Arotzaren eskuak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arotzaren eskuak
Datuak
Argitaratze-data2006ko martxoaren 9a
GeneroaSuspense
HizkuntzaEuskara
Herrialdea EH
BildumaEuskal Literatura
Orrialdeak252
ISBN978-84-9783-349-3

Arotzaren eskuak Alberto Ladrón nafar idazleak 2006 urtean plazaturiko suspensezko eleberria da. Hil berri den aitonaren baserrian aurkitutako gorpua eta bestelako aztarnak erailketa segida baten berri emango diote. Hasiera batean, hiltzailetzat aitona jotzen badu ere, bere kabuz daraman ikerketak ustekabeko emaitza izango du azkenik.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Anek aitonarengandik herentziaz hartutako baserri zaharrean egindako ustegabeko aurkikuntza batetik abiatzen da eleberria.
Eraildako gizonek zeuzkaten ushebti izeneko iruditxoak (irudian) beraien arteko lotura dira.

1: Aitonaren Eguzkienea baserri inguruetan lanean ari delarik, buru-hezurra aurkitzen du Ane Duhalde iruindar gazteak. Matias aitonak hil eta bertan lurperatu zuen pertsona dela bururatzen zaio hasiera batean.

2: Sei aste lehenago, inoiz ikusi ez duen aitona hil dela jakinarazten dio polizia batek dei baten bitartez. Horrekin batera, baserria herentzian beretzat utzi duela adierazten dio. Baserria dagoen Loperenak herriko idazkariarekin harremanetan jarri eta baserrira laguntzen dio. Inorekin harremanik ez zuen aitonaren gorpua hil eta hamar egunetara aurkitu zutela kontatzen dio bidean. Baserriaren egoera penagarria da: egunkari, liburu eta bestelako gauza pilak daude leku guztietan. Ate guztiak giltzarrapoz itxita daude. Kanpoko leihoetan ikur bitxiak daude margoturik. Baserriarekin zer egin pentsatzen hasten da. Gurasoen etxean bizi da eta lanik gabe dago. Badira sei hilabete bost urtetan ibilitako mutil laguna utzi duenetik, kostata, mutilak haustura onartu ez eta jazarpena egiten hasi zitzaiolako.

3: Anek baserriarekin geratzea erabakitzen du. Hasiera batean, asteburuetan bakarrik joaten bada ere, garbiketa eta konponketa txikiak egitera. Azkenean, ordea, bertan gertatzea erabakitzen du. Gauza zaharren artean argazki albuma aurkitzen du: aitona gaztea zeneko irudiak, fusila eskuetan, ikusten ditu, beste gazte batzuekin batera, Antzinako Egiptoko harrizko iruditxo bat, hortik aurrera Kleopatra izendatuko duena eta Ane txikia zeneko argazkiak. Horiek ikustean, negarrez hasten da, hunkiturik.

4: Aurkikuntzak asaldatuta ere, adorea biltzen du gorpua miatzeko. Diru-zorro bat aurkitzen du. Hor, besteak beste, Carlos Urrutia izeneko nortasun agiria aurkitzen du, non Donostiako helbidea agertzen den. Argazkiak lehenagotik ikusita duen gizona dela erakusten dio. Albumeko argazki batean aitonarekin agertzen den gazteetako bat da. Gorpua miatzen jarraitu eta bi eskuak falta zaizkiola ikusten du.

5: Poliziari deitzearen ideia baztertu eta bere kabuz ikertzea jarraitzea erabakitzen du. Objektuz mukuru betetako baserriko gelak miatzen hasten da. Okultismoari buruzko liburu pila aurkitu ondoren, aitona eroa ote zen galdezka hasten zaio bere buruari. Eskuak mozteko erritual edo zigorrei buruzko informazioa bilatzen hasten da Interneten, baina ez du ezer asko aurkitzen. Carlos Urrutiari buruzko informazio bila hasi eta ez du izen horrekin inongo telefonorik aurkitzen. Azkenean, haren bila Donostiara joatea erabakitzen du.

6: Urrutiaren nortasun agirian agertzen den Gros auzoko helbidera joan eta neska gazte batek zabaltzen dio atea, mesfikor hasiera batean. Carlos Urrutia aspaldian pisuko maizterra izan zela eta bere familiari alokairua ordaindu gabe alde egin zuela kontatzen dio. Gizon horren gauzetatik gorde duen objektu bakarra erakustean Ane harri eta zur geratzen da: Eguzkieneako Kleopatra iruditxoaren berdina da. Neskak ez du Urrutiari buruzko informazio gehiagorik eta Anek alde egiten du, eskerrak emanez.

7: Kleopatra harrizko iruditxoa aspaldiko laguna eta historiako irakaslea den Zesarrengaran darama Anek, baina honek ez dio iruditxoari buruzko informazio argirik: Egipton nahiz antigualeko azoketan eskura daitekeen iruditxoa da eta zaila da benetakoa edo imitaziozkoa den ziurtatzea. Zesar Anerekin gustatuta dago aspalditik eta elkarrekin geratzeko eskatzen dio, baina Anek ezetza ematen dio.

8: Baserriko liburutegia miatzeari ekiten dio biharamunean. Eskopeta aurkitzeaz gainera, indarrez zabaldu behar duen tiradera batean egunkari ebakinak aurkitzen ditu. Frantziako erresistentziako kideak izandako agure bilera azaltzen duen argazkia; agure baten erailketa izugarriari buruzko berria; agure bikote baten hilketa, non gizonak eskuak moztuta dituen, eta erresistentzian ibilitako kataluniar abokatu agure baten hilketa, hau ere eskuak moztuta. Anek aitona horien guztien hiltzailea dela uste du.

9: Alde batetik poliziari deitzea komenigarriena dela uste badu ere, aitonarekiko atxikimendua afera isilpena gordetzera bultzatzen du. Biktima eta haien familiak ere buruan izan arren, poliziek baserria hankaz gora jarri eta agian hiritik urrun behar duen bakea emango dion baserria kenduko lioketela pentsatzen du. Azkenik, poliziekin harremanetan ez jartzea erabakitzen du. Interneten informazioa bilatuz, Muntaner izena zuen eraildakoaren semearen telefonoa aurkitzen du. Hari deitu eta hasieran mesfidati erantzuten badie Aneren galderei, azkenean Duhalde eta Muntanerren argazkiak trukatzea adosten dute, bien arteko harremanak ikertzeko. Ondoren, Frantziako egunkari bateko hemerotekan bilatzen hasi baina ordaindu behar denez, Interneteko bilaketa bertan behar uzten du. Hala ere, aitona burutik kendu ezinik dabil.

10: Bartzelonako irakasle baten deia jasotzen du Anek. Laguntza eskatu zion Zesar irakaslearen bidez eskuratu du bere telefono zenbakia eta Egiptoko iruditxoekin interesaturik dago. Aitonak Frantzia eta 1940 urtearen inguruan eskuratu zuen eta bakarra den galdetzen dio. Irakasleak galderak egiteko modua ez du atsegin eta azkenean eskegi egiten du telefonoa. Berehala, Donostiako gros auzoan, Urrutiaren pisuan, bisitatu zuen neskaren deia jasotzen du eta iruditxoa benetakoa dela eta horrelakoek ushebti izena dutela esaten dio, erakutsi ondoren antigoaleko saltzaile batek adierazi dionez. Prezio onean saltzen dira eta Interneten salgai jarri du. Ane iruditxoarekin interesaturik zegoenez, eskaini egiten dio, baina Anek ukatu Bartzelonako irakaslearen telefonoa ematen dio, prezio altua ordainarazteko aholkua emanez.

11: Anek Muntanerren mezua jasotzen du. Mezuan Matias Duhalde bere argazkietan ez dela agertzen adierazten dio. Anek ere, Muntanerren semeak bidalitako argazkiak ikusi eta gero, ez du Muntaner aurkitzen aitonak gordeta zituen argazkietan. Frantzian izandako hilketa baten ikerketaz arduratu zen Geppert komisarioari deitzen dio, komisaldegian bere telefonoa eman nahi ez eta Interneten bilatu eta gero. Geppert prest agertzen da Aneren galderei erantzuteko. Berarekin afera ikertu zuen Brisson izeneko laguna ere badu. Bouthierren hilketa ez zela inoiz argitu kontatzen dio. Hilketa segida baten baitan gertatu zela ere badaki. Anek eraildako guztiak II. Mundu Gerrako nazien aurkako errensistentzian ibilitakoak bide zirela kontatzen dio. Geppert komisarioak zantzu horren atzetik ibili zirela onartzen du, baina hilketa segidan erresistentzian ibili ez ziren beste bi hilketen berri ematen dio. Hiltzaileari Arotza ezizena jarri zioten. Anek biktima batek harrizko iruditxoa zuela adieratzen dio eta Geppert komisarioak harri eta zur geratzen da, lehen biktimak ere horrelako iruditxoa zuelako. Anek hanka sartu du, ordea, Geppert biktima hori zein den galdetzen diolako eta noski, Anek ezin dio Urrutiaren izena eman, horrela baserriko gorpuaren historia agerian geratuko litzatekeelako. Telefonoa bat-batean eskegitzen du Anek. Bitartean, Bartzelonako irakasleak 46 dei egin dizkiola ikusten du telefonoko pantailan.

12: Guztiz asaldaturik, bulimiak eraso eta aurkitzen duen guztia jaten du, gero berriz botatzeko. Pilulua lasaigarriak hartu ondoren, ordu askotan egiten du lo. Hilketekin zerikusia duen guztia ezabatzeari ekin ondoren, bizimodu berri bat hastea erabakitzen du, sano janez eta ariketa fisikoak eginez. Herrira jeisten hasten da, tabernan te beroa hartu eta dendan janariak eta egunkaria erosteko.

13: Egunkarian Maider Retolaza Grosen Urrutia zenaren pisuan bizi zen neska gaztea erail dutela irakurtzen du. Larri, Geppert komisarioari deitzen dio. Azkenean, bi estatuen kontua soilik azaltzen dio, gehiago ezin baitu kontatu. Geppertek poliziari dena kontatu behar diola esaten dio. Biek hitzordua egiten dute errepide ondoko jatetxe batean.

14: Donostian, Anek Ertzaintzako buru batekin hitz egiten du. Hilketa segidaren historia kontatzen dio eta iruditxoen kontua ere aipatzen dio, baina ez dio kasu handirik egiten. Maiderri eskuak moztu ez zizkiotelako informazioa eskuratzen du, ordea.

15: Ane Geppert komisarioarekin elkartzen da errepideko jatetxe batean. Irudikatzen zuenaren oso bestelakoa da. Gizon altua eta sendoa da. Anek iruditxoa erakutsi baina Geppertek iruditxoek balio eskasa dutela esaten dio. Ondoren egia osoa kontatzeko eskatzen dio Aneri. Anek amore eman eta baserrian aurkitutako gorpua eta bere aitonari buruzko susmoak kontatzen dizkio. Geppertek Arotzari buruz gutxi dakitela aitortzen du: ezkerra da eta bakarrik aritzen zen, isilean eta bere biktimak torturatu egiten zituen. Biktima guztiak adinekoak ziren, baina denak ez ziren erresistentzian aritutakoak. Maider Groseko neskaren hiltzailea Arotza den zalantzak ditu, urte asko pasa baitira azken hilketatik. Droga kontuengatik izan zitekeelako susmoak ditu. Baserrira abiatzen dira biak.

16: Gorpuaren aurrean Geppertek arotzak burutu zuenik zalantzarik ez du, eskuak mozteko modua ikusita. Aitonaren liburutegi esoteriko harrigarria ikusten ari direla, Anek Bartzelonako irakaslearen deia jasotzen du eta deia erantzun gabe utzita Gepperti irakaslearen interesa kontatzen dio eta nola gainetik kentzeko Maiderren telefonoa eman zion. Ondoren, elkar agurtu eta Geppert inguruko hotel batera doa lotara.

17: Biharamunean, Geppert itzuli eta Duhalderen liburutegia eta paperak miatzeari ekiten diote. Berari bidalitako gutunak erre egiten zituen, baina gutunazalak gorde egiten zituen eta horietan aitonari gutunak Hondarribiko posta kutxatila batera bidaltzen zizkiotela ikus daiteke. Geppertek aitona guztiz beldurtuta bizi zela uste du, leiho itxiak, horietan zeuden ikur esoterikoak eta etxeko zepoak eta armak ikusita. Frantziatik bidalitako gutunazal bat ere aurkitzen dute. Gepperti Hondarribiko posta kutxatila zabaltzea bururatzen zaio, barruan zerbait aurkituko dutelako itxaropenez. Horretarako giltza berehala aurkitu eta Hondarribirako bidea hartzen dute.

18: Hondarribiko posta-bulegoko posta kutxatila hutsik aurkitzen dute. Etsita, Gepperten autoan Lasartera doaz bazkaltzera. Bidean auto gris bat atzetik dabilkiela nabaritzen dute, baina autoko gidaria nonbait konturatu eta alde egiten du. Bazkarian, Geppertek ezkonduta egon zela eta bere emaztea istripu batean hil zela kontatzen dio Aneri eta beti lanean zegoenez, maitatzeko aukera gutxi izan zuela. Kontu horiek utzita, Geppertek gutunak jaso eta bidaltzeko eta telefono deiak egiteko, helbide eta zenbakien zerrenda nonbait eduki behar zuela adierazten dio Aneri. Baserrira itzuli eta asko bilatu ondoren, aurkitu egiten dute. Tartean Maider eraildako neskaren telefonoa eta Frantziako Metz hiriko posta kutxatila misteriotsu bat dago.

19: Geppertek ezagun bati egindako dei bati esker, posta kutxatila Frantziako Metz hiriko Michael Malenfer izeneko gizon zahar batena dela eta aspaldian bere agiriak berritu eta bestelako bizitza-zantzurik erakutsi ez duela jakingo dute. Gepperti bururatzen zaion irtenbide bakarra Metzera joan eta gizon hori bilatzea da. Etsita agertzen da Geppert, afera hori ikertzen urteak eman zituela adierazten dio Aneri eta azkenean etsi egin zuela, Muntaner agurearen hilketa (azken hilketa, hain zuzen, Maiderrena kenduta) gertatu zenean. Anek Jon mutil-lagun ohiaren dei bat jaso baina ez dio erantzuten. Gepperti harekin izan zituen gorabeherak kontatzen dizkio. Iruñeara doaz, Anek bere etxetik jantziak hartu behar baititu Metzera joan baino lehen.

20: Iruñeko etxera sartzean, sarrailan giltzarekin eman duen buelta bakarra dela eta, etxera norbait sartu delako susmoak ditu Anek, baina barruan ez dute ezer berezirk topatzen. Geppert Aneren argazkiei begira geratzen da eta orain askoz hobeto ikusten duela aitortzen dio. Etxean sakabanatuta ikusten dituen emakumeentzako aldizkariak eta beste gauzak ikusita, etxean beste neska bat bizi izan dela iruditzen zaio komisarioari, baserrian liburu serioagoak ikusi baitizkio.

21: Gepperten BMW autoan Metzera heldu eta posta bulegoko posta kutxatila bilatzera abiatzen dira segituan. Jarraian, ondoko hotel batean hartzen dute lekua. Denbora guztian zelatan ez egoteko, Geppertek mugimendu detektagailu jartzen du posta kutxatilara bidaliko duten pakete batean. Paketea hartu bezain laster, soinu berezi batez baten batek hartu duela jakingo dute. Hamazazpi egun pasatzen dituzte zelatan, txandak egiten auto barruan, azkenean guztiz aspertuta. Hemezortzigarrenean gailuaren alarmak jo eta berehala gizon bat ateratzen ikusten dute. Ane haren atzetik abiatzen da oinez, Geppert autoz doan bitartean. Azkenean, gizonak auto zahar bat hartu eta Ane eta Geppert horren atzetik abiatzen dira. Azkenean, kilometro asko egin ondoren, galdu egiten dute bistatik, baina mapan Maginot lerroa ikusita, bertan ezkutatu daitekeelako susmoa hartzen du Geppertek. Bidexka batetik abiatu eta bunker batera heltzen dira. Autotik jeitsi eta bunkerrean sartzen dira, Geppertek eskopeta eskuan duela eta Anek eskuargiaz laguntzen diola. Malenferren autoa ikusten dute.

22: Bunkerrean luze ibili ondoren, Malenfer harrapatzen dute azkenik. Burutik jota dagoen gizona, guztiz ikaratuta bunkerrean ezkutatuta bizi dena eta etengabe latinezko otoitzak egiten dituena. Beso bat moztuta dauka: "deabruak", hiltzaileak alegia, 1985 urtean moztu ziola kontatzen du, bere lagunen izenak esateko torturapean. Azkenean Carlos Urrutia eta Matias Duhalde izenak aipatu zituen. Muntaner eta beste lagunen hiltzailea izan zela ere baieztatzen du. Aneri Matias aitonak idatzitako gutun bat erakusten dio, non Matiasek kontatzen duen egun batean Carlosekin zuen hitzorduan ez zela etorri eta bere autoan aurkitu zuela odolustuta. Gorpua hartu eta bere baserrian lurperatu zuen, poliziari abisurik eman gabe. Guztien arteko loturaren kontakizuna abiaratzen du Malenferrek: 1940ko udan, Fleury izeneko batek komunista eta espainiar errefuxiatuen artean erreklutamendua egiten du, Villeneuveko gazteluan diru askoren trukean operazio bat egiteko, non Ameriketara ihes egindako Golberg izeneko judu aberats bat bizi izan zen. Gazteluan bere artelanak ditu gordeta, morroien zaintzapean. Fleury Von Stauffen izeneko nazi batek kontratatu du. Fleury eta bere taldearentzat naiz uniformeak eskuratu eta gazteluan pilatutako kaxak lapurtzen dituzte, naziak konfiskatzen ari direla itxura eginez. Lana bukatzean, naziak kaxa bta ireki eta ushebti bana ematen die oroitzapen moduan. Anek estatua erakutsi eta oparitu egiten dio Malenferri. Anek lasaia hartzen du, argi baitago orain bere aitonak ez zuela Urrutia hil. Hilketak lapurretarekin loturik daudela garbi dago. Geppertek Von Stauffenen arrastoari jarraitzea erabakitzen du eta Aneri Villenueveko gaztelura joatea eskatzen dio. Malenfer zulo horretatik ateratzeko gizarte zerbitzuetara deitu beharko zaiela erabakitzen dute.

23: Metzera bueltatu eta biharamonera, Geppertek informazio argia hartzen du: Von Stauffen gerra aurretik arte saltzailea zen, sosik gabea, eta gerran naziei eskaini zizkien bere zerbitzuak, arte jakintsu moduan; bere alarguna bizirik dago oraindik. Geppertek Anerentzat auto bat alokatu, lapurreta izan zen Villeneuveko gaztelura bidali eta Von Stauffen alargunaren bila doa Parisera.

24: Gaztelurako bidean, Anek deiak egiten dizkio Gepperti baina ez dio erantzuten. Jatetxe batetik ateratzean, euren atzetik ibili zen auto grisa ikusten du, baina autoa konturatu eta alde egiten du. Gaztelurako bidea hartzen du berriz ere.

25: Gaztelura iritsi eta guztiz utzita ikusten du. Ondoan bizi den gizon batekin hizketan hasten da. Gizonak naizek gatzeluko langile guztiak hil zituztela kontatzen dio, aurrez bortizki torturatuta. Paul Moulin izeneko batek 1985 urtera arte bertan bizi izan zela kontatzen dio, gazteluko langile bikote baten semea, naziek gurasoak nola torturatzen zituzten ikustera behartu zutena. 1955 urtean gaztelura itzuli eta han bizi izan zen 1985 urtera arte, burutik jota. Geroztik non dagoen ez daki gizonak.

26: Gaztelura sartu eta zaborra ikusten du nonnahi. Hotsak entzun eta gizon bat berarengana hurbiltzen dela ikusten du. Jo egiten dio tutu batez, borroka egiten dute eta azkenean konortea galtzen du. Esnatzean, gizonak Pons katedraduna dela estaen dio eta informazioa trukatzea eskaintzen dio. Ane ez da batere fidatzen, Maider Ponsek hil zuela pentsatzen baitu. Ponsek poliziak itaundu zuela kontatzen dio, berak erosi baitzion estatua, asko ordainduta gainera, baina hilketa egunean ez zegoen Donostian. Egiazko naziak gaztelura balio itzela zuen arte bildumaren bila joan zirenean, gazteluan ezer ez zegoela ikusi eta langileak itauntzen hasi zirelarik, beste aleman talde batek eraman zuela adierazi zutela kontatzen du, baina naziek sinetsi ez eta torturatu eta hil egin zituzten. Anek langileek esandakoa egia zela eta aleman batek antolatutako lapurreta izan zela kontatzen dio. Ponsek artelnakin zer gertatu den bakarrik jakin nahi du, ikerlari moduan edo. Geppertekin kontuz ibiltzeko esaten dio. Pons gaztelua miatzen geratzen da gauzak aurkitzeko bere sonar izeneko aparailuarekin.

27: Geppertek azkenena telefonoa hartu eta Ponsen historia kontatzen dio. Geppertek bera daogen Parisko hotelaren helbidea ematen dio. Baina hotelean ez dago inor eta izen horrekin inork ez du gelarik hartu. Von Stauffenen alargunaren etxera joan eta han polizia aurkitzen du. Han dagoen Levert izena duen komisarioari dena kontatzen dio. Levertek alarguna buruan tiro batek hilda aurkitu dutela eta Geppert non dagoen ez dakitela esaten dio, berriz. Etxean hamr koadro falta direla ere kontatzen dio, baina ez zirela balio handikoak, Von Stauffenek margoturikoak baizik. Anek bere susmoak botatzen ditu: Von Stauffenek margolan baliotsuak gainetik pintatu zituen, ezkutatzeko. Villeneuveko gaztelutik deia jasotzen du Levert poliziak, Ponsek gazteluan Paul Moulin gatzeluko langileen semearen gorpua aurkitu dutela ohartarazteko. Geppert susmogarri garrantzitsuena da orain eta, Miarritzen txartela erabili duela ikusita, hango poliziek jazarpena abiarazi eta Ane eta Levert helikopteroz abiatzen dira haruntz.

28: Zuberoaren eta Nafarroaren arteko mugan, Gepperten autoak istripua izan eta Oriko amildegietan behera erori da. Autoa sutan dago. Levertek autoan aurkituko duten gorpuari ADN frogak egingo dizkiotela agintzen du.

29: ADNak eta hortzek autoko gorpua Geppertena dela baieztatzen dute. Levertek istorio guztia kontatzen dio: Paul Moulin, haurtzaroa eta gaztaroa eroetxeetan eman ondoren, gaztelura itzultzen da 1957 urtean. Moulinek Fleury lapurren burua hil zuen aurrena eta eskuak moztu zizkion, lapurra zelako zigor moduan. Horrela lapurretan parte hartutako guztiak hiltzen joan zen, aurrez torturatuta, besteen izenak esan zitzaten, eta ondoren eskuak moztuta. Bera da Arotza izeneko hiltzailea, beraz. Geppertek hilketak ikertu eta Moulin hiltzailea dela ondorioztatzen du 1985 urtean. Moulin hil eta artelanen bila jarraitu zuen, kasu argitzearen ospea beretzat gordetzeko. Dena den, ulertezina da zergatik eraman nahi izan zituen margolanak Espainiara. Bide batez, Geppertek gizarte zerbitzuei Malenferren berri eman ez ziela eta beraiek aurkitu dutela eta orain moja etxe batean ongi dagoela esaten dio. Frantziako egunkariak uzten dizkio ia zabaldu den kasuaren argazki eta kronikekin. Anek argazkiko gizon bat zein den galdetzen dio. Levertek Geppert dela esaten dio. Ane harri eta zur geratzen da. Geppert hori ez da berak ezagutu duena.

30: Narratzailea Ozeano Barean kokatzen da orain. Brisson, Geppertekin batera kasua ikertu zuena, dago han. Narratzaileak bere pentsamenduak jasotzen ditu. Maiderrek ushebtia Interneten salgai jarri eta haren bila abiatu zen Donostiara. Neskak, ordea, salduta zeukan ia estatua. Haren etxera joan eta informazioa eskatzen zion estatuari buruz baina honek, estatuari buruz ezer ez zekiela, ez zion ezer esaten. Azkenean hil zuen. Ondoren, Gepperten deia jaso zuen, Ane izeneko neska batek deitu ziola esanez. Geppertekin Landetan elkartu eta Geppertek Donostiako poliziari kasua kontatzeko asmoa zuenez, hil egin zuen, lepoa bihurrituta eta bertan lurperatu. Aneren aurrean Geppert zela esanez aurkeztu zen, Gepperten autoan gainera. Lapur alemanaren alarguna ere hil zuen, koadroak etxetik eramatean bere deskripzioa eman ez ziezaion poliziari (bera Brisson bait zen eta ez Geppert, poliziak uste zuen bezala). Landetara joan, Geppert lur azpitik atera, BMWan sartu eta gasolina beteta, Orin behera amildu zuen, polizia berriz enganaitzeko. Berak aurrez hara eraman eta ezkutatutako motor batean egin zuen ihes, margolanak aurrez postaz bidalita. Orain, erretiratu aberats biziko da.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Eleberriaren kritikak, literaturaren zubitegia webgunean, egilearen beste zenbait lanen kritikekin batera.