Atutxa doktrina

Wikipedia, Entziklopedia askea

Atutxa doktrina herri-akusazioarekin bakarrik aurrera egiten du prozesuak, izan ere, epaileak delituaren izaera interes kolektiboaren aurkakoa dela erabakitzen du[1].

Doktrinaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Maria Atutxari, Eusko Legebiltzarreko presidente ohiaren, aurkako prozesuak aurrera egin zuen; desobedientzia delitua egotzita eta interes kolektiboa jokoan zegoela iritzia, nahiz eta Manos Limpias elkarteak bakarrik babestu akusazioa[1].

Atutxa, inputatua eta kondenatua izan zen. 2003an parlamentuaren zati ziren ezker abertzaleko taldea (hau da, legez ETAkoak) ez desegiteagatik inhabilitazioa eta 18.000 euroko izuna zigorra jazo zuen.

2017ko ekainean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak urratu egin ziela Eusko Legebiltzarreko kide izandako Juan Mari Atutxari, Gorka Knorri eta Kontxi Bilbaori «epaiketa bidezkoa izateko eskubidea», 2008an Espainiako Auzitegi Gorenak hirurak kargugabetu zituenean Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa ez desegiteagatik. Epaiak ez zituen ondorio praktikorik izan: bederatzi urte igaro ziren zigorrak —urte eta erdiko inhabilitazioa Atutxarentzat, urtebetekoa Knorrentzat eta Bilbaorentzat— ezarri zirenetik, eta Espainiak, gastuez gain, euro banako kalte-ordaina baino ez zien eman beharko hiru auzipetuei. Baina garrantzi politiko handia du, berriro ere Europa osoaren aurrean agerian jartzen duelako Espainiako justiziaren jokabidea jatorri politikoko auzibideetan.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ez zuen auziaren mamia aztertu, eta ez du azaldu kargugabetze zigorrak egokiak izan ziren edo ez, baina argi utzi du Auzitegi Gorenak ez zituela hiru akusatuen arrazoibideak entzun nahi izan auzia epaitu zuenean, eta gogorarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, akusatuen arrazoibideak entzun zituenean, absolbitu egin zituela. Estrasburgoko Auzitegiko 3. aretoko zazpi epaileek aho batez hartu zuten erabakia.

Auziak Batasuna eta beste zenbait eragile politiko legez kanporatzeko estrategian zuen sustraia. Batasuna legez kanpo utzi ondoren, 2003an, Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa desegiteko agindu zioten Eusko Legebiltzarreko Mahaiari. Mahaia osatzen zuten bost kideetatik hiruk —Atutxak, Bilbaok eta Knorrek— erabaki zuten ezin zutela horrelakorik egin, alderdi politikoa eta talde parlamentarioa ez zirelako gauza bera. Hiru mahaikideak birritan auzipetu zituzten EAEko Auzitegi Nagusian, birritan errugabetzat jo zituzten, baina azkenik Gorenak eman zuen epaia 2008an, eta kargugabetu egin zituen.

Atutxak epaiaren balorazioa egin zuen alderdiaren Bilboko egoitzan, Sabin Etxean, eta EAJk aukera baliatu zuen Herrizaingo sailburu eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko presidente izandakoari omenaldia egiteko. Buruzagi eta hautetsi jeltzale ugari —tartean, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui, Bilboko alkate Juan Maria Aburto, EBBren presidente Andoni Ortuzar, BBBko presidente Itxaso Atutxa, eta abar— Sabin Etxearen aurreko lorategian egon ziren zain, kazetari multzo handi batek inguratuta, eta Juan Mari Atutxa eta haren emazte Begoña Zalduegi iritsi zirenean, txaloka eta besarkada artean hartu zituzten.

Sabin Etxerako bidean, Justizia jauregiaren aurretik igarotzea egokitu zitzaion Atutxari, eta oso keinu esanguratsua egin zuen orduan, hatzaz hara seinalatuz. Izan ere, auzibidea indarrean egon zenean behin baino gehiagotan egokitu zitzaien Atutxari, Knorri eta Bilbaori hara joan behar izatea deklaratzera[2].

Atutxaren «kalbarioa»[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sabin Etxera iritsita, poza agertu zuen Atutxak epaia dela-eta, eta esan du «hamalau urteko kalbarioa» pairatzea suertatu zaiola «instituzioen duintasuna defendatzeagatik». Esan duenez, «zapalkuntza» sufritu dute, baina horren atzean zegoen asmoa «Eusko Legebiltzarra bosgarren mailako parlamentu gisa uztea» zen. Argi utzi nahi izan du gaur egun berdin jokatuko lukeela antzeko egoeran balego.

Akusazio larriak egin zizkion Atutxak Espainiako justiziari. Esan zuen «jende askorekin» berba egiteko aukera izan zuela, eta horri esker auzi honetan izandako «bidegabekeria» ugariren berri izan zuela. «Ondo dakit zer egon den honen atzean, nahiz eta, zoritxarrez, frogarik ezin dudan aurkeztu», erantsi zuen.

Beste bi auzipetuek ere baloratu zuten Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpena. Gorka Knorrek Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan esan du «pozik» zegoela «justizia» egin zelako. «Berriro ere Europatik etorri behar izan zaio jipoia Espainiako Estatu tranpatiari», erantsi du Knorrek.

Kontxi Bilbaok, berriz, esan zuen «garai gogorra» izan zela hura, baina Estrasburgotik iritsitako epaiak «hein batean bada ere» konpondu egin duela «orduko injustizia».

Eragile politikoen aldetik erreakzio soka luzea ekarri zuen ebazpenak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, sare sozialetan hedatutako mezu baten bidez, esan zuen Atutxak, Bilbaok eta Knorrek «aitortza» merezi zutela eta euren jokabidea «eredugarria» izan zela. Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak, berriz, esan zuen epaiak argi uzten zuela hiru auzipetuek egindakoa «ariketa demokratikoa» izan zela eta «euskal gizartearen aginduari» erantzun ziotela.

Eusko Alkartasunak ere elkartasun mezua bidali zien Gorka Knorri —EAren ordezkari gisa aritu zen Eusko Legebiltzarreko Mahaian— eta gainerako bi mahaikideei. EAren ustez, epaiak berriro erakutsi zuen Espainiako justizia «erabat politizatuta» dagoela «euskal gatazka politikoarekin zerikusirik duen guztian».

Oso desberdina izan zen Espainiako Gobernuak egindako balorazioa. Espainiako Justizia Ministerioak nabarmendu zuen Estrasburgoko Auzitegiak auzipetuei deklarazioa hartzeko beharraz baino ez zuela ebatzi. «Horrek ez du esan nahi ezin zela zigor epaia eman desobedientzia delitu batengatik, edo etorkizunean ezin izango dela zigor hori ezarri», zehaztu zuen; «soilki adierazten du beharrezkoa zela, eta geroan ere beharrezkoa izango dela, akusatuei deklarazioa hartzea horrelako zigorra ezarri aurretik».

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]