August Strindberg

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
August Strindberg
August Strindberg
August Strindbergek bere buruari ateratako argazkia
Datu pertsonalak
Izen osoa Johan August Strindberg
Jaio 1849ko urtarrilaren 22a
Stockholm (Suedia)
Hil 1912ko maiatzaren 14a
Stockholm (Suedia)

August Strindberg (Stockholm, 1849ko urtarrilaren 22a - Stockholm, 1912ko maiatzaren 14a) suediar idazlea izan zen.

Gaztetako urteak eta lehenengo literatura-lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Strindbergen aita burgesiako kidea zen, nahiz eta bere negozioetan ez zuen arrakasta handirik izan, eta ama, berriz, zerbitzaria zuen. Strindbergek arazo asko izan zituen haurtzaroan: ekonomia-estutasunak izan zituen familiak, gurasoen jatorrian zegoen desberdintasunak segurtasun-falta nabarmena eragin zion, aitaren zorroztasuna jasan behar izan zuen, eta ama erlijioaren fanatikoa zen, eta nahiko utzia zuen, Strindbergek berak Tjänstekvinnans son (1886, Neskame baten semea, lau ale), bere autobiografia handian jakitera eman zuenez.

Tentsio eta egoera lazgarri asko bizi izan zituen, beraz, eta ez zen zoriontsu izan, egileak bere obretan aditzera eman zuenez, bere amaren erruz.

1867az gero Uppsalako Unibertsitatean egin zituen ikasketak, baina hainbat etenaldi egin zituen. Medikuntzako ikasketak hasi zituen, baina ez zuen titulurik atera, eta tartean hainbat lanbide izan zituen, dirurik ez zuela-eta. Bizibidea ateratzeko kazetari autonomo gisa jardun zuen Stockholmen, eta beste zenbait lanetan ere aritu zen, baina ez denbora luzez.

Gaztetan hasi zen, 1872an, bere lehen lan ospetsua, Mäster Olof (Olof maisua) prestatzen, baina ez zuen argitara eman 1881 arte. Suediar erreformazale baten bizitzari buruzko drama erromantikoa da, Shakespeareren eta Henrik Ibsenen Brand obraren eraginpean idatzia. Errege Antzokian baztertu egin zuten obra hura, ordea, eta horrek etsipen handia ekarri zion Strindbergi. Harrezkero, sekula ez zuen erakunde ofizialekiko eta tradizioarekiko konfiantzarik erakutsi. Dena dela, 1881ean aurkeztu zenean, suediar antzerkigintzaren maisulantzat hartua izan zen Olof maisua.

1874tik 1882ra bitartean, Errege Liburutegian jardun zuen lanean. 1875ean Siri von Essen ezagutu zuen. Guardiako ofizial baten emaztea zen Siri, baina ez zen senarrarekin zoriontsu bizi; horrela, Strindbergekin harremanetan hasi, eta 1877an ezkondu egin ziren. Harreman sutsua izan zuten, baina azkenean dibortziatu egin ziren 1891n, eta Strindbergek emazteari utzi behar izan zion bere seme-alaben zaintza. Dena dela, harreman hark eragin handia izan zuen Strindbergen karreran, hasierako urteetan idazteko grina areagotu baitzion. Urte haietan idatzi zuen, esaterako, Röda rummet (1879, Gela gorria), Stockholmeko gizartearen gehiegikeriei buruzko kontakizun satirikoa eta umoretsua. Suedian horrelako lan bat idazten zen lehenengo aldia zen hura, Suediako lehen idatzi soziala, eta bai gaiaren aldetik egindako berrikuntza hark, eta bai obra hartan erabili zuen estilo berrizaleak ere ospe handia eman zioten Strindbergi, nahiz eta zenbait kritikarik ez zuen begi onez ikusi Strindbergen kritika zorrotz eta anarkikoa.

Urte haietako artikuluetan kapitalismo basatiaren babesean besteren kontura neurriz gaineko irabaziak lortzen ari zirenen kontrako iritzia azaldu zuen. Garaitsu hartakoa du, orobat, Lycko-Pers resa (1881, Petri zorionekoaren bidaiak) antzezlana, kritika sozial garratzeko obra, eta hurrengo urtean Det nya riket (1982, Erreinu berria) argitaratu zuen, bere garaiko Suediari buruzko satira zorrotza. Garai hartan, eta Zolaren obraren eraginez, batez ere, gizartearen kontrako idatziak argitaratu zituen, eta horren eraginez sorterritik ihes egin behar izan zuen 1883an.

Kontinentean barrena hara eta hona bidaiatu zuen, hurrengo sei urteetan, bere familiarekin batera —bere egonkortasun-faltaren adierazgarritzat hartu izan da joera hori—, eta adimen-eritasun larri baten zantzuak antzematen hasi zitzaizkion arren, hainbat obra —eleberriak eta obra dramatikoak bereziki— idatzi zituen bitarte hartan. 1884an, esaterako, bere lehen kontakizun-bilduma eman zuen argitara: Giftas I-II (Ezkonduak I-II). Obra hura izan zen Strindbergen lan polemikoena, eta esetsi egin zuten han adierazten omen zituen iritzi iraingarriengatik. Besteak beste, Europako iparraldean emakumearen eskubideen alde egiten ari ziren ahaleginak salatu zituen, eta ideia misoginoak plazaratu zituen; bestalde, intelektualen kontra ere agertzen zen, eta suediar erakundeak eta erlijioa ere kritikatu zituen. Azkenean, aske utzi zuten, baina sekula ez zuen gainditu gertaera lazgarri hura, eta harrezkero, pertsekuzio-mania jasan zuen; emaztea bera ere segika ibiltzen zitzaiola pentsatu izan zuen sarritan.

Auzi hartatik onik atera zelarik, dena dela, indarberrituta hasi zen berriro antzerkiak idazten. Sexuen arteko borrokaren berri eman zuen, eta emakumearen inguruko iritzi kontrajarriak adierazi zituen, oro har, garai hartako obretan: Fadren (1887, Aita), Fröken Julie (1888, Julie andereñoa), Fordringsägare (1889, Hartzekodunak).

Horietan denetan adierazi zuen, gainera, gizarte-ohitura eta konbentzioen kontrako jarrera. Teknikari dagokionez, bestalde, naturalismoaren teknika erabili zuen —elkarrizketa soilak, gertaleku xumeak, oparotasun eta luxu oroz gabetuak eta abar—, eta ikuspegi psikologikoa erantsi zion teknika horri. Horrela sortu zuen, lehen esan bezala, Europako antzerkigintza berria.

Sorkuntza-aldi oparo hartan idatzi zuen halaber, Hemsöborna (1888, Hemsoko biztanleak), Stockholmeko harkaitz-uharteei buruzko eleberria, naturalismo tragikoaren maisulanetako bat. Uharte haiek izan ziren, beste zenbait obretan ikusi zenez, Strindbergen inspirazio-iturri nagusietako bat.

1889an, Suediara itzuli ondoko urteak bakardadean eta etsipenean murgilduta igaro zituen. Nietzscherekin gutun-bidezko harreman handia izan zuen, eta azpimarratzekoa da supergizonaren ideiak bere obran izan zuen eragina, I havsbandet (1890, Itsaso zabalean) eleberri naturalista eta katastrofikoan, esaterako.

Suediako literatura modernoaren aitzindari gisa aski ezaguna zen Strindberg garaitsu hartarako, baina alkoholismoak jota zegoen, eta ez zen lanbide batean luzaro jarduteko gai. 1891n lehen emaztearengandik dibortziatu zen, eta 1892an sorterritik alde egin zuen berriro, Berlina. 1893an bigarrenez ezkondu zen, baina handik bi urtera bigarren emaztearengandik banandu zen.

Hurrengo urteak urte antzuak izan ziren Strindbergen literaturari dagokionez.

Lur jota zegoen fisikoki eta psikikoki, eta krisi larria jasan zuen bigarren emaztearekin hautsi ondoren. Krisi horrek eromenaren mugetaraino eraman zuen: alkimia eta isilpeko beste zenbait zientzia ikasten aritu zen, eta obsesioek bere mendean hartu zuten.

Egoera hartan idatzi zuen, 1897. urtean, bere sentipen eta atsekabeen berri azaltzen duen Inferno (Infernua, lehenik frantsesez idatzi, eta ondoren suedierara itzulia) obra.

Infernua obran antzerki espresionistaren aitzindaritzat har daitezkeen zenbait ezaugarri antzematen zaizkio.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1897an Suediara itzuli zenean, Lunden egonaldi bat egin zuen, baina Stockholmen kokatu zen 1899an, eta han bizi izan zen hil arte. Urte hartan bertan hasi zen bere azken urteetako lanik aipagarriena, eleberri historikoen sail bat, idazten. Eleberri horietan bizitza «Indarrek», indar zorrotz baina zuzenek gidatzen dutela aldarrikatu zuen. Sail horretako obra nagusia Gustav Vasa izenburukoa da, egitura sendokoa eta elkarrizketa biziez osatua.

Etsipenezko urte haietan, bestalde, katolizismoari heldu zion, baina oso fede bitxia zen harena: Jainkoaren beharra azpimarratu zuen, eta Elizarenez haraindiko arauetan oinarritzen zen fede bat aldarrikatu zuen. Fede berri hark indarberriturik edo, zenbait antzezlan bikain idatzi zituen ondorengo urteetan, adibidez Till Damaskus (1898-1901, Damaskoko bidea), hiru atalez osaturiko drama. Bertan agertzen den Atzerritarra pertsonaia Strindberg bera zen, izpirituaren bakearen bila zebilen alderraia, eta beste protagonistak, Emakumeak, Siri eta Frida, biak, gogoratzen ditu. Urte haietan idatzi zituen, halaber, Dödsdansen (1901, Heriotzaren dantza) eta Ett drömspel (1902, Ametsa), besteak beste.

1901ean hirugarrenez ezkondu zen, nahiz eta Damaskoko bidean esan zuenez, ez dagoen ezkontza baino infernu okerragorik. Egilearentzat «neguko udaberria» bezalakoa izan zen ezkontza hura, inspirazioa berreskuratu baitzuen hari esker. Hirugarren emaztearengandik ere banandu egin zen, ordea, eta samina nagusitu zen Strindbergen bihotzean. Egoera horretan idatzi zuen, besteren artean, Svarta Fanor (1907) eleberri satiriko groteskoa, Stockholmeko zirkulu literarioetako bizioa eta ustelkeria kritikatzeko idatzia. Urte hartan bertan, bestalde, Teatro Intimoa sortu zuen eta hartarako idatzi zituen, urte hartan bertan, Spöksonaten (Espektroen dantza), Pelikanen (Pelikanoa) eta abar.

Azken obra aipagarria, Stora landsvägen antzerkia, 1909an argitaratu zuen. Obra hartan protestantismoaren alde eta nekazariak ondasun-sortzaile gisa hartzen dituen sozialismo nekazariaren alde agertu zen.

Strindberg, idazle oparo eta berrizalea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Strindberg idazle oparo eta sailkatzen zaila izan zen. 70 bat drama, dozena bat inguru eleberri eta hainbat kontakizun, saiakera, olerki eta lan historiko idatzi zituen. Bere lehenengo aldiko obretan naturalismoa da ezaugarri nagusia; 1895ean bigarren emaztearengandik banandu ondoren jasan zuen krisia bitartean idatzitako obrak dira lehen aldi hori osatzen dutenak, protestantismoa alde batera utzirik, bere katolizismo bitxi hari heldu zion garaira artekoak, hain zuzen ere. Eta bigarren aldian, berriz, mistizismo sinbolista nagusitzen da.

Paradoxaren idazletzat hartu izan dute zenbait kritikarik, bere ideiei eta pentsamenduari dagokionez. Izan ere, sexuen arteko gatazka izan zen bere obretako gai nagusia, eta emakumeen kontra agertu zen, oro har; baina, aldi berean, gizadiaren mireslea ere izan zen, herritar xeheen alde egin zuen, eta intelektualen jarduera eta gizartea kritikatu zuelarik, langileen mirespena bereganatu zuen.

Orokorrean, Strindbergen obran azpimarratzekoa da kritikarako joera, arau sozial eta kulturalak iraultzeko grina eta, oro har, suediar literaturan gai eta joera berriak erabili izana.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: August Strindberg Aldatu lotura Wikidatan