Arandoñolarrina baserria

Koordenatuak: 43°12′03″N 2°31′27″W / 43.200749°N 2.524122°W / 43.200749; -2.524122
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arandoñolarrina baserria
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaMallabia
Koordenatuak43°12′03″N 2°31′27″W / 43.200749°N 2.524122°W / 43.200749; -2.524122
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVIII. mendea
Ondarea
EJren ondarea44

Arandoñolarrina edo Larrinaga Mallabian dagoen baserria da.

2008ko ekainaren 24an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi isuriko baserria da, gailurra ipar-hego norabidean duena. Familia bakarreko etxea da, eta 290 eta 295 koten arteko plataforma batean dago kokaturik. Oinplano laukizuzenekoa da, 16,00 metro zabal da eta 17,50 metroko sakonera du. Eranskinak ditu fatxada nagusiko bi aldeetan, estalkiaren isurkien luzapenen azpian; eta horiek kontuan hartuta, fatxadaren aurrealdea 22,7 metro zabal da. Horrez gainera, fatxada nagusiaren eskuineko aldean 2,00x2,20 metroko eranskin bat du, bertan ogia egiteko labea dago, eta isuri bateko teilatutxoak estaltzen du.

Mendebaldeko fatxada sartzeko landa-bidearen ondoan dago. Fatxada horren eskuineko aldean, fatxada nagusiko eranskin horietako bat dago. Ez du aipatzeko moduko baorik.

Hegoaldekoa eraikinaren fatxada nagusia da, eta fatxada horretan, trapezio-formako ataripe bat dago. Ataripe hori hareharrizko lauza irregularrez dago estalirik, eta arku karpanel dotore batetik sartzen da bertara. Arkuak dobela eta leiho-zangoa landatuak ditu aurrealdean eta arkuaren intradosean. Arkuaren giltzarriak idulkidun gurutze baten erliebea du, eta idulkiaren alboetan maskor bat eta arrosa-leiho bat ageri dira. Hegoaldeko fatxadako erdiko arkuaren alde banatan, behe solairuan, bi leiho-bao daude, harlanduz eginak, eta ezkerrekoak leiho-barren molduratua du. Lehen solairuan, arkuaren gainean, harlanduzko bi leiho daude, eta alde bietan beste bi bao txikiago.

Teilatupeko solairuaren altueran, aireztapenerako lau irekigune daude, hiruki-formakoak, eta erdialdean idi-begi txiki bat, kanpoaldean irekiagoa barrualdean baino.

Ezkerreko eranskinaren fatxada-zatian sartzeko, bao dinteldu bat dago. Bao horrek bi orriko ate handi bat du, eta baoaren gainean, harlanduzko leiho-bao bat.

Ekialdeko fatxadan, ezkerraldeko eranskinean, leiho-bao bat dago. Ekialdeko fatxadan, horrez gainera, bada harlanduzko sarbide dinteldu bat, forjako burdineria-elementuak dituen orri bakarreko ate bat duena.

Iparraldeko (edo atzealdeko) fatxadan eraikinak bi bao hauek ditu:

Behe solairuan, eskuineko aldean, harlandu-horma artean dagoen estalki batek babestutako bao zabal dinteldu bat dauka. Ganbarako solairuan bi gezi-leiho ageri dira.

Eraikinaren barruko egiturak pieza bakarreko zortzi zutoin ditu, zeharkako hiru horma-arte eta luzetarako bost horma-artetan antolatuta. Zutoinen guztiak harroinen gainean daude. Zutoinek habeak elkartzen dituzte, aho-zirika motako loturen bidez. Lotura horiek miru-buztan motako besoen bidez daude indarturik zenbait kasutan. Horrek osatzen du zurezko solairuarteko forjatuen euskarri den egitura-sarea; eta solairuarteez gain, uhalak, gapirioak eta enlatatua, eta estalkiko teila arabiarrak ere egitura hori dute euskarri.

Ataripeko sarbidea ekialdeko fatxadako sarrerarekin lotzen duen zeharkako korridore batek antolatzen du solairua. Korridorean, sukaldera sartzeko sarbidea dago. Ataripeko eskuinaldeko atetik ere sar daiteke sukaldera zuzenean. Azken bide horretatik sartzeko, harrizko bi eskailera-maila igo behar dira. Sukaldeak beheko sua du, bai eta ogia egiteko laberako sarbidea ere. Egun sarbide hori itxita dago. Korridoretik ekialdeko eranskina osatzen duten bi geletara sar daiteke. Solairu horretako gainerako eremua ukuilurako erabiltzen da. Ukuiluak harrizko lurzoru naturala du, marga-geruzak agerian dituena.

Lehen solairuak bi gela ditu eta hegoaldeko fatxadatik jasotzen dute argia. Goiko solairua ganbara da.

Arandoñolarrina baserria XVI. mendeko bigarren erdikoa da. XVIII. mendeko bigarren erdian zaharberritu egin zuten, eta harlanduzko elementu gehienak eta arku-formako sarrera egin zituzten. XIX. mendean handitu eta zenbait eranskin egin zizkioten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa