Mizenastar arkitektura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arkitektura mizenastarra» orritik birbideratua)
Lehoien Atea, Mizenas

Mizenastar arkitektura[1] K.a. 1600 - K.a. 1100. urteen artean (ggb.) egungo Greziar lurraldean eman zen arkitektura mota da. Mizenas hiriko izena hartzen du. Arkitektura minoikoaren bidea jarraitzen du, aldaera batzuekin.

Jauregia da eraikuntza nagusia. Baina beste eraikuntza mota berri batzuk indarra hartzen dute, hilobia eta zitadela bezala. Kultura mizenastarra, kultura gerlaria zen. Mizenasterrek noblezia tholoi izeneko hilobietan ehorzten zuten (adibidez Atreoren altxorra), zibilizazio honen ezaugarri behinenetakoa.

Buztina erabiltzen da jauregiak eraikitzekoa, eta harria berriz harresientzako (gogortasuna) eta hilobientzako (iraunkortasuna).

Jauregiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tirinto, gazteluaren oinplanoa

Mizenasko zibilizazioaren goren mailan arkitektura lan aipagarriak egin ziren : jauregi edo gotorleku handiak, muino malkartsuetan, harresi ikaragarriez (5 m zabal) inguratuta. Ezagunak dira Mizenas eta Tirintokoak (Argolida), haina aipagarria da ere, adibidez, Gla uhartekoa (Beozia), zeinak 3 kilometroko harresia baitzuen. Harresi sendo horiek igarotzeko ateak ere ez ziren, noski, nolanahikoak ; ezagunena, beharbada, Mizenasko Lehoien Atea da, gotorleku hartatik gorde den atalik inportanteena. Benetan ikusgarria da ateburuko erliebea : bi lehoi, zutabe baten alde banatan, atezain. Haien gorputz tinko gihartsuek eta egikera simetrikoak antzinako Ekialde Hurbilaren eragina iradokitzen dute.

Mizenasko jauregiak egoitza gotortuak ziren beste ezer baino gehiago, eta gotortasun horrexek bereizten ditu Kretako jauregietatik, erabat ingurura zabalik. Salbuespen bakarra dago : Pilos. Esango litzateke ezen Pilos, Mesenia urrutian bakarrik, ez zela beste herrien erasoen beldur.

Jauregi mizenastarrak harresiz inguratuak zeuden eta kanpotik barrurantz eginak ziren. Fatxadak kanpoko aldera ematen zuen beraz, jauregi minoikoan ez bezala. Jauregia, hainbat eraikinek osatzen zuten. Hauetan garrantzitsuena erregearena zen, Megaroia, Erregearen etxea. Arkitektura mizenastarra, megaroi-arkitektura izenez ezaguna da ere, eta oso garrantzitsua izan zen ondoren garatu zen Arkitektura greziarrarentzat.

Jauregiotako gela nagusia, jauregiaren erdigunea, nolabait esateko, audientzia aretoa zen : megarona. Lauki zuzen baten itxurako gela handia zen megarona ; gelaren erdian, sabaiari eusten zioten zurezko lau zutaberen artean, sutondo biribil bat zegoen. Megaronaren aldamenetan beste gela asko izaten zen : janari biltegia (ardo eta olio pitxerrez betea), baxera gordetzeko gela, artxiboa (buztinezko oholtxoez beterik apalak) etab. Gela batzuk kanpotarren logeletarako gordetzen ziren eta beste txiki bat, lur egosizko ontzi edo upel moduko bat zuena, bainugelatzat erabiltzen zen. Gela gehienetan freskoz apainduta zeuden hormak.

Hilobiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atreoren altxorra, barnealdea

Hilobi arkitekturan ere hilobi mota berri bat sortu zen, biribila eta kupuladuna.

Muinoren albo batean egiten zen : muinoa albo batetik zulatu, ganbera biribil baten itxura emanez hustu, eta lurrezko tumulu batez estali. Korridore luze bat izaten zen, dromosa, barruko ganbera biribilerako sarbide. Hilobi horietako bat ixten zuen atearen arrasto gutxi batzuk aurkitu dira : zurezko ate gotor bat izan bide zen, bolizko eta urrezko apaingarriekin. Hilobi hauen hormak egiteko erabilitako harriak, putzu hilobietako harkoskor landugabeak ez bezala, harlanduak ziren, zehaztasun handiz ebakiak. Handienak, zeina bere bikaintasunagatik Atreoren altxorra deitzen baita (Mizenas), zortzi metroko ataburu erraldoia du, 120 bat tonakoa.

Putzu hilobiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Putzu hilobiak" lurrean oso barne zulatutako putzu handi moduko batzuk ziren ; paretak harkoskorrez eta buztinez eginak zituzten, eta hartxintxarrez estalia zorua.

Barrunbea ixteko, habeak jartzen ziren, eta harlosak edo landareez egindako tapiz moduko bat, buztinez irazgaiztua, gainean. Hilobia hegika jarritako harlosa handiez inguratzen zen, hilen lekua bizien lekutik bereizteko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]