramatika, erretorika eta filosofia ikasi zituen. Atenas hirian bere filosofia ikasketak sakondu zituen, bere pentsaera platonismora zuzenduz. Ondoren, Erroma ere bizi izan zen. Egipto eta Asia Txikia ere bisitatu zituen bertako filosofoaik eta erlijioak ikasiz. Azkenik, Afrikara itzuli zen 30 bat urte zituela. Hasiera batean, Alexandriara joateko asmoa zuen, baina bidean egungo Tripoli hiritik gertu dagoen Oea hirian gaixotu eta bertan Sicinius Pontianus izeneko lagunarekin topo egin zuen. Honek Aemilia Pudentilla bere ama alargunarekin ezkontzeko proposamena egin zion, familiako ondasunak aitaren senideek beretzat hartu nahi baitzituzten. Apuleio Pudentillarekin ezkondu zen 155-156 urteetan. Pontianus hil eta Pudentillaren sendia Apulioren aurka jarri eta salaketa jarri zioten, emaztea bereganatu eta bere aberastasunak eskuratzearren sorginkeriak baliatu zituela argudiatuz. Salaketa honen aurka Apologia izeneko defentsa-lana idatzi zuen. Epaiketa Sabratha hirian ospatu zen 156-158 urteeetan eta Claudius Maximus prokonsula izan zen epaile. Eztabaidagarria da errugabetu zuten baina epaiketaren ostean Kartagon jarraitu zuen bere karrera.

Apuleio retoriko ospetsu bihurtu zen eta bere omenez estatuak altxatu ziren Kartagon eta Oean, besteak beste. Apuleiok berak jasotako bere hitzaldien zati aukeratuak Florida izeneko lanean aurkitzen dira. Bertan denetariko gaiak aztertzen dria, hala nola historia, mitologia, geografia, etnografia, historia naturala etab. 160. urtetik aurrera ez da berari buruzko berririk gorde. 170 urtearen inguruan hil zen[4][5].

Apuleio idazlearen lanen argitalpen baten aurrealdea, non Asinus aureus eleberriko Panfila, hontz bihurtzen dela, eta urrezko astoa agertzen diren. Apuleio erdian agertzen da irudikatua.

Lanak

Oso idazle sutsua izan zen, baina liburu asko galdu dira. Hots, bere tratadu teknikoak; botanikaz, medizinaz, astronomiaz, paremiologiaz eta abar... Zenbait obra filosofikoak ideia platonikoekin eta paripatetikekin badauzka: Deo Socratis liburuan Sokrates gidatzen zuen genioaz idazten du; De Platone et eius dogmate-n Platonen dotrinak azaltzen ditu; eta De mundo-n Aristotelesi itzultzen dio.

Idatzi retorikoetatik Florida besterik ez daukagu eta Apologia bere hitzaldi sorginkeria salaketari aurka egiteko (salaketa horrek alargun aberats batekin sorginkeria baliatuz ezkondu zela zioen).

Idatzien artean Asinus aureus edo Urrezko astoa, Metamorfosis izenburuz ere ezagutzen dena, gailentzen da. Lan honen idazlearen identitatearen eztabaida ez dago itxita. Dirudienez, Apuleiok ipuin batean oinarritu zen, Luzio eta astoa, Patrasko Luziorena. Luziano Samosatakoak ere liburu horren laburpena egin zuen. Hala ere, Apuleiok gauza berriak gehitzen dizkie harian.

Eleberriak Luzio, Tesalian barrena bidaiatzen den saltzaile baten abenturak aipatzen ditu. Bat batean asto bilakatuko da, bere arima gordez betiere. Asto izanik nagusi batzuk izango ditu: lapurrak, saltzaileak, gudariak, jopuak, eta abar. Hitz egiteko gaitasuna izan ez arren, Luziok gizarte maila guztiak agertuko ditu. Obraren barrena patetismoa, komikotasun eta satira nahasten dira, batzuetan gidoia korapilatzen duten ipuinen bitartez. Baina Apuleiok mitoa eta erromantizismoa baliatzen ditu, Kupido eta Psikeren ipuinean bezala.

Erdi Aroan Urrezko astoa oso irakurria izan zen eta Boccaccio eta Cervantesengan eragin zuen.

Erreferentziak

  1. Apuleio bere nomen zen. Bere praenomen ezezaguna da. Pizkundean Lucius ezarri zitzaion praenomen gisa Asinus Aureus bere eleberriko pertsonaia berarekin identifikatzen baitzen, eta hori dela eta, Lucius Apuleius izenez ere ezagutzen da. Antzinako eskuizkribuetan Apuleius philosophus Platonicus izena ere ematen zaio.
  2. Zaharragoa den Petronioren Satyricon eleberritik zati batzuk bakarrik geratzen dira.
  3. (Ingelesez) Julia Haig Gaisser:Apuleius: A Celebity and His Image.
  4. (Ingelesez) Jack Lindsay, Apuleio: The golden ass, 5-29 orrialdeak.
  5. (Ingelesez) Lucius Apuleius, www.encyclopedia.com webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Apuleio Aldatu lotura Wikidatan