Arrisku kirol

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Aire jantziena kirol modernoa da.

Zenbait kirol motari esaten zaio arrisku kirolak –kirol sortu berriak horietako asko–, ohiko kirol jarduerak baino arrisku handiagoa dakartelako kirolariarentzat. Arrisku kirol horietako asko, baina, kirol klasiko bihurtzen dira gero, etekina ateratzeko aukera ikusten duten babesleen laguntzaz zabaldu ondoren. Kirol jarduera horien beste eragileetako bat kirol material berriaren sorrera da (baden kirol baten aldaerak sorraraziz). Beste eragile aipagarrienetako bat Errekorren Guinness Liburua bera da, sortu zenetik kirolak eta kirol antzeko jaduerak eta batez ere jarduera bitxiak bultzatu dituelako.

Dagoeneko baden kirol batetik sortutako aldaeraren adibide ezagunenetako bat arriskuzko eskia da: zapaldu gabeko elurretan egiten da, ia ezin iritsizko tontorretan behera. Jausgailua, adibidez, militarrek asmatu zuten Bigarren Mundu Gerran, eta jarduera horretatik arriskuzko jauzien kirola sortu da: jauzilariak oso goitik egiten du jauzi, eta zenbait minutuz airean libre eroriz doa jausgailua zabaldu aurretik. Are arriskutsuagoa da sky surf deitzen dena: jauzilariak surf oholaren antzeko baten gainean jauzi egiten du, eta oholaren erresistentziak airean irristatzeko aukera ematen dio. Monopatinaksurf ohol txiki gurpildun bat– arriskuzko zenbait kirol mota eragin ditu: half pipea (hodi erdia) eta street skatea, adibidez. Half pipea erditik ebakitako zilindro baten itxurako instalazioa da, eta bertan patinatzaileak hodi erdiaren hormetan gora eta behera jauziak eta biraketak egiten ditu; street skatea, berriz, New Yorkeko kaleetan hasitako kirol mota berria da eta, funtsean, kalea edo patinatzaileak kalean aurkitzen dituen eragozpenak antzeratzen dituen pista bat da, bere eskailera maila, espaloi kantoi eta barandekin, patinatzaileek beren trebetasunak erakuts ditzaten. Uretako kiroletatik ere arriskuzko kirol mota desberdinak sortu dira: on board ontzi lasterketak (ur gainean ibiltzen diren ontzi izugarri azkarrak), hovercraft lasterketak (ur eta lur gaineko probak, ontzia airezko azpi baten gainean ibiltzen baita), uretako motorrak, uretako eski tradizionala, eta abar. Uretako eski mota berri bat bada, oholaren ordez oinak berak erabiltzen direna, eta horren azkeneko aldera propultsio sistema gisa txalupa motordunaren ordez helikopteroa erabiltzea da. Arriskuzko kirol horietako batzuen helburu nagusia, baina, ez da lehia, ongi pasatzea baino. Parapentea parakaidismoaren aldaera da, segurtasun handiagoa eta hegaldi luzeagoak egiteko aukera eskaintzen duena jausgailuaren forma berriei esker (oraingoak lauki zuzen itxura du gutxi gorabehera, eta lehenago laranja erdiaren itxurakoa zen). Deltaplanoa oinarri-oinarrizko hegaldi sistema bat da, haurren kometena gogorazten duena, delta baten itxurako oihal zabal bat besterik ez baita funtsean, airean planeatzeko egokia. Lehiaketa asmorik gabeko beste jarduera bat puentinga da: leku garai batetik (zubi batetik izaten zen hasieran, orain garabi garaietatik eta are globoetatik ere jauzi egiten da) behera nork bere burua botatzea, soka elastiko bat oinetara lotu eta besterik gabe. Beste arriskuzko kirol mota bat, zabalduenetako bat, mountain bike edo mendiko bizikleta da, zenbait aldaera dituena. Aipatutako kirol mota horiek adibide bat besterik ez dira, kirol jarduera horien asmaketak –eta zenbaitetan, desagerpenak– progresio ia geometrikoa egin baitu 1980 ondoko urteez geroztik, eta ez daudenez federazioetan taldekatuta, identifikazio irizpideak oso erlatiboak dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Arrisku kirol Aldatu lotura Wikidatan