Atenas

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Atenas

Atika
Atenasko hainbat irudi.
Atenasko hainbat irudi.
Izen ofiziala Αθήνα (Athīna)
Estatua
Periferia
Lurralde unitatea
 Grezia
Atika
Erdialdeko Atenas
Alkatea Giorgos Kaminis
Herritarra atenastar[1]
Koordenatuak 37°58′N 23°43′E / 37.967°N 23.717°E / 37.967; 23.717Koordenatuak: 37°58′N 23°43′E / 37.967°N 23.717°E / 37.967; 23.717
Atenas non dagoen adierazten duen Grezia-ko/-go/-eko mapa
Atenas
Eremua 38,964 km2
Posta kodea 10x xx, 11x xx, 120 xx
Biztanleria 664.046 bizt.
Dentsitatea 17.042,55 bizt./km²
Sorrera 1.400 urtea k.a.
http://www.cityofathens.gr

Atenas[1][2][3] (grezieraz: Αθήνα, Athína, aˈθina ahoskatua; antzinako grezieraz: Ἀθῆναι, Athēnai) Greziako eta Atika eskualdeko hiriburua. Izena Atena jainkosaren omenez du. Mendiz inguraturiko ordoki batean dago, Akropoliaren eta Likabitosko harkaitz-muinoen azpian zabaldurik. Greziako politika, ekonomia eta kulturaren gune nagusia da. Atenas inguruan dago Greziako industrialde garrantzitsuena.

Europar Batasuneko bederatzigarren metropoli-barrutirik handiena da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera eta mitoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Atenasko Akropolia»
Akropolia

Akropolian aurkitu den kultura-aztarnarik zaharrena Neolito bukaerakoa da. Mitologiaren arabera, pelasgoen Atenajainkosa Poseidon jainkoari nagusitu zitzaion, eta izena eman zion hiriari. Atenas eta Atikako tribuen egituraketa joniarrek moldatu zuten, K.a. 2000. urtearen inguruan han egokitu zirelarik. Atenasko errege mitikoen tradizioa historiaurrearen argigarri da gaur egun. Atenastarrak, beren buruak bertakotzat iritzirik, Kekrops, hiriaren fundatzailea, eta Eriktonios, haren ondorengoa, lurpeko sinesteekin lotu zituzten. Elezaharrek Knossosekiko harremanak (Dedalo), Minok Atenasi ezarritako setioa (Androgeo), Egeoko erreinaldien garaian Atenasek nozitu behar izan zituen mendekuak, Teseo askatzailea (Minotauro) eta amazonen aurkako gudua ekartzen dituzte gogora. Kodros, elezaharretako azkeneko erregea, doriarren aurkako gerrako heroia izan zen. Pelasgoen harresia (Akropolian badira aztarna batzuk) etsaien aurkako babesa izan zen. Atenasek eta Atikak, doriar inbaditzaileengandik babesturik, Asia Txiki aldera talde handitan jo zuten, eta, joniarrez gainera, Beoziako iheslari eoliarrak ere hartu zituzten.

Aristokraziaren gobernua, tirania eta berrikuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greziaren Erdi Aroa izena eman zaion garai iluna gainditu ondoren, etengabeko aurrerakuntza izan zuen Atenasek alderdi guztietan, Grezia guztira hedatu zen dekorazio geometrikoko zeramika lekuko (K.a. X-VIII. m.). Gizarte-egiturak (4 tribu joniar, 3 phratria-tan banatua bakoitza, phratria bakoitzak hainbana genos) erraztu egin zuen lurjabeen aristokraziaren etorrera (Eupatridak), erregetza indargabetu eta, azkenik, gobernu aristokratikoa ezarri zuena (K.a. VII. m.).

Alabaina, phratrietan txertatu ziren merkatari aberatsen klase berrien bizilekuak eta, batez ere, jabe txikientzako pobrezia eta esklabotasunerako bidea ekarri zituen nekazaritzaren krisiak gizarte-altxamendu handiak eragin zituzten. Kilonen tirania-saioaren ondoren (K.a. 632), berrikuntza handiko garaia etorri zen: Drakonek zuzenbide pribatuko legeak idatzi zituen (K.a. 621 aldera), Solonen berrikuntza politiko eta soziala K.a. 594an (zorren ezeztapena, oinordetza-zuzenbide liberala, Laurehunen Kontseilua (bule), Prutaneion, Heliaia [Atenasko epaitegi herritarra]), eupatrideek auzitegietan zeukaten erabateko nagusitasunaren ezeztapena. Erreforma horiek berebiziko eragina izan zuten ekonomian eta kulturan, eta haietako batzuk hausteak herri-matxinada berriak ekarri zituen. Tiraniak (K.a. 560-510), behe-klaseetan oinarriturik, Solonen konstituzioa finkatu eta Atenasen inperioa hedatu zuen, Korinto eta Sirakusaren itsas nagusitasuna itzaliz, Delos eta Kalki hiriak menderatuz eta Kersoneso penintsula kolonizatuz. Kultura arloan eginiko aurrerapena askoz ere garrantzitsuagoa izan zen. Eraikuntza erraldoiak, Palatinaikos eta Dionisos jaiak eta tragediaren sorrera; Homeroren lehen argitalpena, poeta liriko nahiz filosofo handien egonaldi luzeak Atenasen; eskultura eta zeramikaren garapena. Tirania erori ondoan, joera demokratikoak nagusitu ziren, espartarrek prozesuan parte hartu bazuten ere. Ecclesiak (herri-biltzarra) agintean ezarritako Klisteneren erreformak tribu-egitura deuseztatu eta Atenasko demokrazia aldarrikatu zuen.

Mediar gerrak eta Atenasen inperialismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenas hiriak Asia Txikiko hiri joniarrei (Miletoko Aristagorari) Dario I.a Persiako erregearren aurkako gerran (K.a. 498) lagundu zien. Lehen Mediar Gerraren hasiera zen. Darioren gudarosteei Maratoiko Guduan nagusitu ondoan amaitu zen Greziako gerra (K.a. 490). Temistoklesen gidaritzapean, atenastarrek indartu zuten itsas ontziteria, eta hiri nagusiaren eta Pireo portuaren artean murru handi bat eraiki zuten. Bigarren Mediar Gerrak (K.a. 480-479) kalte handiagoak eragin zizkien persiarrei, Xerxes I.ak une batez Atenas hartuagatik ere. Atenas, mundu heleniarreko hiri nagusia, Delos itsas konfederazioko buru bihurtu zen era berean (Eurimedoneko garaipena, K.a. 468, eta Kalliako bakea, K.a. 449). Atenasko inperialismoak ez zuen, ordea, une lasairik izan: aliatuen autonomia ukatuz eta arerioak etengabeko mehatxupean edukiz, gerra baizik ez baitzuen bizi luzaroan.

Periklesen mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala eta guztiz ere, ekonomia-aurrerapenak eta Atenasko demokraziaren garapenak zibilizazio klasikoaren gune eta iturri bihurtu zuten Atenas. Aristides, Efialtes (K.a. 461) eta Perikles (K.a. 443-429) politikarien berrikuntzei esker, betiereko heldutasuna erdietsi zuen Atenasko demokraziak: bertute politikoetan oinarriturik, polis-a (hiria) hiritar guztien artean gobernatzen zen. Filosofian, sofisten eskola (Gorgias, Prodikos, Protagoras), Anaxagoras eta Sokratesen filosofia eta eskola platonikoa (Platon, Akademia, eta Diogenes Zinikoa, Timon misantropoa, Meton astronomoa) bertan garatu ziren. Letra-munduan, hantxe sortu ziren lehen historia (Herodoto, Tuzidides, Xenofonte) eta dramaturgia (Eskilo, Sofokles, Euripides, Kratino, Aristofanes, Menandro). Arte klasikoak garai hartan eman zituen bere obra osatuenak (Akropolia, Agora, Zeramika). Periklesen garaiko Atenas antzinatean nagusi ageri den Greziaren ispilu gardenena da. Ezin ahantzi da, hala ere, handitasun horren guztiaren oinarrian indarkeriaren poderioz eta esklabo-gizarte bat zela medio bermaturiko inperioa zegoela: Atikan bizi ziren 400.000 biztanleetatik, 200.000 esklaboek, 70.000 metekoek (atzerritarrek) eta emakumeek ez zuten inolako eskubide politikorik.

Peloponesoko gerra: Atenasen gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenasen inperialismoaren aurrean, Esparta izan zen bere independentziari gartsuen eutsi zion herria. Atenasek Kerkira (Korfu) hiriari Korintoren aurkako gerran lagundu ziola eta, korintoarrek Potidean emaniko erantzunak piztu zuen Peloponesoko gerra (K.a. 431). Gerraren lehen aldian atenastarrek eutsi ahal izan zioten inperioari, galera (Potidea eta Anfipolisko guduak) eta nahigabe guztiongatik ere (Atikako ebasketa, izurritea, K.a. 430, Periklesen heriotza). Mantineako gudua galdu ondoan (K.a. 418), atenastarrek porrot handia jasan zuten demagogoek (Altzibiades) Siziliara gidaturiko bidaldi batean (K.a. 415-413). Joniaren altxamenduaren ondoren (K.a. 412), estatu-kolpe batek Larehunen aholkularitza oligarkikoa ezarri zuen agintean (K.a. 411), nahiz demokrazia hurrengo urtean ezarri zen. Espartaren aurka, Atenasek itsasontziak galdu zituen Egospotamon (K.a. 404), eta kapitulazioa izenpetu zuen ondoren. Gerra-urte luzeen ondoan (Atenas, Esparta eta Korinto hirien artean nagusiki), itsas konfederazio berri baterako asmoek ez zuten buru onik izan (K.a. 377-357) eta, bitartean, Tebasek itzali zituen Atenasen nahiz Espartaren indar militarrak: amaiaren aurreko gaua zen.

Mazedoniaren eta Erromaren Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipo II.a Mazedoniakoak, Atenasen itsas inperioaren deuseztapenaz baliatuta, Olinto konkistatu (K.a. 348) eta Atenasi bakea ezarri eta gero (K.a. 346), indar aliatuak garaitu zituen Keroneako guduan (K.a. 338). Filipo jaun eta jabe zen Grezian. Alexandro Handia hil eta gero, berriz ere altxatu zen Atenas, baina Antipatroren gudarosteek menderatu zuten (Kranon, gerra lamiarra). Geroztik, diadokoen esku, Mazedoniako Erresumaren mende geratu zen. Politikan, gainbehera erabatekoa zen arren, Greziako zibilizazio gune nagusi iraun zuen Atenasek. Atenas, filosofoen (Aristoteles, Epikuro, Zenon) eta artisten (Protogene) hiria zena, Atikako elokuentziaren plaza bihurtu zen (Isokrates, Lisias, Demostenes, Likurgo). Erromatarrek hainbat mesede egin ondoan (K.a. 166), Sila enperadoreak konkistatu zuen Atenas K.a. 89 urtean. San Paulok bisitatu zuen K.o. 56 urtean. Atenasek ikasketa klasiko paganoen gune moduan iraun zuen V. mendera arte. 276. urtean, godoek suntsitu zuten hiria.

Dukerri latinoa. Atenas modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizantziar Inperioaren barnean, Atenasek ez zuen garrantzi berezirik hartu. Latinoek (mendebaldeko kristauek) eskuratua 1204. urtean (IV. gurutzadan), dukerri franko bateko hiriburu bihurtu zen. Frankoen ostean kataluniarren esku egon zen. Turkiarren okupazioaren garaian (1456-1832), Atenasek ez zuen inolako garrantzirik izan otomandarren begi aurrean. Greziako independentziako gerran kalte handiak nozitu zituen (1827). 1834. urtean Greziako hiriburu egin zuten. 1973ko azaroaren 17an ikasleak erregimen militarraren aurka altxatu ziren hirian.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datu klimatikoak (Athens)
Hila Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Urtekoa
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 12.5 13.5 15.7 20.2 26.0 31.1 33.5 33.2 29.2 23.3 18.1 14.1 22.5
Batez besteko tenperatura (ºC) 8.9 9.5 11.2 14.9 20.0 24.7 27.2 27.0 23.3 18.4 14.0 10.5 17.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 5.2 5.4 6.7 9.6 13.9 18.2 20.8 20.7 17.3 13.4 9.8 6.8 12.3
Euria (mm) 56.9 46.7 40.7 30.8 22.7 10.6 5.8 6.0 13.9 52.6 58.3 69.1 414.1
Euri egunak (≥ 1 mm) 12.6 10.4 10.2 8.1 6.2 3.7 1.9 1.7 3.3 7.2 9.7 12.1 87.1
Eguzki orduak 130.2 139.2 182.9 231.0 291.4 336.0 362.7 341.0 276.0 207.7 153.0 127.1 2778.2
Hezetasuna (%) 74.5 72.2 68.8 61.7 53.9 46.1 43.1 45.3 53.7 66.1 74.3 76.1 60.8
Iturria: [4]

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herodes Atticusen odeona
  • Atenasko Akropolia, eta bertan Partenoia eta Erekteion tenpluak.
  • Dionisoren antzokia (K.a. IV. m.)
  • Asklepeion (K.a. V-IV. m.)
  • Eumenen ataria (K.a. II. m.)
  • Herodes Atticusen odeona (161)
  • Agora, hiriko bizigune publiko garrantzitsuena, monumentu klasiko asko gorde zituena: Attaloren ataria (K.a. II. m.), Teseion (K.a. V. m.), Zeramika auzoa eta Akademiako lorategiak.
  • Erromatarren garaiko agora
  • Hadrianoren liburutegia (II. m.)
  • Hadrianoren ataria (K.a. II. m.)
  • Haize Dorrea (K.a. I. m.)
  • Lisikratesen monumentua (K.a. IV. m.)
  • Antioko IV.a Siriakoak Zeusi eginiko santutegia (K.a. II. m.)
  • Eliza bizantziar bikainak, mosaiko ederrez hornituak.

Museoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Arkeologia Museo Nazionala (Mizenasko altxorra, eskultura arkaikoa eta klasikoa, zeramika, etab.)
  • Bizantzio garaiko Museoa; Benaki Museoa (Bizantzio garaiko artea, arte koptoa, musulmana eta txinatarra: Greziako ohiturak)
  • Museo Epigrafikoa
  • Museo Historiko eta Etnologikoa

Bestelakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biografiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Atenas Aldatu lotura Wikidatan