Arreo-Caicedo Yusoko aintzira

Koordenatuak: 42°46′42″N 2°59′28″W / 42.7783°N 2.9911°W / 42.7783; -2.9911
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arreoko aintzira» orritik birbideratua)
Arreo-Caicedo Yusoko aintzira
Motaaintzira
Geografia
Map
Koordenatuak42°46′42″N 2°59′28″W / 42.7783°N 2.9911°W / 42.7783; -2.9911
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
Arabako eskualdeaAñanako kuadrilla
UdalerriaLantaron
HustubideaLago erreka (Caicedo errekaren eta, haren bitartez, Ebro ibaiaren adarra)

Arreo-Caicedo Yusoko aintzira Lantaron udalerrian (Arabako mendebaldea) dagoen aintzira bat da. Ramsarko hitzarmenaz babestutako tokia da. Aintzirak 13,1 hektarea besterik hartzen ez duen arren,[1] Euskal Herriko urtsuena da, oso sakona baita: 25 metro, tokirik sakonenean.[2]

Aintzira, udan (2016ko uztailean)

Euskal Autonomia Erkidegoko aintzira-sistema iraunkor bakarra da. Añanako diapiroaren muturrean dago, hor du jatorria.[3] Arro hidrografiko txiki batean dago kokatuta. Aintzira zenbait akuiferok eta Lago errekak betetzen dute, eta hustubide nagusia Lago erreka bera da. Lago erreka Arreo herritik gertu jaiotzen da, 720 metroko garaieran, eta 2 kilometroko ibilbidea du aintzirara 655 metroko garaieran isuri arte. Aintziratik irtetean, hego-mendebalderantz doa, Fontecha herritik gertu Caicedo errekarekin bat egiten du, eta Caicedo erreka Ebro ibaira doa.[4]

Landaretza eta fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landaredia askotarikoa da. Aintziraren inguruan erkametz (Quercus faginea) eta arteak (Quercus ilex) nagusi dituzten baso mediterranearrak daude.[3] Aintziraren kanpoaldea lezkek eta tifek betetzen dute, baina uretako landareek ordezkatzen dituzte uretan barneratzen garen heinean. Besteak beste, kopeta zuri txikiek, basahateek, txilinportek, uroiloek eta uroilanda handiek egiten dute habia gune horretan; beste espezie batzuk, ordea, negute luzean etorri ohi dira bisitari, hala nola murgilari arrunta eta kopetaduna, zingira berdantza eta istingor arrunta.[1]

Quercus generoko basoez gain, inguruan baditu askotariko belarki-laboreak: zerealak, koltza eta abar. Ondorioz, aintziraren inguruneko nekazaritza-jardueren zati batek oso eragin handia izan du ekosisteman; izan ere, gainazaleko arrastatzearen bitartez, aintziraren kubetara jalkinak, ongarriak eta fitosanitarioak iristen ziren. Arazo hori ia erabat konpondu da LIFE Tremedal proiektuari esker. URA Uraren Euskal Agentziak eta Arabako Foru Aldundiak proiektu horretan parte hartu dute. Azken horrek aintziraren inguruko nekazaritza-lursailak erosi ditu, naturalizatzeko.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Aintziraren Ramsarko hitzarmeneko fitxa, Eusko Jaurlaritzaren webgunean.
  2. (Gaztelaniaz) Eusko Ikaskuntza. (1992). Batimetría y propuesta de cartografía geológica del lago de Caicedo de Yuso (Diapiro de Salinas de Añana, Álava). .
  3. a b «Arreo-Caicedo Yusoko lakua», Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurugiro Saila.
  4. II. eranskina: ES2110007 Arreo-Caicedo de Yuso lakua KBEaren izendapenerako eta Anañako diapiroaren biotopo babestuaren izendapenerako informazio ekologikoa, kontserbazio-helburuak, kontserbazio-arauak eta jarraipen programa ezartzen dituen dokumentua, Eusko Jaurlaritza.
  5. «Arreo-Caicedo de Yuso-ko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Añanako diapiroa biotopo», Irekia, Eusko Jaurlaritza.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]