Arantxa Urretabizkaia
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Arantxa Urretabizkaia | |
| Jaio | 1947ko uztailaren 1a | |
| Donostia (Gipuzkoa) | ||
Arantxa Urretabizkaia (Donostia, Gipuzkoa, 1947ko uztailaren 1a) euskal idazlea da. Eleberrigintzan jardun izan du batik bat, eta Zergatik panpox da haren lanik ezagunena. Halaber, itzulpenak, argitaletxeetarako lanak, zinemarako gidoiak, egunkarietarako zutabeak (El Diario Vasco) eta irrati (Euskadi Irratia) eta telebistarako (ETB-1) kolaborazioak egin izan ditu.
Historiako ikasketak egin zituen Bartzelonan. Lur argitaletxearen inguruko taldean hasi zen idazten, garaiko hainbat idazle gazterekin batera: Ramon Saizarbitoria, R. Arregi, etab. Ibon Sarasolarekin batera itzuli zuen Frantz Fanonen Afrika iraultzaren alde (1970) eta harekin eta R. Saizarbitoriarekin idatzi zuen Mendebaleko ekonomiaren historia (1970). 1977an Egin egunkarian hasi zen kazetari lanetan, eta geroztik, ETB-n eta Ere, El Diario Vasco, Deia eta El Mundo agerkarietan lan egin du. Zinemarako lanak ere egin ditu, gidoilari moduan: Albaniako konkista (1983) eta Lauaxeta (1987). Bi poema liburu idatzi ditu: San Pedro bezperaren ondokoak (1972), eta Maitasunaren magalean (1982). Baina batez ere, hitz lauzko kontalari gisa da ezaguna: Zergatik Panpox (1979), eleberri laburra; Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekulan bakarrik (1983), ipuin liburua; Saturno (1987), eleberria; eta Aurten aldatuko da nire bizitza (1992), gazteentzako kontakizuna. Oraingoz azkenekoa duen eleberria, Koaderno Gorria izenekoa, 1998an eman zuen argitara, eta bere poesiagintzari eskainitako liburua ere eman zen argitara 2000. urtean, XX. mendeko poesia kaierak bilduman. Ohiko lankide da, azken urteotan Euskadi Irratian, Euskal Telebistak, El Diario Vasco egunkariak eta Zabalik astekarian aritu da gehienbat.
Eduki-taula |
[aldatu] Lanak
[aldatu] Narrazioa
- Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (1983, Erein)
- Aurten aldatuko da nire bizitza (1992, Erein)
[aldatu] Nobela
- Zergatik panpox (1979, Hordago): Berrargitalpena Ereinekin 1985ean. Aditu batzuen ustez, idazlearen lanik hoberena da.
- Saturno (1987, Erein)
- Koaderno gorria (1998, Erein)
- 3 Mariak (2010, Erein)
[aldatu] Poesia
- Maitasunaren magalean (1982, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa)
- XX. mendeko poesia kaierak - Arantxa Urretabizkaia (2000, Susa): Koldo Izagirreren edizioa
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.