Asiria

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Asiriar Inperioaren mapa.

Asiria[1] Tigris ibaiaren goiko aldean sortutako akadiar erresuma semitikoa izan zen, historian zehar hainbat aldiz inperioak eratu eta Mesopotamia menderatu zuena. Izena bere jatorrizko hiriburutik zetorkion: Assur hiritik, alegia. Aipatutako inperioek kontrolatzen zuten eskualdea izendatzeko ere erabiltzen da Asiria izena. Hiri nagusiak: Assur, Khorsabad, Nimrud, Ninive.

Eduki-taula

[aldatu] Historia

Asiriarrak Sumeriaren mende bizi izan ziren K. a. XX. mendean burujabetasuna lortu zuten arte. Inperio paleoasiriarra amorritek sortu zuten, K. a. 1830 inguruan, eta inguruko lurraldearen gaineko kontrola izan zuten. Asiriar erreinua sortu eta potentzia politiko eta militarra bihurtu izanak ondorio larriak izan zituen gorabehera eta krisi handiko garai hartan. Asiriako lehenengo errege handia Shamshi-Adad I.a (K. a. 1813-1781) izan zen, eta haren gidaritzapean eratu zen Asiriako lehen inperioa: denbora gutxian Goi Mesopotamia hartu eta Mari anexionatu zuen. Hartara, Antzinako Asiriar Aroan (K. a. XX. eta XV. mendeen artekoa) Assurrek Goi Mesopotamia kontrolatzen zuen. Asiriako merkataritza Anatoliaraino hedatzen zen garai haietan.

Babiloniako Inperioaren (Hammurabi, K. a. 1690 aldera) eta mitanniarren mende (K. a. 1450), K. a. XIV-XIII. mendeetan Asiriak, berriz ere susperturik, mitanniarrak menderatu eta hititen nahiz Babiloniaren aurka jardun zuen. Dena dela, Erdialdeko Asiriar Aroan (K. a. XV. eta X. mendeen artekoa), ez zuen hainbesteko eraginik izan, eta hainbatetan konkistatu zuten. Babilonia kasitarren esku geratu ondoren, eta hititen erasoaren eta Mitanni erreinuaren mehatxupean, Asiriak krisi sakona bizi izan zuen, harik eta Ashur-ubalitek (K. a. 1365-1330) agintea hartu zuen arte, inperioa berriro Eufrates ingururaino zabaldu zuelarik. Mesopotamia iparraldeko merkataritza bideen gailentasuna eta inperioaren sendotzea Adad-Nirari erregearen garaian (K. a. 1307-1275) gertatu zen; hark bihurtu zuen Asiria garai hartako potentzia militar nagusi.

K. a. 1200 inguruan, aurre egin behar izan zien barbaroen erasoei (muxkiak, aramearrak). Bi mendez luzatu ziren gerrek herri militar bihurtu zuten Asiria.

Libanoko zedroaren garraioa. Sargon II.a erregearen jauregiko baxuerliebea (Dur Sharrukin, Asiria, K. a. 713-716. urtearen ingurua).

Burdin Aroan inperio berria (K. a. 911 eta 612 artekoa) zabaldu zen. Assurnazirpal II.a (K. a. 883-859) nahiz Salamanasar III.a (K. a. 832-824) erregeen garaian erabateko inperio ahaltsua osatu zuen. Iparraldera (Urartuko erresuma) eta mendebaldera (Aram) hedatu bazen ere, barneko handikien arteko guduek gerra zibila ekarri zuten Salamanasar III.aren, Samshi-Adad V.aren eta Adad-Nirari III.aren erreinaldietan. Babilonia, asiriarrek beren jainkoak gurtzen zituzten hiri santua, errespetatua izan zen betiere. Teglath-Phalasar III.ak (K. a. 746-727) eman zion hasiera Asiriako inperio berriari: handikien aginpidea murriztu, administrazioa berritu zuen, armada indartu eta, batez ere, anexio politika bultzatu zuen Sirian eta Babilonian (bertako errege izendatu zuen bere burua, horretarako Pulu izena harturik). Salama-nasar V.aren ondoren, bere gorena iritsi zuen inperioak Sargon II.aren garaian (K. a. 721-705): Persiako golkotik Taurus mendilerroraino eta Zagrostik Mediterraneoraino hedatzen zen inperioko 70 probintzietan, Asiriako arteak eta kulturak, arameera (idazkera kuneiformearen ordez, alfabetoa) eta kaldear erlijioa ezarri ziren. Hiriburu berri bat eraiki zuten, Dur-Sharrukin (Khor-sabad). Sargonidek (Sennakerib, Assarhaddon, Assurbanipal) Egipto, Elam eta Babiloniaren aurka borrokatu behar izan zuten. Asurbanipalen erreinaldian (K. a. 668 eta 627 artekoa) hamarkada batzuetan zehar Ilgora Emankorra eta Antzinako Egipto kontrolatu zituen.

Inperioa mediarren aurkako gudan galdu zen, azken horiek Assur eta Ninive konkistatu ondoren (K. a. 614-612). Mediarren alde jardun ziren babiloniarrek inperio berri bat osatu zuten Nabopolasarrekin. Persiar inperioak eskualdea mendean hartu zuen.

[aldatu] Kultura

Asiriarren gizartearen ardatza gerra izan zen, hertsia bezain irmoa, eta inguruko herriak gupida gabe tratatu zituzten. Astronomo handiak ere izan ziren: Zodiakoa ezagutzen zuten, egungoa bezalako egutegia zuten, eta metrikoaren antzeko pisu eta neurri sistema batez baliatzen ziren. Asiriarren hizkuntza akadiera zen, eta idazkera kuneiformea erabiltzen zuten (buztinezko adreilutan). K. a. VIII. mendean, ordea, arameera nagusitu zen inperioan, eta idazkeran alfabetoa erabiltzen hasi ziren. Asiriarrek eguzkia, ilargia eta gainerako argizagiak gurtzen zituzten. Jainko nagusia, Assur, Asiriako erregea zen zinez, eta lurreko erregeak haren ordezkari baizik ez ziren.

[aldatu] Artea

Asiriarrak maisu handiak izan ziren eraikuntzan (Khorsabad eta Niniveko jauregi eta tenpluak, adibidez, edo ura garraiatzeko sistemak). Jauregietan terraza eta galeria handiak agertzen ziren, elkarren gainka piramide motzek osatzen zituzten tenpluak, eta harriz estaliriko adreiluzko egituretan bermatuak ziren. Giza eta, batez ere, animalien irudiz hornituriko erliebeak oso biziak dira.

[aldatu] Bibliografia

[aldatu] Erreferentziak

[aldatu] Kanpo loturak


Historia Artikulu hau historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.



120ko Erromatar Inperioko probintziak
Roman empire.png
Akaia | Afrika Prokontsularra | Alpe Cottiae | Alpe Maritimoak | Alpe Poenninae | Arabia Petraea | Armenia | Asia | Asiria | Bitinia | Britania | Dalmazia | Dazia | Egipto | Epiro | Galazia | Galia Akitania | Galia Belgika | Lugdunensis | Narbonensis | Germania Beherea | Germania Garaia | Balear Hispania | Hispania Betika | Hispania Lusitania | Hispania Tarraconensis | Italia | Judea | Kapadozia | Komagene |Korsika eta Sardinia | Kreta eta Zirenaika | Likaonia | Lizia | Mauretania | Mazedonia | Mesia | Norika | Numidia | Osroene | Panfilia | Panonia | Pisidia | Ponto | Retia | Sizilia | Siria | Sofene | Trazia | Zilizia | Zipre

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak