Arabia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Arabiar penintsula
Arabiar penintsula satelite bidez ikusia
Arabiar penintsula satelite bidez ikusia
Geografia
Arabian peninsula definition.PNG
Kokalekua Asia
Koordenatuak 23°N 46°E / 23°N 46°E / 23; 46
Azalera 3.237.500 km2
Punturik garaiena Jabal an Nabi Shu'ayb 3.666 m.
Administrazioa
 Saudi Arabia
 Bahrain
 Arabiar Emirerri Batuak
 Jordania
 Kuwait
Demografia
Biztanleria 77.983.936

Arabia edo Arabiar penintsula[1] Asiako hego-mendebaldeko penintsula da, Ekialde Ertainean, hiru itsasoren artean kokatua: Persiar Golkoa, Indiako ozeanoa eta Itsaso Gorria. Bertako klima basamortukoa da, guztiz lehorra. Mugak: Jordania eta Irak, iparraldean; Aqabako golkoa eta Itsaso Gorria, mendebaldean; Persiar Golkoa, ekialdean. 3.000.000 km2eta 15.000.000 biztanle inguru ditu.

Arabian dauden herrialdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Islam aurreko Arabia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. IX. mendeko testu akadtar eta hebrearrek Mesopotamiako basamortuan, gaur egun Arabia denaren ipar-mendebaldean kokatzen dute Aribi, Arabu, Arubu (akadtarrek) eta Arab (hebrearrek) deituriko herria. Geroago, gerrak galdu arren beti matxinadetan aritzen ziren arabiarrak aipatu zituzten asiriarrek beren kroniketan. Persiak nolabaiteko eragina izan zuen arabiarrengan: Xerxesen armadako gudarien artean, arabiarrak ere baziren (K. a. 481).

Arabiaren iparraldean egokituriko herriek (hebrearrak, babiloniarrak, persiarrak) antzinako ekialde klasikoari begira bizi behar izan bazuten ere, Arabia hegoaldean bizi ziren semita herriek zibilizazio arras berezia ezagutu zuten. Kristo aurreko testu hebrear batek ematen du Sabako estatu baten berri. K. a. 24an, Augustok Egiptoko gobernaria igorri zuen lurralde haiek konkistatzera. Hego Arabia nekazaritzako teknika aurreratuei esker (ureztatze-teknikak eta terrazak) lorturiko gaiez bizi zen, baina gainerako arabiar lurraldeetako bizimodua zeharo bestelakoa zen. Beduino nomadak azienda-hazkuntzatik bizi ziren, eta oasietan laborantza- eta azienda-hazkuntzaz bizi ziren taldeak nomaden razzien mendean zeuden. Horietaz gainera, Mesopotamia, Siria eta Palestina inguruko lurraldeetan ere bizi ziren arabiarrak. Arabiako Nabatene erreinua (Petra, hiriburua) erromatarren aliatua izan zen. 106. urtean, Trajanok bereganatu, eta Arabiako probintzia eratu zuen. III. mendearen bukaeran, lakhmidak Siriako basamortuan nagusitu ziren, erromatar eta sasandarrekin aliatu, eta Bizantziotik egotzitako nestoriarrak onartu zituzten. Beste dinastia bateko arabiarrak, gasanidak, Bizantziorekin aliatu eta kristau monofisita bihurtu ziren. Islama sortu zen garaian, politeismo arabiarraz gainera, kristautasun monofisita, kristautasun nestoriarra eta judaismoa ziren Arabiako penintsulako erlijioak.

Islamaren garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

VII. mendean, Mahomak Arabiako tribu guztiak batu zituen Medinako estatu musulman berriaren inguruan. Laugarren kalifa izendatu ondoren piztu zen gerra zibilaren garaitik aurrera, penintsulatik kanpora lerratu zen arabiar aginpidea. Mendebaldeko Arabiako gobernariak Medinan eta Mekan aukeratzen zituzten, eta ekialdekoek Basoran zuten egoitza. Medina eta Meka hiri santuak ziren garai hartan arabiarren erlijioaren eta kulturaren gune nagusiak. Dinastia abbastarraren garaian, Bagdad izan zen Arabiako hiri nagusia. Arabian barne-gatazka handiak izan ziren, ordea: ibadiarrek lau mendez burujabe izan zen erresuma eraiki zuten Omanen.

IX. mendean, berebiziko propaganda-lana egin zuten kalifen aginpidea zalantzan jartzen zuten Ali-ren aldekoek. X. mendean, karmatiar ismailiarren matxinada Arabian barrena zabaldu zen, eta beste hiriburu bat eraiki zuten (al-Ahsa). X. mendearen erdialdetik aurrera indartu zen Mekako aginpidea, sharif titulua harturik. Hainbat dinastiak izan zuten, mendeetan zehar, sharif-kargu hori: fatimiak, seljuktarrak, ayyubiarrak, mamelukoak. Yemenen, aginpide askeari eutsi zioten rasuldarrek (1228-1446) eta, 1506. urtean, Sharaf al-din Yahya-k gure egunetara iritsi den zaidien Imam dinastia sortu zuen.

Selim I.ak Egipto konkistatu ondoan (1517), Turkiako otomandarren mende gelditu zen Arabia.

Mugimendu wahhabtarra eta Bani-Saudiarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendean, Islam aratz eta garbi baten alde jardun zuen Muhammad ibn Abd al-Wahhab garbizalearen dotrina izugarri zabaldu zen Arabian. Aldaketa garrantzizkoak izan ziren Arabian. Muhammad ibn Saud dotrina horren aldeko gartsu bihurtu zen, eta haren semeak Meka hartu zuen 1803an: bertako sharifa egotzi, eta saudiar wahhabtarren aginpidea Arabia osora zabaldu zuen. Sultan otomandarrak Muhammad Ali, Egiptoko paxa-ri, agindu zion saudiarren matxinada iraungi zezan, eta saudiar estatua ezartzeko lehen saioak porrot egin zuen.

Wahhabtarrek eta saudiarrek Arabia erdialdera jo behar izan zuten babes bila. XIX. mendeko lehen erdialdean hasi zen Europaren kolonialismoa penintsulan zabaltzen. Britainiaren kolonia bihurtu zuten Aden 1839. urtean. Hijaz, Arabia mendebaldeko lurraldea baizik ez zen otomandarren esku gelditu. XX. mendearen hasieran, Abd al-Aziz saudiarrak mugimendu wahhabtarra berrantolatu zuen, erakunde militar oso ongi prestatuak eratuz. Lehen Mundu Gerran, ingelesak saudiarrez eta Mekako sharifaz (Husayn ibn Ali, haxemia) baliatu ziren turkiarrei aurre egiteko. Geroago, ingelesek Husayn sharifari eutsi eta Arabiako errege eta kalifa (1924) izendatu zuten. Abd al-Aziz ibn Saud-ek ez zituen, ordea, armak utzi: Asir herrialdea hartu zuen (1920) eta, Najd basamortu-eremu handiaren jabe egin ondoren, Hijaz eskualdeari eraso zion: Meka eta Jidda hiriak 1925ean hartu zituen. 1932an Saudi Arabia erreinuaren sorrera aldarrikatu zuen.


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arabia Aldatu lotura Wikidatan


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]