Asoka

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Asoka Handia
Asoka

Maurya Enperadorea
K. a. 274 – K. a. 232

Jaiotza K. a. 302
Pataliputra (Patna)
Heriotza K. a. 302
Pataliputra (Patna)
Ashokaren inperioa

Ashokavardhan Maurya edo Asoka[1] (hindiz: अशोक), Asoka Handia izenaz ezaguna, Maurya Inperioko hirugarren enperadorea izan zen. Indiako azpikontinentearen jabe zen, Bengala eta Afganistan arteko lurretan agintzen zuelarik. Nolabaiteko Indiaren fundatzailea kontsideratzen da, lur guztien lehenengo batasuna egin baitzuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ashoka K. a. 302 urtean jaio zen eta 232 urtean hil.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ashokaren aita Bindusara enperadore Maurya izan zen eta ama ofizialki Dharma bazen ere kondairak dio gortetik kanporaturiko Subhadrangi erreginaren semea zela. Anaiorde zaharragoak izan arren Asokak ere militar ikasketak egin zituen eta besteak baino gerlari eta ehiztari hobea zela frogatu zuen.

Mendebaldeko lurretan Chanakya jaunak (Chandragupta Mauryaren aholkulari izan zenak) 16 herritako noble eta erregeak hil zituen eta bere burua izendatu zuen Maurya Inperioaren buru. Bindusarak orduan bere semeen artean krudelena zen Ashoka bidali zuen matxinada hori zapuztera. Asokak bere lana egin eta Ujjaineko gobernadore izendatu zuen Bindusarak.

K. a. 273an Bindusara hiltzean bere oinordekotzarako lehia hasi zen. Enperadoreak bere seme Sushim nahi izan zuen ondorengo baina ministroek Asoka babestu zuten eta honek bere anaiordeak erailez enperadore izatea lortu zuen. Dipavamsa eta Mahavamsa idatziek diotenez Asokak bere 99 anaiordeak hil zituen, Tissa izeneko bat bakarrik salbatu zuelarik.

Enperadore krudela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enperadore izatera iritsi bezain laster gortean fideltasun frogak pasa zituen eta fidelak ez zitzaizkion 500 ministro hil omen zituen. Hurrengo zortzi urtetan inperioa handitu zuen norabide guztietan, hala mendebalderantz gaur egungo Afganistan eta Iraneraino, hegoalderantz Indiako azpikontinentea osatuz bai eta gaur egungo Sri Lanka ere, iparralderantz Pamir mendietaraino, eta ekialderantz gaur egungo Bangladesh eta Assam eskuratuz.

Azpikontinentearen ekialdeko Kalinga eskualdeak (gaur egungo Orissa) aurre egin zion eta K. a. 265ean bi urte iraungo zuen gerra hasi zen. Kalinga menperatzeko bere krudeltasun osoa erakutsi zuen Ashokak, eskualdea erabat suntsituz, 100.000 kalingatar gizon hilez eta milaka emakume eta haur deportatuz. Gerra hartan Ashokaren 10.000 gerlari ere hil ziren.

Enperadore handia eta baketsua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kalingako gerran ikusitakoak Asoka bera ere izutu zuen eta zera esan omen zion bere buruari:

« Zer egin dut? Hau garaipena bada, zer da porrota? Hau zer da, garaipena ala porrota? Justizia da ala injustizia? Ausardia ala ihesa? Ausarta al da haur eta emakume errugabeak hiltzea? Nire inperioa zabaldu eta aberasteko egiten dut ala beste batzuen erreinuak suntsitzeko? Batek senarra galdu du, besteak aita, honek semea, horrek jaio ez den haurra... Zer da gorpuen zarama hau? Hauek garaipenaren ala porrotaren zantzuak dira? Sai, bele eta arrano hauek herioren edo deabruaren mezulariak al dira?  »

Gogoeta hauek Budaren ikaskuntzak jarraitu eta budismoa onartzera eraman zuten Asoka. K. a. 260 urtean Inperioko erlijio ofizial bihurtu zuen eta 250 urtetik aurrera munduan budismoaren enbaxadorea izan zen. Bere seme Rahul eta alaba Sanghamitra Sri Lankara bidali zituen budismoa zabaltzera, milaka estupa eraiki zituen India osoan eta biolentziarik gabeko politikak bultzatu zituen ordutik aurrera.

Asoka hil arteko garaiak baketsuak izan ziren eta Inperioaren azpiegiturak modernizatzeari ekin zion. Errepide nagusiak berriztu zituen, ibaiak kanalizatu eta nekazaritzarako ureztatze sistemak ezarri zituen, ospitale eta unibertsitateak eraiki zituen, eta erlijio ofiziala budismoa izan arren erlijio askatasuna ezarri zuen herritarrentzat.

Ashokaren lehoiak

Ashokaren ediktuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inperio osoarentzat balioko zuten legeak atera zituen, Asokaren ediktuak izenarekin ezagutzen direnak; bere esanetan Gizon guztiak nire haurrak dira. Ni aita bezala naiz beraientzat. Aita orok bere haurrentzat ona eta zoriontasuna nahi duen bezala, nik ere gizon guztiak beti zoriontsu izan daitezela nahi dut.

Ediktuak 33 inskripzio ziren eta Asokaren zutabeak deritzen zutabetan idatzi zituen. Zutabe ugari banatu ziren Inperioko hiri handienetan ezarri zirenak, hauetariko 19 baino kontserbatzen ez diren arren. Zutabe hauek Asokaren sinbolo zen lehoiak zituzten kapitel gisa. Famatuena Sarnatheko zutabea da; hiru lehoi ditu kapitelean eta gaur egun Indiako Sinbolo Nazionala bihurtu da. Zutabe berean Asoka Chakra (Asokaren Gurpila) ere ageri da eta hau Indiako banderaren erdian ezarri dute.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ashokak 40 urtez agindu zuen, baina bera hil ondoren Maurya Inperioak beste 50 urte eskas iraun zituen. Asokak emazte ugari eta seme-alaba ugari izan zituen, hauetako asko budismoa zabaltzera bidali zituen inperioko lau muturretara. Berak Kunala semeren alde jokatu zuen baina Sampatri bihurtuko zen enperadore. Inperioaren gainbeheraren hasiera zen. K. a. 185 urtean azken enperadorea zen Brihadratha hiltzean lurrak hainbat printzerritan zatitu ziren. Hogei mende geroago Britainiar Raj bihurtu arte Indiak ez zuen inoiz batasunik ezagutuko.

Asokaren berraurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendera arte genealogia budistetan agertzen zen izen ugarietako bat baino ez zen Asoka. Beranduago Sri Lanka, Tibet eta Txinan aurkituriko Divia avadana, Asoka avadana eta Majá vamsha idatziak aurkitu ziren eta hauek Asoka errege handia izan zela irakurri arren arkeologoek ez zioten sinesgarritasun handirik eman eta kondairetako pertsonaia baino ez zela uste izan zuten.

1837an James Prinsep indiar-britainiar arkeologoak Delhin zegoen harri handi bateko inskripzioak itzuli zituen. Asokaren ediktuak ziren eta Devanampiya Piyadasi (jainkoek maite dutena) erregea ageri zen bertan. Primsepek Sri Lankako erregeren bat izango zela uste zuen baina ediktuak idatzita zeuden aztarna gehiago aurkitzeaz batera Asokarekin identifikatzen hasi ziren, 1915ean erabat baieztaturik gelditu zelarik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Asoka Aldatu lotura Wikidatan