Atxurra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Atxurra (kobazuloa)» orritik birbideratua)
Atxurra
Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBerriatua
Koordenatuak43°19′24″N 2°29′17″W
Ezaugarriak
Luzera1.085 metro
Bisitagarriaez
Margoakbai
Aztarnakbai
ErreferentziaMG-022 Atxurra
KatalogoaADES Katalogoa

Atxurra Bizkaian kokatutako kobazuloa da. Paleolitoko labar-arte aztarnategi garrantzitsua du, gutxienez 14 gunetan banatua. Bertan 70tik gora irudi identifikatu dira, bisonteak eta zaldiak nabarmentzen direlarik. Gehienak grabatu teknikaz eginak dira eta, kasu batzutan, baita margotuta ere; Madeleine aldi erdi eta berantiarrari dagozkio.[1]  

Kokapena, geografia eta deskripzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxurrako goiko mailako galeria, labar-aztarnategia eta goiko sarreraren artean.
Atxurrako goiko mailako galeria, labar-aztarnategia eta goiko sarreraren artean.

Atxurrako kobazuloa Berriatuako lurretan badago ere, Lekeitiotik hurbilago dago. 1085 metrotako espeleometriarekin, Merelludiko karstaren bigarren kobazulo luzeena da (lehena Lamiñen Sistema izanik). Zehatzago esanda, karst txiki honetako ekialdeko zatian kokatua dago, Atxarre (267 m) eta Gaztelukoatxa (183 m) mendien barrenean, eta Mereludiko poljé edo haran itsuaren drainatze sarearen parte fosila da.

Inguruko kobazuloak bezala, Atxurra Kretazeo Goiztiarreko karehaitz urgoniarraren haustura geologikoen ondorioz sortua da. Pitzadurak norabide nagusi bitan datoz: E-M eta HE-IM. Honen arabera, karga eremu nagusia ekialdean kokatzen da, Merelludiko haran barruan. Bertako azalean topatzen ditugun erreka biak Kurutzerrekako osinean eta Zubitxutako leizean sartzen dira, eta behin lurpean kareharri multzo osoa zeharkatzen dute. Deskarga gune nagusia Lamiñen koba da, eta Arrakala izeneko ubegi txikiago bat ere badago, itxura guztien arabera Atxurrako ubidearen zati aktiboa; biek Zulueta errekarekin bat egiten dute.

Atxurrako kobazuloak bi sarrera nagusi ditu: bata errepidearen mailan, eta bestea zazpi metro gorago. Bi nibelez osatua dago, elkarrekin komunikatuak: behekoak 300 m. inguruko luzera du, eta goikoak 700 bat m. Gutxienez 1085 m ditu, 2011an argitaratutako topografiaren arabera.[2]

Toponimia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kobazulo askok bezala, Atxurrak ere izendapen aldakorrak izan ditu urteetan zehar: argitalpenetan Cueva de las Errecas, Cueva de Amoroto, Cueva de Berriatua... irakur ditzakegu. Gaur egunean ondoan duen baserriaren izena da hedatuena (Atxurra, alegia). Halere, urrutixeago, badago Armiña izeneko beste baserri bat; eta bi etxeen artean gutxienez bost kobazulo aurkitzen direnez, honek toponimia nahastea ekarri du. Horrela, literatura arkeologikoan askotan ikusiko dugu Atxurrako beheko sarrera Armiña izendatua, kobazulo desberdina balitz bezala aipatua.[3]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxurrako 2011ko topografia, 1085 metrotako espeleometriarekin.
Atxurrako 2011ko topografia, 1085 metrotako espeleometriarekin.

Atxurrako haitzuloaren lehen albisteak 1882koak dira. Goiko sarrera ezaguna izan arren, Lekeitiotik Markinarako errepide berria eraikitzeko leherketek bistaratu zuten beheko sarrera. Segituan hasi zen bertatik jendea masiboki sartzen; ordukoak dira egunkarietako lehen kronikak; honek, eta kobara sartzeko erraztasunak kobazuloaren espolioa ekarri zuen, eta 130 urte baino gehiagotan zehar eskualdeko kobarik bisitatuena eta hondatuena izan da.[4]

Lehen bisita zientifikoa Ramon Adan de Yarza eta Jose Maria Solano geologoek egin zuten, 1882an; bertan aztarna paleontologikoak, eta datu hidrogeologikoak jaso zituzten.  Harrezkero, espezialista asko sartu izan dira Atxurrara ikerketa desberdinak egiteko. Besteak beste:

•    1892an Manuel Martínez de la Escalera bioespeleologoak bisitatu zuen, Bizkaian egiten ari zen laginketaren baitan.[5]

•    XX gizaldi hasieran, A. Galvez Cañero egon zen bertan; beheko galerietan aztarnategia aurkitu eta industu zuen.[6][7]

•    1919tik aurrera, Jose Miguel Barandiaranek behin baino gehiago bisitatu zuen; beheko galerietan hainbat aztarna jaso zituen, eta 1929an goiko sarrerako aztarnategia aurkitu zuen, 1934-1935 artean industuko zuena.[3]

•    1958an, Bizkaiko Foru Aldundiko GEV espeleologia taldea aritu zen esplorazioan.[8]

•    1972an Jesus Altunak kata bat egin zuen beheko galerietan.[9]

1982tik aurrera, ADES Espeleologia Elkarteak darama Lea-Artibaiko esplorazio eremuaren ardura; Atxurrako galerien goiko aldeetan inkognitak zeudenez, 2009an haiek esploratzeari ekin zioten, kobazulo osoaren topografia berregitearekin batera.[10]  Nabarmentzekoa da lan hauetan zehar espeleologoek  grabatuetako batzuk ikusi zituztela, baina garrantzi handirik eman gabe.[11]  Izan ere, Atxurrako galerietan milaka graffiti daude eta espeleologoek ez zuten labar-artea identifikatzeko prestakuntzarik (hori Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako arkeologo eta espeleologoen arteko topaketekin aldatuko zen, 2015eko otsailetik aurrera).[12]  Gaur egunean, labar-artearen aurkikuntza dela eta, Atxurrako esplorazioa behin-behinean etenda dago; sabaietako hainbat puntu oraindik begiratu gabe daude.

Atxurrako saguzar koloniako ale batzuek.
Atxurrako saguzar koloniako ale batzuek.

Bestalde, 1990 hamarkadatik hona, zoologoak Atxurran bizi diren kiropteroak ikertzen ari dira: inguruko saguzar kolonia ugarienetako bat gordetzeaz gain, galzorian dauden hainbat espezieren gordelekua ere bada. Harrezkero, saguzar populazioa ezagutzeko eta babesteko bisita sistematikoak egiten dira, eta 2013 urtean kobazuloa itxi zen.[13][14]

2014 urtean, Diego Garatek gidatutako taldeak Atxurrako errebisio arkeologikoa hasi zuen. Lan horretarako, besteak beste, ADES Espeleologia Elkarteko kideen kolaborazioa izan zuten; hain zuzen ere, 2015eko irailaren 25ean, elkarte horretako Iñaki Intxaurbe eta Diego Garate goiko mailako galerietan barneratu ziren labar-artea prospektatzeko. Lehen grabatua Intxaurbek identifikatu zuen[15] , 2011ko topografian agertzen ez zen sektore batean; hurrengo 3 ordutan, bien artean, dozenaka irudi gehiago identifikatu zituzten.  Aurkikuntza garrantzi handikoa zenez, kobazuloari bigarren itxitura bat ezarri zitzaion eta labar-arte multzoaren azterketa abiatu zen.[1]   

Labar-artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Labar-artea Atxurrako goiko mailan dago, bi solairuek bat egiten duten lekutik barrurantz; altuera handia duen galeria bat da, hainbat erlaitz eta dibertikulu dituena. Bertan gutxienez 70 irudi dokumentatu dira, batez ere animalienak; gehienak bisonteak eta zaldiak, baina ahuntzak, oreinak eta uroak ere identifikatu dira. Grabatu teknikarekin eginak daude, eta batzuetan baita pintura beltzez ere. Irudi batzuek handiak dira, zaldiak kasu, eta beste batzuk berriz txikiak. Artearen ezaugarriak Madeleine aldi erdi edo berantiarrari dagozkio, hau da. duela 18.000 eta 14.000 urte artean (14.500-12.500 kalibratu gabe). Ezaugarri hauen artean nabarmenenak dira adarrak eta hankak bi planotan irudikatzea, eta ilea eta erraien detaileak. Deigarriak dira, baita ere, aurreko ikuspegitik eginiko ahuntzak eta zauritutako bisontearen irudia, alderantzizko “v” bezalako 20 bat gezi punta barruan dituena.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Rios-Garaizar, Joseba. La cueva de Atxurra, nuevo yacimiento de arte rupestre paleolítico en Bizkaia. (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).
  2. ADES Espeleologia Elkartea. (2011). «Mereludi, lurpeko mundurako atia» Hondarroa Urtekaria (Ondarroa) (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).
  3. a b Gorosabel, Oier. http://saguzarrak.blogspot.com.es/2016/03/una-cavidad-con-dos-nombres-buscando-un.html. (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).
  4. Autore asko. (PDF) Atxurrako kobian aurkikuntzia. (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).
  5. [|Martínez de la Escalera, Manuel]. (1899). «Examen del Grupo Bathyscia de España» Anales de la Sociedad Española de Historia Natural (Madrid) 28: 363-412. (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).
  6. Marcos, J.L.. (1982). Carta arqueológica de Vizcaya. Primera parte. Yacimientos en cueva. Cuadernos de Arqueología de Deusto 8, 160 or..
  7. [|Altuna, Jesús]. (1971). «El reno en el Würm de la Península Ibérica» Munibe Arkeologia-Antropologia (Donostia) 23 (1): 72..
  8. Nolte, Ernesto. (1968). Catálogo de simas y cuevas de la provincia de Vizcaya. Bizkaiko Foru Aldundia, 30 or..
  9. [|Altuna, Jesús]. (1972). «Fauna de Mamíferos de los yacimientos prehistóricos de Guipúzcoa» Munibe Antropologia-Arkeologia (Donostia) 24 (1-4) (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).
  10. ADES Espeleologia Elkartea. Atxurran. (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).
  11. Mendebala. (2016-V-25). «Aurrenekoaren bakardadea» https://zuzeu.eus/ (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).
  12. UEV-EEE. (2015-II-15). Formakuntza saioa Bilbon. (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).
  13. Galán, Carlos. (1997). «Fauna de Quirópteros del País Vasco» Munibe Ciencias Naturales (Donostia) 49: 77-100. (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).
  14. Vasco Press. (2013-XII-24). «Clausuradas tres cuevas en Bizkaia para proteger a los murciélagos» El Correo Español (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).
  15. Fernández, J.. (2016-V-29). «Iñaki Intxaurbe: “Faltaba por explorar muchísimo e irán apareciendo más, no cabe duda”» Deia (Noiz kontsultatua: 2017-IX-1).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]