Assata Shakur

Wikipedia, Entziklopedia askea
Assata Shakur

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJoAnne Deborah Byron
JaiotzaJamaica (en) Itzuli1947ko uztailaren 16a (76 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Familia
Anai-arrebak
Familia
Hezkuntza
HeziketaCity College of New York (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakaktibista, militante politikoa, terrorista, idazlea, poeta eta editore-laguntzailea

IMDB: nm2104313 Musicbrainz: 3fe581c8-7ef0-4c89-b6e4-a3e88cb92b93 Discogs: 434697 Edit the value on Wikidata

Assata Olugbala Shakur, jaiotzez JoAnne Deborah Byron (New Yorken jaioa, 1947ko uztailaren 16an), ekintzaile politiko estatubatuarra da, Black Liberation Army (BLA, Beltzen Askapenerako Armada) mugimenduko kidea eta Black Panthers (Pantera Beltzak) alderdi ezkertiarreko kide izandakoa. 1973an New Jersey estatuko errepide-kontrol batean gertatutako tiroketa baten ostean atxilotu zuten, erailketaz eta beste hainbat delituz akusatua, eta orduz geroztik kartzelan egon zen, harik eta 1979an ihes egitea lortu zuen arte. Denbora horretan hainbat aldiz epaitu zuten, eta epaiketa guztietan libre geratu zen, 1977koan izan ezik; 1973ko tiroketan polizia bat erailtzeagatik epaitu zuten, eta erruduntzat jo zuten. Kartzelatik ihes egin ostean, 1984an Kubara alde egin zuen, non asilo politikoa onartu baitzioten. 2013az geroztik FBIren hamar terroristarik bilatuenen zerrendan dago.

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Assata Olugbala Shakur, jaiotzez JoAnne Deborah Byron eta ezkontzaz JoAnne Chesimard, New York Hiriko Queens auzoan jaio zen 1947ko uztailaren 16an [1]. Hiru urte zituela, gurasoak banandu egin ziren, eta Shakur Ipar Karolinako Wilmington hirira joan zen bizitzera, amarekin eta amaren aldeko aitona-amonekin.[2][3] Ama berriz ezkondu zen, eta bigarren hezkuntza hasterako Shakur Queensera itzuli zen, amarekin eta haren senarrarekin batera; halere, askotan joaten zen hegoaldera, aitona-amonak ikustatzera eta haiekin denboraldi batez bizitzera.[4]

Hainbat aldiz etxetik alde egin ostean, Evelyn A. Williams izebak —giza eskubideen aldeko langilea, gerora Shakurren abokatu izango zena— bere etxean hartu zuen, Manhattan auzoan.[5][6] Ikasketak amaitu bitartean, beltzen eskubideen aldeko ekintza politikoetan parte hartzen hasi zen. 1967ko apirilean Louis Chesimard ikaskide eta gogaidearekin ezkondu zen; handik urte batera banantzea erabaki zuten, Shakurrek gerora idatziko zuenez genero-roletan sortutako ezadostasunak gainditu ezinik.[7] Bi urtez bananduta egon ondoren, 1970eko abenduan dibortziatu egin ziren.[8]

Pantera Beltzak Alderditik Beltzen Askapenerako Armadara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak amaitu eta gero, Shakur Pantera Beltzak alderdi politikoko kide izan zen denbora batez. Garai hartan, bere esanetan[7] 'esklabo-izen' zuenari (JoAnne Chesimard) uko egin eta Assata Olugbala Shakur izena hartu zuen (Assata: borrokalaria, Olugbala: jendearekiko maitasuna; Shakur: esker onekoa).[7]

Gero, zenbait ezadostasun tarteko —nagusiki, alderdiko giro matxista, kide askoren kontzientziazio falta, alderdiak beltzen beste komunitate batzuekin elkarlanean jarduteari uko egitea eta borroka politikoaren eta borroka armatuaren egiturak ez bereiztea, guztiak ere Shakurren aburuz[7]— alderdia utzi eta Black Liberation Army (BLA, Beltzen Askapenerako Armada) mugimenduarekin bat egin zuen. Polizia atzetik zuela-eta, bere burua ezkutatu beharrean aurkitu zen.[7]

Tiroketa eta kartzela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1971 eta 1973 bitartean hainbat krimen leporatu zizkioten, eta zenbait estatu bera atzeman nahian ibili ziren. 1973ko maiatzean —ordurako jada Black Liberation Army mugimenduko kide zela—, Shakur eta beste bi kide New Jersey estatuko ordainpeko autobideko errepide-kontrol batean geratu zituzten. Tiroketa bat egon zen; Werner Foerster polizia eta BLA erakundeko Zayd Malik Shakur hilik suertatu ziren, eta James Harper polizia eta Assata Shakur, ostera, zaurituak. Shakur eta BLA mugimenduko hirugarren kidea, Sundiata Acoli, harrapatu eta espetxeratu egin zituzten. 1973 eta 1977 bitartean, Shakur hainbat kartzelatan egon zen. Denbora horretan beste bederatzi auzirengatik epaitu zuten, eta guztietatik libre geratu zen, zenbait arrazoirengatik: absolbitu egin zutelako, epaimahaia ez zelako gai izan epai bateratu bat emateko edo akusazioak bertan behera geratu zirelako.[9] Shakurrek salatu izan duenez, kartzelaldian torturatu egin zuten, bai espetxe federaletan bai estatuen espetxeetan. Foerster eta Zayd Malik Shakur erailtzeagatiko epaiketa 1977an egin zuten, eta Assata Shakur erruduntzat jo zuten, Acolirekin batera .[10]

Asilo politikoa eta FBIren zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979an, Assata Shakurrek kartzelatik ihes egin zuen, eta, hainbat urtez ihesean ibili ondoren, 1984an Kubara joan zen, non asilo politikoa eman baitzioten.[11][3] 2005eko maiatzaren 2an, FBIk terroristatzat izendatu zuen, eta milioi bat dolarreko saria eskaini zuen Shakur harrapatzen laguntzearen truke. 2013ko maiatzaren 2an, ostera, FBIk hamar terrorista bilatuenen artean sartu zuen, eta bikoiztu egin zuen zortzi urte lehenago eskainitako saria; Shakur izan zen zerrenda horretan inoiz sartu duten lehen emakumea.[12] 2017an, Donald Trump AEBetako lehendakariak aurreko lehendakari Barack Obama-ren administrazioak Kubarekiko izandako politika ezereztu zuen jendaurreko hitzaldi batean; AEBen eta Kubaren arteko negoziazioek aurrera egiteko, Kubak preso politikoak askatu eta iheslari politikotzat onartutako pertsonak itzuli beharko lituzke, eta Trumpek beren-beregi eskatu zion Kubari "Joanne Chesimard polizia-hiltzailea" AEBen esku uzteko.[13]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Assata: An Autobiography (1988)
  • Still Black, Still Strong (1993; egileak: Assata Shakur, Dhoruba bin Wahad eta Mumia Abu-Jamal)

Ikus, baita[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Assata Shakurren esanak
    • 1.1 Pantera Beltzak
    • 1.2 Beltzen Askapenerako Armada
    • 1.3 Arraza eta klasea
    • 1.4 Esklabotza, Gerra Zibila eta esklabo-izena
    • 1.5 Sozialismoa, kapitalismoa, internazionalismoa eta inperialismoa
    • 1.6 Sexismoa eta genero-rolak
    • 1.5 "Nire amari"

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. . According to the FBI, Shakur has also used August 19, 1952, as a birthdate.
  2. .
  3. a b .
  4. Eyes of the Rainbow. Dir. Gloria Roland. Perf. Asset Shakur. 1997. 4 May 2013. Web. 15 May 2017.
  5. .
  6. Scheffler, 2002, p. 203.
  7. a b c d e Shakur, Assata. (1988). Assata: An autobiography. Zed Books.
  8. Perkins, 2000, p. 103.
  9. Askatasuna, etengabeko borroka bat | Katakrak. (Noiz kontsultatua: 2017-07-18).
  10. .
  11. ISBN 0-8147-8789-4..
  12. .
  13. .