Aral itsasoa

Koordenatuak: 45°N 60°E / 45°N 60°E / 45; 60
Wikipedia, Entziklopedia askea
Aral Itsasoa» orritik birbideratua)
Aral itsasoa
Datu orokorrak
Garaiera31 m
Motaformer lake (en) Itzuli, salt lake (en) Itzuli eta aintzira
Luzera428 km
Zabalera284 km
Azalera8.303 km²
Sakonera42 m
8,7 m
Geografia
Map
Koordenatuak45°N 60°E / 45°N 60°E / 45; 60
Honen parte daMediterranean Sea Area (en) Itzuli
Estatu burujabe Kazakhstan
Hidrografia
Betebidea
Arroaren azalera690.000 km²

Aral itsasoa[1] (kazakheraz: Арал теңізі, errusieraz: Аральскοе мοре, uzbekeraz: Orol dengizi, tajikeraz: Баҳри Арал, persieraz: دریاچه خوارزم‎Daryocha-i Khorazm) Asia Erdialdeko aintzira endorreiko edo barne itsasoa da, Kazakhstan (iparraldean) eta Uzbekistango Karakalpakstan eskualde autonomoaren (hegoaldean) artean kokatua. Aralgo ura gazia da.

1960ko hamarkadatik, Aral itsasoaren azalera asko murriztu da, bertara isurtzen duten ibaien isuraldatzeak direla eta. Izan ere, Sobietar garaian, Amu Daria eta Sir Daria ibaietako ura Uzbekistan eta Kazakhstango lurrak ureztatzeko bideratzen hasi ziren. 1960an 68.000 km² izatetik gaur egun (2004ko datuak) 17.160 km² izatera pasatu da. Horrez gain, armagintza, industria eta ongarri isurketengatik itsasoa oso kutsatuta dago.

Aral itsasoaren eraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenozoikoan Aral Itsaso Beltzari loturik zegoen. Bereizi eta gero, Asia Erdialdeko basamortuko beheragune bat izan zen. Pleistozenoan, duela 10 edo 20 mila urte, Amu Daria eta Sir Daria ibaiek urez bete zutenean, beheragunea hasieran oasi eta gero aintzira bihurtu zen.

Aral itsasoaren agortzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aral itsasoaren bilakaera

1960. urtean, SESBak Amu Daria eta Sir Daria ibaietako ura desbideratzea erabaki zuen, Asia Erdialdeko basamortuko eremuak ureztatzeko. Horrela, sobietar Asia erdialdean arroza, meloiak, zerealak eta, batez ere, kotoia ekoizten hasi zen. Izan ere, Sobietar Batasunak munduko kotoi ekoizle handiena bihurtu nahi zuen, eta lortu egin zuen; gaur egun Uzbekistan munduko kotoi esportatzaile handienetariko bat da.

Ureztatze-ubideak, eskala handian, 1930eko hamarkadan eraikitzen hasi ziren. Ubide horiek, eraikuntzari dagokionez, oso kalitate apalekoak zirenez, bidean ur asko galdu edo lurrundu egiten zen. Kara Kum ubidean (erdialdeko Asiako ubide handiena), adibidez, % 70a galtzen zen. Gaur egun ere, Uzbekistango ureztatze-ubideen luzera osoaren % 12a baino ez dago irazgaiztuta.

1960 baino lehen, urtero 20-60 kilometro kubiko ur isuraldatzen ziren. Horrek esan nahi du Aral itsasoa urez hornitzen zuen emari gehiena desbideratuta zegoela. Beraz, 60ko hamarkadan itsasoa murrizten hasi zen. 1961 eta 1970 artean itsasoaren mailak, batez beste, urtean 20 cm egin zuen behera. 70ko hamarkadan, beheratzea biziagotu zen, urtean 50-60 cm galtzera iristen baitzen. 80ko hamarkadan, itsasoaren mailak urtean, 80-90 cm egiten zuen behera. Hala ere, nekazaritza lurrak ureztatzeko gero eta ur gehiago erabiltzen zen: 1960 eta 1980 artean, ibaietatik isuraldatutako ura bikoiztu egin zen eta kotoi ekoizpena ia bikoiztu.

Oraingo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ontzi abandonatua Aral hiritik hurbil (Kazakhstan)
Aral hiriko portua (Kazakhstan)

Dagoeneko, Aral itsasoaren azalera % 60 murriztu da eta bolumena,ia % 80. 1960an, Aral itsasoa munduko aintzirarik handienetan laugarren zen, 68.000 km²-ko azalera eta 1100 km³-ko bolumena baitzuen. 1998an, azalera 28.687 km²-ra murriztua zen eta, halaxe, munduko aintzira handienetan zortzigarren bihurtu zen. Epe horretan, Aral itsasoaren gazitasuna 10 g/l-tik 45 g/l-raino handitu zen.

Uraren mailak etengabe behera egitean, 1987an Aral itsasoa bi zatitan banatu zen: Iparraldeko Aral itsasoa eta Hegoaldeko Aral itsasoa, azken hori ere beste bi zatitan banatuta. Itsasoaren iparraldeko eta hegoaldeko zatiak lotzeko ubide bat eraiki zuten arren, uraren mailak behera egiten segitu zuenez, 1999rako lotura etenda zegoen.

Hala ere, Iparraldeko Aral itsasoa babesteko zenbait lan egin ziren. adibidez, tartean ur gezaren jario etengabea segurtatzen duten presak eraiki ziren. 2003ko urrian, Kazakhstango gobernuak jakitera eman zuen zementuzko presa bat, Kokaralgo dikea deitua, eraikiko zuela, Aral itsasoko bi zati nagusiak bereizteko. Era horretan, Iparraldeko zatiaren ur-maila goratu eta gazitasuna gutxitu nahi zuten. Helburu horiek 2007an lortu ziren. Hegoaldeko Aral itsasoa, berriz, arrazoi ekonomikoengatik bere kasa utzia, hilzorian dago. Aspaldi honetan gatz-lautada izugarriak zabaltzen ari dira, neguak hotzagotzen eta udak beroagotzen dituztenak. Bertan sortzen diren hondar-erauntsiak Pakistan eta Artikoraino iristen dira. Ondorio kaltegarri horiek murriztu nahian, garai bateko itsasoaren hondoan zuhaitzak landatzen dituzte.

2003ko udan, Hegoaldeko Aral itsasoa aurrez ikusitakoa baino bizkorrago agortzen ari zen [2]. Haren gainaldea 30,5 metro itsasoz gora zegoen, aurrez ikusitakoa baino 3,5 metro beherago. Gazitasuna, bestalde, itsasoarena halako 2,4 zen. Aintziraren zatirik sakonenean, beheko ura goikoa baino gaziagoa da. Bi ur mota horiek elkarrekin nahasten ez direnez, aintziraren gaineko aldea gehiago berotzen da udan eta ura espero zitekeena baino bizkorrago lurruntzen da. Ikerketa batzuek diotenez,[2] Hegoaldeko Aral itsasoaren mendebaldeko zatia 15 urte barru erabat agortuta legoke. Ekialdeko zatiak, berriz, era ez-egonkorrean bada ere, iraun lezake.

Konponbideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko abuztuan Aral itsasoaren hego-ekialdeko zatia erabat agortu zen

Aral itsasoaren agortzeak ekarri dituen kalteak konpontzeko hainbat neurri proposatu dira:

  • ureztatze-ubideak hobetzea
  • ura gatzgabetzeko plantak eraikitzea
  • nekazariei zerga bat ezartzea, uraren erabileragatik
  • ur gutxiago behar duten kotoi aldaerak erabiltzea
  • Siberiako glaziarren ura Aral itsasora bideratzea
  • kotoigintzan produktu kimiko gutxiago erabiltzea

1994an Kazakhstan, Uzbekistan, Turkmenistan, Tadjikistan eta Kirgizistanek izenpetu zuten hitzarmenaren arabera, beren aurrekontuen % 1a Aral itsasoa berreskuratzeko erabili behar zuten. Herrialde horien arteko lankidetza, ordea, oso urria izan da.

Gaur egun, Kokaralgo dikeari esker, Iparraldeko Aral itsasoaren egoera hobetzen ari da.

2008ko abuztuan, Uzbekistango lehenbiziko GKE ekologista sortu zen. Haren helburuetako bat Aral itsasoaren egoera hobetzea da.

Aral itsasoa zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989an Dmitri Svetozarov zuzendari errusiarrak Psi filma egin zuen (errusieraz: Псы, euskaraz: «Zakurrak»), Aral itsasoaren arazo ekologikoetan oinarritutako thrillerra.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-10).
  2. a b http://www.newscientist.com/article/dn3947 Nicola Jones (2003). South Aral Sea 'gone in 15 years'

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]