Armorkora
Almora, Armura edo Armorkora dira tontortxo artifizial batzuen izena Arabako Kuartangon, Urbasan eta Ataunen.
Harri eta lur multzo hauen azpian, trikuharriak topatu dira. Trikuharrien beste izen batzuk, honakoak dira Murko, Morkuero, Treguharri, Mairuetxe, Jentilarri, Jentiletxe.
Murko da baita ere Itzako toponimo bat. Bertan erdi aroan herrixka bat egon zen.
Zenbait kasuetan, hala ere, murko hauek ez dira megalitoak edo haien aztarnak. Izan daitezke, esate baterako, belarrari leku gehiago emateko zelai-larretatik ateratako harrien pilaketak, edo antzinako artzain txabolen hondakinen pilaketak. Lehen, artzainek beraien txabolak oso gai hauskor eta ahulekin eraikitzen zituzten udako larreko mendimultzo handietan. Haren ondorioz, larre garaian neguan hondatutako aterpeak berreraiki behar izaten zituzten urtero...lehenengoaren hondakinen gainean. Haren ondorioz sortu ziren orain hain deigarriak diren, esate baterako, Aralarreko morkuero asko.
[aldatu] Trikuharrien inguruko sinismen eta elezaharrak
Euskal Herrian, Europako beste hainbat lekuetan bezala, giro mitiko bat dago megalito hauen inguruan. Erraldoiek edota izaki zein herri mitikoek eraikitako megalitoak dira, hilobitzat, etxetzat, tenplutzat...
Haien izenek ere, sarritan, mitologia horren berri ematen digute: Chabola de la Hechicera (Bilar), Sorginetxe (Arrizala), Kapelamendi eta Eskalmendi (Arrazua), Tartaloetxe (Zegama), Beotegi-Murko (Ataun), Urrezuloko Armura (Ataun), Bi Ahizpen Sepultura (Aritz), Mairietxe, Xuberazain-harri eta Malluxeko-harri(Mairuetxeko) (Mendiben), Xantxote-harria (Urepele), Saierrikolanda I trikuharria, Diruzulo, Jentillarri trikuharria (Aralar), Maramendi Hegoa trikuharria (Beizama), Maramendi Iparra trikuharria (Beizama), Urrezulko Armureako trikuharria (Idiazabal).
Euskal mitologiako pertsonaia hauek azaltzen dira trikuharriei loturik: Lamiak, Mairuak, Jentilak, Mairiak, Maideak, Tartalo, Mari bera, Murkoak, Maruak...
Sinismen horiek Pirinio guztian errepikatzen dira, esate baterako Alarps direlakoak (ikus Alarabi) dira Okzitaniako zenbait trikuharriren egileak.
- Oso zabalduta egon da Euskal Herrian, bai eta Pirinio guztian ere, altxorrak edota urrezko gauzak daudela lurperatuta trikuharrietan. Hori dela eta, altxor bilatzaile ugarik belaunalditan induskatu dituzte megalito horiek, urre bila, eta hainbat hondatu ere egin dituzte. Garai modernoek tresna berriak ekarri dizkiete urre-bilatzaile horiei, eta ezaguna da Karakate mendian zegoen trikuharri bat baserritar batek induskailu batekin txikitu zuela, ustezko altxorren bila.
- Zenbait mito, batzuk oso zaharrak, lotuta geratu dira megalito hauei. Esate baterako, Tartaloetxeko trikuharrian, bertako ehiztarien eta lehenengo artzainen arteko borrokak. Kristautasunaren etorrera Euskal Herrira. Aurreneko nekazaritzarena...
- Deigarria da, dena den, artzain eta baserritarren artean megalito horiek jendearen hilobiak zirelako ezaguera gaur egun arte heldu izana, kontuan harturik dirudienez duela milaka edo ehunka urte ez direla horretarako erabili. Hala ere, hori ez dago gaur egun oso argi ere, zenbait aurkikuntzak erakusten dutenez hainbat lurperatze oso berriak baitira. Fenomeno berbera ikusi ahal izan da Asturiasko zenbait trikuharritan. Horrek argituko liguke zergatik heldu den gaur egun arte ezaguera hori: artzainen kulturak Erdi Aro arte behintzat hilobitzat erabili dituelako zenbait trikuharri, nahiz eta gutxi izan. Kontuan hartu beharrekoa da, dena den, oso trikuharri gutxi induskatu direla egungo datazio teknikekin. Beraz, daitekeena da gai horretaz etorkizunean datu berriak eskuratu ahal izatea.
- Jose Duesok jaso zuen sinesmen bat, Arabako mendebaleko haranetakoa, hau dioena: «Morkuero hauetan, Murko izeneko izaki mitikoen herrikoak daude lurperatuta, eta Morkuero hauen barnean oraindik ere bizi dira». Sinesmen horren oso antzekoa da zelta mitologiako elezahar eta sinismen multzo handi bat. Adibidez, Irlandako Sidh: zelten beste mundua da, jainko eta heroien eremua, baina era berean hango morkueroak izendatzen ditu. Ingelesaren "Shee" handik dator. Irlandako mitologian, aos sí-ak (aes sídhe-en izen zaharra), naturaz gaindiko ireluen arraza oso boteretsua zen, beste mitologietako maitagarrien eta elfoen parekoak. Lur azpian bizi ziren, maitagarrien munduan, mendebaldeko itsasoaz haratago, edo mundu ikusezin batean, baina gizakien munduarekin batera existitzen dena. Morkueroak ziren bi mundu horien arteko ataria.
[aldatu] Bibliografia
- Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Migel Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbo 1976.
- "Nosotros los Vascos. Mitos leyendas y costumbres". Egilea, Jose Dueso. Argitaletxea, Lur. 1990.