Atez ateko zabor bilketa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Atez ateko zabor bilketa edo atez ateko bilketa (AAB) etxebizitzetako hondakinak biltzeko sistema bat da, bilketa etxebizitzaz etxebizitza eginez hondakin organikoa, papera, plastikoak eta bestelako materialak gaika biltzen dituena, gero birzikla daitezen. Kaleko edukiontzi handien bidez egiten den gaikako bilketaren ordezko aurreratuago gisa sortzen da, gaika gehiago biltzeko, zero zabor helburu duten politiken barruan. Gipuzkoan 2009ko martxoan abiarazi zen, Usurbil herrian. 2010 urtean Hernani eta Oiartzun bildu ziren atez ateko sistemara, herriko etxebizitza guztietako hondakinak etxez etxe bilduz. Iparraldean ere zabaltzen ari da atez ateko sistema.[1][2] Euskal Herrian baino lehenago, atez ateko sistema munduko hainbat lekutan ezarri da, hala nola Balear Uharteetan, Estatu Batuetan, Italian, Japonian, Katalunian eta Taiwanen.

Atez ateko bilketak eztabaida politiko bizia sortu du Gipuzkoan. San Marko zabortegiaren itxierak zaborrak isurtzeko arazo larria ekarri zuen eta alternatiba gisa, erakunde eta alderdi politiko zenbaitek Zubietako lurretan kokatu beharreko zaborren erraustegi baterako plana eta proiektua abiarazi zuten. Testuinguru horretan, atez ateko bilketa sistema abiatzen da, ez soilik bilketa eredua aldatzeko, baizik eta hondakinen kudeaketa-eredu osoa transformatzeko, zero zabor politiken barruan. Politika horien arabera, baztertu egin behar dira hala errausketa nola zabortegiak, bi-biak jasangaitzak direlako osasunaren eta ingurumenaren aldetik.

Atez ateko gaikako bilketari esker, zaborra desagertu egiten da, hondakin organikoak ez direlako beste hondakinekin nahasten, eta, ondorioz, hondakin ia guztiak birziklatu daitezke. Horregatik, AABS zero zabor politiken bihotza da, kalitatezko gaikako bilketak ahalbidetzen baitu hondakinen birziklapena handitu eta lehengai naturalen erauzketa gutxitzea.

Eduki-taula

[aldatu] Aurrekariak

Hondakinak atez ate gaika biltzeko sistemara batu diren herrietan, zaborrak kalean jarritako edukiontzietan biltzen ziren lehen. Papera, ontziak eta beira gaika biltzeko edukiontziez gainera, zaborra nahasian botatzeko edukiontziak ere bazituzten. Atez atekoa abiarazi zuen Sanmarko Mankomunitatean hondakinen % 21,5 besterik ez zen biltzen gaika eta birziklatzeko prest, edukiontzien sistema erabiliz; eta gainerako % 78,5ak zuzenean zabortegietara isurtzen zituzten.[3]

[aldatu] Atez ateko bilketaren funtzionamendua

Gipuzkoan abiarazitako atez ateko bilketa sisteman, familia bakoitzak zaborretarako lau ontzi edo poltsa ditu etxean, hondakin organikoak, papera, ontzi arinak (plastikoak, brik eta latak) eta errefusa edo soberakinak biltzeko hurrenez hurren. Asteko egun bakoitzean, zabor mota bat besterik ez da bilduko. Horrela, egunero, bizilagun bakoitzak dagokion ontzia edo poltsa atera beharko du kalera. Etxe aurrean bere izenaz jarri diren zutoinetan zintzilikatu beharko du egun horretako hondakin motaren poltsa edo ontzia.

Beira eta kristala, berriz, ez da atez ate biltzen, material arriskutsuak baitira, eta berariaz prestatutako kaleko zaborrontziak erabiltzen dira horietarako. Aparatu elektrikoak, altzariak eta zuzenean birziklatu ezin daitezkeen antzeko objektuak ere ez dira etxez etxe biltzen eta garbigune izeneko tokietan jasotzen dira, hiritarrak berak hara eramanez. Pilak herriko gune zenbaitetan eskura dauden ontzietan sar daitezke. Errefusak aurreko ataletan sartzen ez diren gaiak biltzen ditu, hala nola hautsa, zeramika puskak, paper plastifikatua, porexpan pieza handiak eta plastikoa eta metala dituzten objektuak, eta etxez etxe biltzen da.

Zabor organikoak etxebizitza barruan sor ditzakeen usain eta bestelako eragozpenak ekiditearren beste hondakin motak baino maizago biltzen dira, asteko hiru egunetan hain zuzen. Ontziak asteko bi egunetan biltzen dira, eta egun batean papera eta kartoia. Pixoihalak eta babeskiak edo konpresak egunero jasotzen dira, horretarako poltsa bereziak erabiliz. Adibidez, honako hau da Hernaniko atez ateko zabor bilketaren asteko egutegia:[4]

Etxeak oso sakabanatuta dauden inguruetan etxez etxeko bilketak kostu handia dakarrela eta, bilketa gune bereziak prestatzen dira bizilagunek aurrez txartel batez identifikatuta gaiak bertan bere izaeraren arabera utz ditzaten. Herrian, biztanle guztien eskura dauden larrialdi guneak ere badaude, biztanleak aurrez identifikatuta gaiak bertan bere zaborrak uzteko.

Lorategia duen familiak zabor organikoa bertan konpostatu nahi badu, hori egiteko aukera izango du bere zabor organikoekin. Udaletik autokonpostagailua dohain jaso eta ikastaro batean ere parte hartzen da autokonpostatzea ikasteko. Autokonpostatze proiektuan parte hartzean hondakinen tasan beherapen bat ere jaso ohi da. Konposta egitean hondakin organikoak landareentzako ongarria lortzen da, etxean bertan aprobetxatzen dena.

[aldatu] Sistemaren abantailak

  • osasunari dagokionean, atez ate proiektu berriarekin, ez dira osasunerako kaltegarriak diren zabortegirik erabiltzen. Gainera zaborrak ez du usainik eta metanorik sortzen, zabortegietan egingo lukeen bezala;
  • birziklaturiko gaiei esker, baliabide naturalen era jasangarriagoan erabili eta berotegi-efektua eragiten duten emisioak gutxitzen dira, hala nola karbono dioxidoa;
  • erosoa da, etxetik mugitu behar ez delako zaborra uzteko eta ez dira zaborra bereizteko zaborrontziak bilatu behar, asteko egun bakoitzean, etxeko atarian bilduko baita zabor mota bat;
  • ekonomikoki bideragarria da: hasiera batean, zaborrontzi komunitarioak jasotzea baino garestiagoa izan arren, tratamendua merkeagoa da eta, gainera, auzokideek egiten duten birziklapenari esker, diru sarrerak lortzen dira, bilketak sortzen dituen gastuak konpentsatuz;
  • indarrean dagoen legea beteko du. 2001eko urtarrilaren 1etik, 5.000 bizilagunetik gora dituzten herriak, materia organikoa bereizi beharko dute hau birziklatuz edo konposta eginez.
  • proiektu berri honek lanpostu berriak sortuko ditu herrian, birziklapen-lantegietan nahiz atez ateko bilketan;
  • auzokideen beraien parte hartze aktiboagoa lortzen da eta elkartasuna garatu;
  • zaborrontziak kaletik kendu eta espazioa irabazten da.

[aldatu] Sistemaren desabantailak

Sistema honekin ez da zaborraren %100 birziklatzea lortzen, hondakinen %20tik gora zabortegietara baitoa. Ondorioz, zabor hori erretzeko erraustegia edo beste bideren bat behar izango da.

Gipuzkoa horrelako sistema bat ezartzeko prest egon ez arren, aipatutako hiru herrietako udal gobernuek proiektuarekin aurrera egitea erabaki zuten. Ondorioz, sistema ezarri zenetik sortutako zaborraren zati handi bat iparraldera eraman behar izan da, eta horrek gainkostu ekonomiko izugarria ekarri du. Iparraldera eraman den zabor horrek, noski, erraustegi batean bukatu du.

Kalean zaborrontzirik ez dagoela egia da, eraikin bakoitzaren atarian zabor poltsaz betetako zutabeek ordezkatu dituztelako. Zaborrontzien faltan, hauek dira orain usaina jartzen dutenak.

[aldatu] Usurbilgo esperientzia

[aldatu] Herritarren botoa

Usurbilen egin zen erreferendum batean %56,23 proiektuaren alde agertu dira, %42,95 bost edukiontzien sistemaren alde eta %0,76 lau zaborrontzien sistemaren alde. Botoen % 0,06 zuria izan da eta 25 boto baliogabeak izan dira.[5]

[aldatu] Proiektuaren emaitza nabarmenak

Gipuzkoako Usurbil herrian atez ateko bilketa 2009ko martxoaren 15ean hasi zen. Martxoaren 16tik 31 bitartean hondakinak sailkatuta, 56.000 kilo zabor gutxiago bota ziren zabortegira, oro har, %35 gutxiago. Proiektu berriaren arrakasta ikus ahal izateko apirileko emaitzak hartu ziren. Hauek ezin hobeak izan ziren: 2008ko apirilean 173.200 kilo eraman ziren zabortegira, eta 2009ko apirilean, berriz, 25.380 kilo. Hau da, 148.000 kilo zabor gutxiago jaurti ziren zabortegira,  %85,35 gutxiago, alegia.

Zabortegira eramandako 25.000 kilo horiek “garbiak” dira, eta ez dute apenas materia organikorik. Beraz,zabortegira bota ostean ez dute inolako kiratsik sortuko.[6]


[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Erreferentziak

  1. (Frantsesez) Collecte des ordures ménagères en porte à porte, Communauté de Communes Nive Adour, 2010-07-17an kontsultatua.
  2. (Frantsesez) Guide pratique du tri des déchets, 4. orrialdea.
  3. (Euskaraz) Hondakinen atez ateko bilketa selektiboa, 2. orrialdea, 2010-07-19an kontsultatua.
  4. (Euskaraz) Nola funtzionatzen du atez ateko bilketak?, Hernani osasuna atez ate, 2010-07-17an kontsultatua.
  5. (Euskaraz) Atez ateko proiektuaren behin betiko emaitzen webgunea.
  6. (Euskaraz) emaitza nabarmenak.


[aldatu] Kanpo loturak

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak
Beste hizkuntzak