Arabako Mendialdea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Mendialdea

 Araba

Arabako Mendialdea armarria

Mendialdea.svg
Azalera 534,87 km²
Biztanleria 3.179 (2010)
Dentsitatea 35,96 bizt / km²
Udalerriak 6
Herririk handiena Kanpezu (1.126 biztanle)

Arabako Mendialdea edo Kanpezuko kuadrilla euskal lurralde hori osatzen duten zazpi kuadrilla edo eskualdeetako bat da. Arabako hego-ekialdean dago, Nafarroarekin muga egiten duen eskualde menditsuan.

Hiriburua Kanpezu da.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde honek 487 km2-ko lur-eremua hartzen du, topografia malkartsu eta zailekoa, inguru honetan: Inglares ibaiko sorlekua; Egako arro garaia; Izkizeko mendiak; Laminoria, Kanpezu, Harana eta Arraiako haranak; eta Entziako partzuergoa. Iparrean, Entziako mendilerroa eta Iturrietako mendiak ditu; ekialdean, Trebiñu; mendebaldean, Lokizeko mendilerroa; eta hegoaldean, Toloño eta Kodesko mendilerroak. Entziako mendilerroak eta Iturrietako mendiek Arabako Lautada, alde batetik, eta Maeztu eta Haraneko lurrak, bestetik, bereizten dituzte.

Egituraren aldetik, Trebiñuraino luzatzen den Urbasako sinklinorio handiaren jarraipen dira, eta iparretik datorren eraginari oztopo bioklimatikoa jartzen diote; horren ondorioz, iparraldeko mendi-hegalek klima atlantikoa duten, eta hegoaldekoak, berriz, askoz ere mediterraneoagoak dira.

Gailurrik garaienak mila metrotik gorakoak dira: Lazkueta 1.124 m, Atxuri 1.106 m eta Santa Elena 1.115 m. Lautada eta hegoaldeko lur garaien arteko lotura egiteko, mendi arteko iraganbideak erabiltzen dira, Andoin, Bikuña eta Opakuakoa besteak beste; haietan daude Arabako garaierarik handieneko herriak {Iturrieta, Erroitegi eta Erroeta). Toloño eta Kodesko mendilerroa jarraitutasun handikoa da, beti ere E-W norabidean, eta 1.300 m-tik gorako gailurrak ditu: Cruz del Castillo 1.458 m, Peña del Leon 1.394 m, Joar 1.414 m; Arabako hirugarren oztopo bioklimatikoa da. Mendi-tarte horietan haran eta ibai-arroak daude; haien artean Maeztuko harana, diapiro-egitura eta morfologia zirkularrekoa, eta Haranekoa dira garrantzizkoenak.

Haran horietatik abiatzen dira Kanpezuko sakanerainoko korridoreak, Izkizeko basoa, eta Bernedotik Urizaharrerainoko korridorea Toloño mendilerroaren oinean. Oztopo geografiko horrek baditu, noski, bere iraganbideak: Kodeskoa eta Ebro ibaiak Conchas de Haron duen irtenbidea dira nagusiak. Iraganbide horien bitartez giro atlantikoa eta Mediterraneoa hegoalderantz sartzen dira, zona horien ezaugarri klimatiko eta biogeografikoak aldatzeraino; eragin horren lekuko da Kanpezu, besteak beste. Eskualde honetako klima iraganbidekoa dela esan daiteke, ozeanikoaren eta mediterraneoaren erdibidekoa. Euriak oso gorabehera handikoak dira leku batzuetatik besteetara: mendia hurbilago, euria ugariago.

Dena dela, urtean batez besteko euria 700 eta 1.500 mm bitartean dago. Tenperaturak urtean batez beste 1l°C-koak dira. Ekialdean, sinklinalaren hegoko alderdiko eranskin gailen txikien gainean, topografia malkartsuko mendi sail eta haran definituak ageri dira (Harana, Antoñana); lurralde horietan, egiturazko antolamendua konplexuagoa da, eta ezaugarri klimatikoak ñabardura handiagoz aztertu behar dira: aldameneko zenbait eskualdetan baino euri gehiago egiten du (Trebiñuko arroa, kasu), garaiera handiagoan baitago. Landaredia ugaria eta askotarikoa da, eta lekuan lekuko ezaugarri topografikoei oso lotua dago: iparrera begira dauden hegaletan, pagoa (Fagus syivatica) eta haritza (Quercus robur) dira nagusi; hegora begira daudenetan, sahatsa, besteak beste. Alderdi horietan, Quercus pyrenaica aipatu behar da; adibidez, Izkizeko mendietan lur-eremu handi samarra hartzen du erkametzak, eta horren kariaz gune natural izendatu dute. Hegoaldeko mendilerroen laiotzetan, hezetasun ugariaren eraginez, pagadiak ageri dira ostera, erkametzak baino garaiera handiagoko lekuetan. Aitzitik, egutera molde mediterraneokoa da, leku garaienetan ezpeleta eta artadia (Quercus ilex rotundifoiia) nagusi baitira, eta beherenetan abaritza (Quercus coccifera) eta erromeroa.

Demografiaren bilakaera biztanle-galtze izugarriak markatu du, XX. mendearen hasieratik gaurdaino: 1990ean 8.042 biztanle zituen, eta 1991n 3.197 besterik ez ziren; murrizketa, beraz, % 60koa da ia. Dentsitatean asko nabarmendu da, noski: XX. mendearen hasieran kilometro koadroko 16,5 biztanleak gaur egun 6,6 besterik ez dira.

Biztanleria galtzea 1960 eta 1975 bitartean gertatu zen batez ere, hamabost urte horietan biztanleriaren % 35 galdu baitzen orotara, Gasteiz, Laudio eta Amurrio hazi ziren hein berean.

Nekazaritza garatzea ez da erraz halako topografia malkartsuan; basoginrza eta abeltzaintza nagusitzen dira, ondorioz. Abeltzaintza Arraia-Maeztun, Bernedo, Kanpezu eta Urizaharrean biltzen da, eta batez eta ardiak, zerriak eta behiak hazten dira. Industriak ez du ia batere garrantzirik, Maeztuko asfaltoen aspaldiko ustiapena alde barera utzirik. Mendateetan barna abiatzen dira errepideak, Lautadarekin lotzeko (Azazeta, Opakua edo Ulibarri) nahiz Errioxarekin elkartzeko (Bernedo eta Herrera). Errepide autonomikoek (A-126 eta A-132) nahiz eskualdekoek (A-2124 eta A-2128) edo herrietakoek osatzen dute errepide-sarea.

Udalerriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri hauek biltzen ditu:

# Udalerria Kontzejuak Alkatea Alderdi politikoa Biztanleria
(2010)
Biztanleriaren %-a Azalera
(km²)
1 Arraia-Maeztu Aletxa
Apinaiz
Areatza
Atauri
Azazeta
Birgarabarren
Birgaragoien
Elortza
Erroeta
Erroitegi
Ibisate
Korres
Maeztu
Musitu
Sabando
Zekuiano
Ángel Marcos Pérez de Arrilucea Pérez de Alday EAJ 708 22,3 123,11
2 Bernedo Angostina
Arluzea
Bernedo
Berrozi
Durruma Kanpezu
Izartza
Kintana
Markiz
Navarrete
Okina
Urarte
Urturi
Villafria
Juana Velasco Arroniz EAJ 575 18,1 130,44
3 Harana Alda
Done Bikendi Harana
Kontrasta
Uribarri Harana
Pedro San Vicente Corres EAJ 296 9,3 39,12
4 Kanpezu Antoñana
Bujanda
Santikurutze Kanpezu
Oteo
Urbisu
Aitor Aginaga Legorburu EAJ 1.126 35,4 85,02
5 Lagran Lagran
Pipaon
Villaverde
José María Martínez Fernández EAJ 178 5,6 45,62
6 Urizaharra Baroja
Faido
Loza
Montoria
Pagoeta
Urizaharra
Luisa María Alonso Pinedo Independentea 296 9,3 57,06
Arabako Mendialdea 3.179 100 534,87

6 udalerri horiez gainera, bi herri-lur ere barnean hartzen ditu kuadrillak: Urizahar, Lagran eta Lañuko Komunitatea eta Entzia-Iturrietako Partzuergoa.

Inguru naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kodesko mendilerroak hego-ekialdean Lizarrerri nafar eskualdetik banatzen du. Arabako Errioxatik, bestela, Toloñoko mendilerroak bereizten du.

Bestela, Izkiko natura-parkea azpimarratzekoa da, Bernedo, Arraia-Maeztu eta Kanpezu udalerrietan banatua.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baseliza erromaniko hauek daude eskualde honetan: Markinezko San Joan (Bernedo), Uribarri Haraneko Andra Maria eta Kontrastako Elizmendiko Andre Maria (Harana) eta Maeztuko Virgen del Campo (Arraia-Maeztu).

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Arabako Mendialdea

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]