Arrain

Wikipedia, Entziklopedia askea
Arrain
Ordoviziar-gaur egun

Mero erraldoia (Epinephelus lanceolatus) arrain txikiagoz inguratua
Irudi gehiago
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaEumetazoa
FilumaChordata
SubfilumVertebrata
Klasea Pisces
[[|]]
Datu orokorrak
Mugimenduafish locomotion (en) Itzuli
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakarrain, arraba, Bakailao-gibel olio, fish intestine (en) Itzuli, fish liver (en) Itzuli eta shagreen (en) Itzuli
Habitatur gorputza

Arrainak (aitzineuskaraz: *arrani[1]) uretan bizi diren eta hatzdun gorputz-adarrik ez duten, ornodun, gehienean poikilotermoak ("odol hotzekoak") dira. Hegatsak izaten dituzte. Gehienek gorputz ezkataduna eta isats-hegal batean amaitua daukate. Maizenik, arnasketa zakatzen bidezkoa izaten da. Arrainak ikertzen dituen zientzia iktiologia da.

Talde parafiletikoa da, balio sistematikorik ez duena. Bertan odol-hotzeko kordatu ez tetrapodo urtar guztiak sartzen dira. Sailkapen tradizionalak lau klasetan banatzen ditu: plakodermo, kondriktie, osteiktie eta agnatuak[2].

Sailkapena

Arrainena aniztasun handiko talde parafiletiko da. Izan ere, monofiletikoa izateko, arrain guztiak biltzen dituen taldeak tetrapodo guztiak ere bildu beharko lituzke. Sailkapen tradizionalak lau azpitaldetan banatzen ditu:

Goiko taldeetako batzuk parafiletikoak direnez gero, nomenklatura filogenetikoa iristearekin arrainak eskema zehatzago batez sailkatu dira. Hauek dira talde nagusiak:

† - iraungitako taxona

Anatomia

Lampanyctodes hectoris arrain actinopterigioaren kanpo anatomia
(1) Zakatz-operkulua, (2) Albo-lerroa, (3) Bizkar-hegala, (4) Gantz-hegala, (5) Isats-pedunkulua, (6) Isats-hegala, (7) Uzki-hegala, (8) Organo lumineszenteak, (9) Hegal pelbikoak, (10) Bular-hegalak

Arrainen gorputzean hiru atal bereiz daitezke: burua (muturretik zakatz-operkuluraino, edo zakatz-arraileraino elasmobrankioetan) enborra eta isatsa (isats-pedunkulutik isats-hegalaren amaieraraino). Gehienak fusiformeak eta oso hidrodinamikoak izaten dira, baina filiformeak edo zizareaireak (aingira) ere izan daitezke. Beste batzuk alboetatik (urraburua, bisigua) edo dortsobentralki (zapoak) zapalduak dira. Pleuronektiformeak (mihi-arraina, erreboiloa) alboetatik zapaldurik daude, baina saihets baten gainean igeri egiten dute.

Arnas sistema

Arrain gehienek faringearen bi aldeetan kokaturik dauden zakatzen bidez hartzen dute arnasa. Zakatzak zakatz-harizpi deitutako hari-formako egiturez osaturik daude. Harizpi bakoitzak daukan kapilar-sarearen bitartez, oxigeno eta karbono dioxidoaren elkartrukea gertatzen da. Horretarako oxigenoz aberatsa den ura arrainaren ahotik sartu eta zakatzetan barrena pasatzen da. Gas-trukearen ondoren, oxigenoz urria den ura zakatz-irekiduretatik irteten da. Arrain batzuek, hala nola lanproi eta kondriktioek, zakatz-irekidura ugari daukate. Osteiktioek, berriz, irekidura bakarra dute buruaren alde bakoitzean, zakatz-operkulu izeneko hezur-tapakiaz estalirik dagoena.

Polipteriformeen larbek kanpo-zakatzak dauzkate.

Talde anitzetako arrainak uretatik kanpo denbora luzez bizi daitezke. Aingirak eta Periophthalmus familiako arrainak azalaren bidez arnas hartzeko gauza dira. Aingira elektrikoaren aho-barrunbean gas-trukea gerta daiteke, eta baita Loricariidae, Callichthyidae eta Scoloplacidaeen digestio-hodian ere[3]. Arrain birikadunek (dipnoi) eta polipteriformeek tetrapodoenen antzeko birikak dauzkate.

Zirkulazio sistema

Arrainek zirkulazio sistema itxia dute. Bihotzak bi ganbera ditu, aurikula eta bentrikulua, eta zirkulazioa bakuna da: gorputz osoaren itzulian odola behin bakarrik pasatzen da bihotzetik. Bentrikuluak odola punpatu eta zakatzetara iristen da. Bertan oxigenatu ostean, aorta dortsalera joaten da eta handik organoetara. Ondoren, zainetatik barrena, bihotzera iritsiko da. Bihotzean sinu benosoak jasotzen du eta handik aurikulara igarotzen da[4].

Digestio sistema

Arrainen anatomia
(A) Bizkar-hegala; (C) Albo-lerroa ; (D) Giltzurruna; (E) Igeri-maskuria; (F) Weber-en aparatua; (G) Barne belarria; (H) Garuna; (I) Sudurra; (L) Begia; (M) Zakatzak; (N) Bihotza; (O) Urdaila; (P) Behazun xixkua; (Q) Barea; (R) Ugaltze-aparatua (Obulutegia edo testikuluak); (S) Hegal pelbikoak; (T) Bizkarrezurra; (U) Uzki-hegalak; (V) Isats-hegala.

Oso talde zabala eta, elikadurari dagokionez, aldakortasun handikoa da. Hala ere, arrain desberdinen digestio aparatuak nahiko antzekoak dira. Denek dute ahoa (agnatuek barailarik gabekoa), hestegorria (eztarria) eta baita mantenugaiak xurgatzeko (aurreko eta erdiko hesteak) eta digestio-hondakinak trinkotzeko (atzeko hestea) azalerak ere. Dietaren araberako desberdintasunik handienak aho, hortz, zakatz-arrastelu, faringe eta urdailaren (baldin bada) egituran eta hestearen luzeran izaten dira. Arrain haragijaleek, eta nagusiki haragia jaten duten orojaleek ere, urdaila izaten dute. Belarjaleek eta nagusiki landareak jaten dituzten orojaleek, berriz, ez dute urdailik, baina bai oso erdiko heste luzea. Horrez gainera, arrain haragijaleek erdiko hestean digestio-epitelioaren azalera handitzen duten luzakinak (apendize pilorikoak) dauzkate. Apendize hauetan entzimak jariatu eta mantenugaiak xurgatzen dira [5].

Digestioan pankrea eta gibelak parte hartzen dute. Pankreak digestio-entzimak ekoizten ditu. Gibelak, mantenugaien gordailua izateaz gain, behazun xixkuan biltzen den eta behazun-hodian zehar hestera jariatzen den behazuna ekoizten du[5].

Eskrezio sistema

Proteinen katabolismoak sortzen dituen konposatu nitrogenatuak, kontzentrazio handietan, toxikoak izan daitezke gorputzarentzat. Arrain osteiktieek amoniako modura askatzen dituzte nitrogeno-soberakin hauek (ureotelikoak dira), eta kondriktieek (marrazoek, arraiek) urea modura (amoniotelikoak)[6] Toxikoa den arren, amoniakoaren eskrezioak abantaila handiak dauzka animalia urtarrentzat. Izan ere, uretan oso disolbagarria denez gero, hein handi batean zakatzetan zehar kanpora daiteke. Gainerakoa giltzurrunen bidez iraizten da.

Giltzurrunen beste funtzioetako bat oreka osmotikoa gordetzea da. Kondriktieek gorputzeko fluidoetan urea pilatzen dute, itsasoko urak duen kontzentrazio osmotikoaren antzekoa lortuz. Osmosiz gorputzean sartzen ura gernuarekin kanporatzen dute, eta gatzak ondesteko guruin baten bidez. Itsasoan bizi diren osteiktien barruko kontzentrazio osmotikoa itsasokoa baino askoz txikiagoa baita, osmosiz ura galtzeko joera dute. Hori konpontzeko ura edaten dute. Giltzurrunetan oso gernu kontzentratua produzitzen dute eta gatz soberakina zakatzen bitartez kanporatzen da. Ur gezako arrainak ingurune hipotonikoan bizi direnez, urak gorputz barnera sartzeko joera du. Horri aurre egiteko, giltzurrunetan gatzak birxurgatzen dira, baina ura ez. Horrela, gernu ugaria eta oso diluitua ekoizten dute. Zakatzetan eta operkulu inguruan gatzak xurgatzen dituzte[7].

Nerbio sistema

Nerbio-sistema zentrala

Amuarrain ostadarraren garunaren eskema

Gorputzaren tamainarekin alderatuta, arrainek beste ordodunek baino garun txikiagoa dute: neurri bereko ugaztun edo hegazti baten garun-masaren hamabosten bat. Hala ere, arrain batzuek aski garun handia dute. Mormirido eta marrazoen garunaren masa erlatiboa, esate baterako, hegazti eta martsupialenaren antzekoa da[8].

Arrainen garunean zenbait alde bereizten ahal dira. Aurrealdean usaimen-gingilak daude, usaimen-nerbioen bidez sudur-zuloetatik datozen seinaleak jaso eta prozesatzen dituztenak. Usaimenaren bidez ehizatzen duten arrainek, hala nola, mixinidoek, marrazoek eta siluriformeek, usaimen-gingilak garatuagoak dituzte. Usaimen-gingilen atzean telentzefaloa dago, arrainengan usaimenarekin zerikusia duena. Egitura hauek protozerebroa osatzen dute.

Protozerebroa eta mesentzefaloa dientzefaloak lotzen ditu (ondoko diagraman ez da ageri, usaimen-gingilen azpian izango litzatekeelako). Dientzefaloaren funtzioak hormonekin eta homeostasiarekin loturik daude[8]. Guruin pineala dientzefaloaren gainean dago. Gorputz honek argia hauteman, ilargiarekiko erritmoak gorde eta kolore aldaketak kontrolatzen ditu[8].

Mesentzefalo edo erdiko garunak bi ikusmen-gingil ditu. Hauek handiagoak dira ikusmenaren bidez ehizatzen duten arrainengan (ziklidoak, amuarrain ostadarra)[8].

Metentzefaloa, bereziki, igeriketan eta oreka mantentzean inplikaturik dago. Garuntxoa gingil bakarreko egitura eta, gehienean, garunaren zati handiena da. Mixinidoek eta lanproiek aski garuntxo txikia dute. Arrain elefantearena, berriz, oso garaturik dago eta, itxuraz, bere ahalmen elektrikoari lotua da[8].

Mielentzefaloa garunaren atzealdea da. Gorputzeko organo eta muskulu batzuk kontrolatzeaz gain, hezur-arrainengan arnasketa eta oreka osmotikoa ere gobernatzen ditu[8].

Zentzumen-organoak

Arrain gehienek ongi garatutako zentzumen-organuak dauzkate. Begiak ur azpian ikusteko egokiturik badaude ere, gizakienen antzekoak dira. Ingurune hezean bizi direnez, ez dute betazalik izaten. Gizakien irisa zabaldu edo uzkurtu egiten da, argitasunaren arabera. Ur azpian argi-intentsitate handirik ez dagoenez, arrainen begiek ez dute horrelako egokitzapenik behar. Kristalinoa esfera formakoa da eta, fokatu ahal izateko, muskulu erretraktoreek aurrera eta atzera mugitzen dute[9].

Kanpoko belarririk ez izan arren, arrainek entzuten dute. Barne belarria begiaren atzealdean dago, garezurrak babesturik. Espezie askotan barne belarria igeri-maskuriarekin konektaturik dago. Igeri-maskuriak durundi-kutxa gisa jokatzen du, bibrazioak barne belarriraino helaraziz[9].

Dastamen-organoak mutur, ezpain, aho eta eztarrian daude. Mingainean dastabotoiak izaten dira. Dastamena estuki erlazionaturik dago usaimenarekin. Arrain askok zentzumen honen bidez hautematen dute janaria. Usain-hartzaileak sudur-barrunbean daude. Ura, partikula usaindunak garraiatzen dituena, usaimen-organoekin lerrokaturik dauden zakuetan sartzen da. Usaimen-nerbioak sudur-barrunbetik garunera eramaten du informazioa. Arrain batzuk, marrazoak esate baterako, oso usaimen zorrotzekoak dira[9].

Albo-lerroa gorputz-saihetsean dagoen luzetarako lerroa da. Bertako zentzumen-zelulen funtzioa maiztasun apaleko bibrazioen harrera da. Hauei esker, arrainek uraren tenperatura eta norabidea zehaztu eta hurbileko objektuak hauteman ditzakete. Gauez edo ur uherretan jarraitu beharreko bidea aurkitzen laguntzen die[9]. Garrantzi handiko betekizuna dauka orientazioan, harrapatze-jokabideetan eta arrain sarden jokaeran.

Arrantza

Gizakiak arrainen harrapaketan ibili dira antzinatik, arrantza izeneko jardueraren bidez. Hainbat modutan burutu dute arrainaren ekosistemaren arabera.

Erreferentziak

  1. Koldo Mitxelena (1976). Fonética histórica vasca. Donostia: Gipuzkoako Aldundia.
  2. Arrain zthiztegia.elhuyar.org
  3. Jonathan W. ARMBRUSTER: Modifications of the Digestive Tract for Holding Air in Loricariid and Scoloplacid Catfishes Copeia, Vol. 3, 1998, pp. 663-675
  4. Inazio GARIN: Zirkulazio aparatua Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa
  5. a b Structure of the Digestive System Aqualex.org
  6. Ana I. PUENTE, Kepa ALTONAGA: Zoologia orokorra Ueu.org
  7. Egoitz ETXEBESTE ADURIZ: Bizitza urtarraren gazi-gezak Zientzia.net
  8. a b c d e f Helfman G., Collette B. eta Facey D. (1997). The Diversity of Fishes. Blackwell Publishing
  9. a b c d Ken SCHULTZ: Field guide to saltwater fish

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arrain Aldatu lotura Wikidatan
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: arrain .