Arandoñogoiti baserria

Koordenatuak: 43°12′08″N 2°31′29″W / 43.202297°N 2.524681°W / 43.202297; -2.524681
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arandoñogoiti baserria
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaMallabia
Koordenatuak43°12′08″N 2°31′29″W / 43.202297°N 2.524681°W / 43.202297; -2.524681
Map
Ondarea
EJren ondarea26

Arandoñogoiti Mallabian dagoen baserria da.

2008ko maiatzaren 9an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi isurkiko baserria, gailurra ekialde-mendebalde noranzkoan duena, familia bakarrekoa, mendi-hegalaren erdi aldean kokatua, 300 eta 500 koten artean. 16x16 metroko oinplano karratua du, eta beste atal bat ekialdeko fatxadari atxikia; azken horrek 8,60x7,20 metroko oinplano angeluzuzena du, eta, baserriak bezala, bi isurkiko estalkia. Horma guztiak harlangaitz agerikoz eta, zati batean, morteroz luzituekin eginak dira.

Mendebalderako fatxadan, harlanduzko gotikoa ageri duten hormatalak ditu eraikinak, eta bao hauek:

  • Sarrera zabala zirkulu erdiko arkuaz beheko solairuan, fatxadaren ardatz nagusitik bazterrera, eta dobela moduan paratutako hareharrizko harlandu handiekin eraikia; gaur egun itxita dago, eta leiho gisa ageri da. Giltzarrian gurutze latindar bat dago erliebean, idulki eta guzti. Horrez gain, solairu berean eta arkuaren eskuinaldera, geroago ireki ziren beste bi bao daude. Bestalde, hormatal honek kareharriz inguratutako bi gezi-leiho luze ageri ditu lehen solairuan.

Hegoaldeko fatxadan, baserri barrura sartzeko ateak lau mailako eskailera du. Sarrera horren ezkerrera, leiho baterako bao bat dago harlanduz inguratua. Ate horren eskuinaldera beste bi bao daude, eta lehena baserriko bizitegira sartzeko ate zaharra zen.

Erantsitako atalari dagokion fatxadaren luzapenean lau leiho-bao daude bi solairutan. Hegoaldeko fatxada osoan barrena, aireztatzeko irekiguneak ditu teilatupeko solairuak.

Ekialderako fatxadaren ezkerreko erdia eraikin atxikiak estaltzen du. Agerian dagoen eraikinaren atal nagusiaren beste erdiak bao hauek ditu alderdi honetan:

  • Beheko solairuan, sarbideko atetzar burudun bat bi orriko zurezko ate batez eta, eskuinera, leiho bat. Lehen solairuan tamaina ezberdineko bi leiho daude; txikiena harlanduz inguratua dago. Pinoian bao angeluzuzen txiki bat dago ganbararen solairua aireztatzeko.

Iparralderako fatxadak bi leiho ageri ditu atal atxikian, eta atal nagusian, Mallabia, atetzar bat teilatupeko txapitula handi batean, ganbarara zuzeneko sarbidea ematen duena.

Eraikin nagusia luzetarako hiru hormartek eta zeharkako beste lauk egituratzen dute, eta harrizko zapatez bermatutako pieza bakarreko zutoinek taxutzen. Erdiko harroinak eta egituraren mendebaldeko erdia moldatzeko, dolare gotiko bateko bost zutoin lau bernia eta kontrabernia ba baliatu ziren. Armazoian sobigaño edo askapeko habe batzuk ikus daitezke, garai bateko pats-askaren euskarri zirenak. Eraikinaren zurajea pieza bakarreko lau zutoinek osatzen dute. Habe etzanen eta zutabeen arteko loturez eta jabaloiekiko errefortzuez mihiztatutako zuraje horrek habe, petral eta gapirioez osatutako hezurdurari eusten dio, eta baita estalkiari errematea ematen dioten teila arabiarren berme diren oholezko itxiturari ere.

Solairuaren antolamendu funtzionala, ekialdeko fatxadako atetzarretik sartuta, lauzazko zorua duen ezkaratz batez taxutu da; handik, eskuinera joz, hego-ekialdeko bazterrean beheko sua duen gela batera heltzen da. Bertan, burdinurtuzko eltze bat dago ekialdeko fatxadaren horman sartua.

Bestalde, aipatutako ezkaratzaren ezkerraldera beste gela bat dago, eta hor zegoen antzinako supazterra. Gune horren aldamenean gaur egungo sukaldea dago, hegoaldeko fatxadara leihoa duena. Ezkaratzetik zuzen-zuzenean antzinako ukuilura heltzen da. Ukuiluaren zorua lauzaz estalia dago zati batean, baina iparreko aldean jatorrizko lurraren tuparri-geruzak ageri dira. Bertan dira ganadurako aska zaharrak; zurezkoak dira, baina harrizko lauzez bereiziak.

Jatorrizko Arandoñogoiti baserria XVI. mendean jaso zen, eta XIX. mendean bi solairuko eranskin bat gehitu zitzaion ekialdeko fatxadan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa