Austriar eskola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Austriako eskola» orritik birbideratua)

Zientzia ekonomikoan, austriar eskola XIX. mendean Carl Menger ekonomialariak (1840-1921) sortu zuen pentsamendu ekonomikoaren eskola bat da, zientzia naturalaren metodoak ekonomiaren azterketarako baliozkoak ez direla, baina aldi berean ekonomia gobernatzen duen lege unibertsalak badaudela baieztatzen duen pentsamendu-joera da, garaiko eskola historikoa eta marxistak ez bezala. Lege hauek logikaz eta arrazonamenduz azalerazi behar direla defendatzen dute ekonomialari hauek[1]. Psikologiako teorietan oinarriturik, utilitate marjinal kontzeptua sortu eta garatu zuten, marjinalismoaren markoaren barnean. Klasikoak eta marxistak ez bezala, balioaren kontzeptu subjetibo bat sortu eta indibidualismo metodologikoa bultzatu zuten horrela, ekonomia gizakiaren banakotasunetik aztertu behar dela ere defendatuz. Aldi berean eta klasikoak ez bezala, hazkunde ekonomikoa baino, baliabideen esleipen hobezinaz arduratzen ziren euren lanetan[2]. Austriar eskolako ekonomialariek gobernuaren interbentzionismoaren aurka (inflazioa neurri handi batean gobernuko banku zentralaren erruz gertatzen dela azalduz, esaterako) eta ekimen pribatu askearen alde agertzen dira.

Austriar izena eskolaren sortzaile eta lehenengo jarraitzaileen jatorriarengatik azaltzen da: Carl Menger eta bere lehenengo jarraitzaileak bertakoak ziren, hain zuzen. Besteak beste, Mengerek sortutako austriar eskolan kokatu ziren baita ere Eugen von Böhm-Bawerk, Friedrich Hayek, Ludwig von Mises eta Friedrich von Wieser ekonomialariak. Hala ere, XX. mendezehar eta gaurdaino mundu osoan zehar beste ekonomialari askok jarraitu dute austriar eskolaren tradizioa eta bizirik dirauen pentsamendu-eskola da. Hain zuzen, eskola honetako ekonomialariek 2008-2009ko krisialdi ekonomikoa aurreikusi zutela aipatu da [3].

Ideia nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Austriar eskolaren barnean bildu beharreko ekonomialariei buruz ez dago adostasunik. Izan ere, bakoitzak iritzi eta ikuspegi propioak ditu eta kontzeptu ekonomiko ezberdinak nabarmentzen dituzte. Hala ere, badaude austriar eskolako ekonomialari guztiek onartzen dituzten zenbait ideia:

  • indibidualismo metodologikoa: ekonomia osoaren bilakaera banakoen erabakietan oinarritzen da;
  • subjetibismo metodologikoa: balioa subejtiboa da eta banakoek finkatzen dute, euren iritzi, asmo eta xedeei jarraiki;
  • marginalismoa: erabaki ekonomikoak azken unean eta azken unitateari buruzkoak dira;
  • gogoak eta preferentziak: kontsumitzaileen eskaria banakoen gogo subejtiboetan oinarritzen da;
  • aukera kostuak: aukera kostuak erabaki orotan hartzen dira kontuan;
  • denboraren garrantzia: erabakiak denboran zehar hartzen dira eta beraz, denbora erabaki ekonomikoen funtsezko elementua da.
  • kontsumitzailearen burujabetza: kontsumitzaileek erabakitzen dute ondasun bat erosi ala ez;
  • indibidualismo politikoa: ez dago askatasun politikorik askatasun ekonomikorik gabe. [4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Luís Perdices de Blas, Rogelio Fernández Delgado Escuelas de pensamiento económico, 60. orrialdea.
  2. (Gaztelaniaz) Tomás Bonavía Martín,Ismael Quintanilla Pardo: Psicología y economía, 44. orrialdea.
  3. (Gaztelaniaz) Óscar Vara ekonomialariari egindako elkarrizketa: La Escuela Austriaca y la crisis financiera. www.youtube.com. 2009-07-09.
  4. Peter Boettke and Peter Leeson: [The Austrian School of Economics: 1950-2000].