Arabako Errioxako Kuadrilla
- Artikulu hau Arabako kuadrillari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Errioxa (argipena).
|
Arabako Errioxako Kuadrilla |
||
|---|---|---|
|
|
||
| Azalera | 315,83 km² | |
| Biztanleria | 11.360 (2010) | |
| Dentsitatea | 35,96 bizt / km² | |
| Udalerriak | 15 | |
| Herririk handiena | Oion (3.246 biztanle) | |
Arabako Errioxako Kuadrilla edo Arabako Errioxa (ofizialki Biasteri-Arabako Errioxako Eskualdea[1]) Araba osatzen duten zazpi Kuadrilla edo eskualde administratiboetako bat da, Errioxa eskualde geografikoaren zatia. Hiriburua Guardia da; hala ere, Oion da udalerririk jendetsuena (3.246 biztanle 2010ean).
Ebro ibaiaren ertzean dago kokatuta eta klima mediterraneoa du. Ardo ekoizpena da jarduera ekonomikorik garrantzitsuena.
Eduki-taula |
[aldatu] Udalerriak
Ondoko udalerriak biltzen ditu:
| # | Udalerria | Kontzejuak | Alkatea | Alderdi politikoa | Biztanleria (2010) |
Biztanleriaren %-a | Azalera (km²) |
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1 | Bastida | Buradon Gatzaga | Ignacio Gil Orive | PP | 1.471 | 12,9 | 38,17 |
| 2 | Bilar | Gerardo Olano Medrano | EAJ | 367 | 3,2 | 17,50 | |
| 3 | Ekora | Iñaki Ibáñez Fenández | PP | 286 | 2,5 | 18,80 | |
| 4 | Eltziego | Rafael Cruz Sáenz Castro | PSE-EE | 1.051 | 9,2 | 16,32 | |
| 5 | Kripan | Luis Agustín Loero Marañón | EAJ | 195 | 1,7 | 12,52 | |
| 6 | Guardia | Campillar, Páganos, Serna | María Jesús Amilibia Argote | EAJ | 1.512 | 13,3 | 81,08 |
| 7 | Lantziego | Manuel Zabala González | PP | 696 | 6,2 | 24,20 | |
| 8 | Lapuebla de Labarca | Daniel Espada Garrido | EAJ | 866 | 7,6 | 5,99 | |
| 9 | Leza | José Ignacio Pérez de Loza Martínez de Cañas | EAJ | 236 | 2,1 | 9,92 | |
| 10 | Mañueta | Roberto Blanco | PP | 329 | 2,9 | 9,46 | |
| 11 | Moreda Araba | Míriam Garrido Remírez de Ganuza | PSE-EE | 249 | 2,2 | 8,67 | |
| 12 | Navaridas | Emilio Ramos Martínez de Lapiscina | EAJ | 211 | 1,9 | 8,92 | |
| 13 | Oion | Gorrebusto Labraza |
Alberto Ortega Melón | EAJ | 3.246 | 28,6 | 45,16 |
| 14 | Samaniego | Abilio Iza Ruiz | EAJ | 329 | 2,9 | 10,64 | |
| 15 | Villabuena Araba | Juan José García Berrueco | EAJ | 316 | 2,8 | 8,48 | |
| Arabako Errioxako Kuadrilla | 11.360 | 100 | 315,83 |
[aldatu] Inguru naturala eta klima
Arabako Errioxa Ebro ibaiaren sakonunearen barnean dago, Toloñoko mendilerroak iparraldean eta Ebro ibaiak, hegoaldean, mugatuta. Kantauri itsasotik gertu dagoen arren klima kontinental leuna du Arabako Errioxak (urtean 16,7 gradu batez beste eta 430 mm ur).
Landarediari dagokionez landareak mediterraneoak dira nagusi, ezpela, artea, pinua eta makala ibaien inguruan. Ebro ibaia da Arabako Errioxako ibai nagusia, eta bertan isurtzen dute ura Toloñoko mendilerrotik jaisten diren errekek (Herrera, Mayor, Pisarnoso, Acequia, Gines, Uneba, Galijo, Viñaspre, Valvarriñaga, Conchaval, Buenpajera eta Valdevaron).
[aldatu] Historia
K.a. 5000. urtetik, Mesolitotik, hainbat herri finkatu edota igaro dira Arabako Errioxatik. Atlantiko eta Mediterraneo aldeetako kulturen arteko bilgunetzat hartu izan da Arabako eskualde hori (kultura zelta, zeltiberiarra eta euskalduna). Erromatarrak Ebroko goi arroan egokitu zirenean, herri euskaldunak (autrigoiak, barduliarrak edo baskoiak) bizi ziren Arabako Errioxan.
V. mendetik aurrera, Erromako inperioa deuseztu ondoren, bisigodoen begiradapean geratu zen Arabako Errioxa euskalduna. VIII. mendean, Errioxako lurrez jabetu ziren arabiarrak. X-XI. mendeetan, Nafarroako eta Gaztelako koroek gutiziaturiko eremu bihurtu zen Araba guztia. Arabako Errioxa Nafarroako lurra zen, Lizarraldeari zegokiona eta hala iraun zuen XVI. mende hasiera arte. XV. mendean hasi zen, gaztelerak bultzatuta, euskararen gainbehera Errioxan.
[aldatu] Kultura
Hizkuntzari dagokionez, gaztelania da nabarmen nagusi Errioxa Arabarrean. 1996an, 978 euskaldun, 831 ia-euskaldun eta 7.673 erdaldun bizi ziren bertan. Nolanahi ere, ia-euskaldunen kopuruari erreparatuta ikus daitezkeenez, indar aipagarria hartu du euskalduntzeak azken urteotan.
[aldatu] Ekonomia
Alor ekonomikoan, eskualde aberatsa da Errioxa Arabarra. Industriak osatzen du eskualdeko balio erantsiaren zatirik handiena: 1996ko datuen arabera, sektore horrek ekartzen zuen aberastasunaren % 46, 4 puntutan Arabako batez bestekotik gora. Nolanahi ere, datu hori zehaztu beharrekoa da, batez besteko horretan aparteko eragina baitu Oion udalerri jendetsu eta industrialak.
Bestalde, oro har ardogintzari lotutako lehen sektoreko jarduerek aparteko garrantzia dute eskualdean. Ardogintzaren inguruan, bestalde, zerbitzuak eta turismoari zuzendutako jarduerak ere eraberritzen ari dira Errioxa Arabarrean azken urteotan.
[aldatu] Ardogintza
Errioxa mahats lurralde oparoa izan da historian zehar, eta, Nafarroarekin batera, ardoz hornitu ditu luzaroan iparraldeko euskal lurraldeak. Mundu osoan ospetsu bihurtu da gaur egun Errioxako ardoa. Mediterraneo aldeko erromatarrek irakatsi bide zizkieten errioxarrei mahatsa lantzeko eta ardoa egiteko teknikak. Erdi Aroan bere horretan iraun zuten teknika horiek. XIX. mendearen bukaeran, teknika berriak abiarazi zituzten Errioxako ardogintzan Bordele aldeko ardogile frantsesek eta gaurko egunean ardo industria modernoa dago Errioxan.
Eskualdea Errioxako ardoa ekoizten duen hiru azpi-eskualdeetako bat da. Tartean, Guardia, Eltziego eta Lantziego dira herri ekoizle nagusiak.
[aldatu] Pertsonaia ezagunak
- Felix Maria Samaniego (1745-1801), idazlea.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.
- ↑ Azaroaren 20ko 63/1989 Foru Araua, eskualdeei buruz., Arabako Batzar Nagusiak, http://www.jjggalava.es/acc/eu/normas/normas_territorial_juntas/1/html/TOriginal.pdf. Noiz kontsultatua: 2010-12-26
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Arabako Errioxaren turismo webgune ofiziala
- (Euskaraz)(Gaztelaniaz) Arabar Errioxako udalerrien ikerketa heraldiko-kulturala, EHU eta Eusko Ikaskuntzak sustatua
|
|||||||||||||||||||||||||