Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez

Wikipedia, Entziklopedia askea


Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez
Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez
Arantza Diaz de Ilarraza Ixa Taldearen Abbadia saria jasotzen (2013)
Datu pertsonalak
Izen osoa Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez
Jaio
Donostia (Gipuzkoa)

Arantza Diaz de Ilarraza Sanchez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle osoa da (EHUn irakasle osoa izan den lehen emakumea). Informatika Fakultatean lan egiten du 1981etik, Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailean.

Hizkuntzaren prozesamenduaren arloan aritzen den Ixa ikertalde finkatuko ikertzaile nagusia da. Besteak beste, Unibertsitateko, Euskal Autonomia Erkidegoko, Hezkuntza eta Zientzia/Zientzia eta Teknologia Ministerioaren eta Europar Batasuneko Oinarrizko Programaren deialdietako hainbat ikerketa-proiektu zuzendu ditu eta horietan parte hartu du, eta ikerketaren arloko enpresekin eta zentroekin kontratuak ere izan ditu.

ELEKA SL enpresaren sorrera bultzatu du; enpresa hori spin-off gisa sortu zen 2002an, UPV/EHUko IXA taldearen eta Elhuyar Fundazioaren arteko lankidetzaren ondorioz.

1991. urteaz geroztik, Lengoaia eta Sistema Informatikoak Sailak sustatutako doktorego-programetako irakaskuntzaren arduraduna eta partaidea izan da, eta 2006tik aurrera, berriz, master honen arduraduna da: "HAP: Hizkuntzaren azterketa eta analisia/Análisis y procesamiento del lenguaje”, baita izen bera duen doktorego-programarena ere. 12 doktorego-tesi zuzendu ditu eta 4 ikaslibururen egilekidea da. 180 liburu-kapitulu argitaratu ditu[1] [2], baita estatuko eta nazioarteko aldizkarietako artikuluak eta biltzarren aktak ere, informatikaren, adimen artifizialaren eta hizkuntzalaritza konputazionalaren arloetan. Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, berak idatzitako 40 lan baino gehiago agertzen dira[3].

Estatuko eta nazioarteko biltzarrak antolatzen lagundu du, eta horietako askoren Antolakuntza Batzordean eta Batzorde Zientifikoan parte hartu du. Hizkuntza Naturalaren Prozesamendurako Espainiako Elkartearen (SEPLN) zuzendariordea izan da, eta aldi horretan elkarteko aldizkariaren editorea ere izan da. Elhuyar Fundazioko ohorezko bazkidea da.

Horrez gainera, Lengoaia eta Sistema Informatikoak Saileko zuzendaria, UPV/EHUko Informatika Fakultateko dekanordea eta Fakultateko Batzarreko kidea izan da. Fakultate eta sail horietako hainbat kudeaketa-batzordetan parte hartu du. UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako idazkari akademikoa da 2012an.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Erreferentziak