Autodeterminazio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Autodeterminazioa, zientzia politikoetan eta nazioarteko zuzenbidean, herriek beren kabuz eta askatasunez beren herria zuzentzeko zein gobernu era nahi duten eta zein estatu eredu nahi duten aukeratzeko, eta azken batean zein estatu mota nahi duten aukeratzeko duten eskubidea da.

Autodeterminazioak lotura estua du, ikuspegi horren arabera, abertzaletasunarekin eta nazio estatuaren sorrerarekin eta burujabetasunerako eskubidea da, hain zuzen ere, autodeterminazioaren inguruan eztabaida gehien eragiten duen gaia; dena dela, azpimarratzekoak dira beste zenbait ikuspegi, esaterako marxismoaren irizpidea, zeinetan autodeterminazioa aldarrikatzen baita langileriak bere buruaren gidari izateko duen eskubide gisa, Frantziako Iraultzan bezala, herritarrak monarkiaren kontrako altxamenduaren ondoren.

Herri bakoitzak du, oro har, bere izaera nazionala, eta sarritan etnikoa, baina ez da beti horrela izaten. Izaera nazionala edukitzeak hizkuntza, historia, kultura eta erlijio komunak edukitzea esan nahi du. Baina estatu nazionala sortzeko ezagutu egin behar da herria bizi den lurraldea eta lurralde hori administratuko duen gobernu baten sorrera. Autodeterminazioak, estatu berri baten sorrera bultzatzen duenez, aurretik existitzen zen beste estatu baten zatiketa adierazten du, eta horregatik sortu ohi dira arazoak nazioek beren autodeterminazio eskubidea erabiltzeko orduan. Hain zuzen ere, Lehen Mundu Gerraren eragileetako bat Balkanetako herrien burujabetasun nahia izan zen. Gerraren ondoren, Versaillesko hitzarmenean autodeterminazio eskubidea onartu zen. Joera hori are gehiago indartu zen Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Nazio Batuen Erakundearen sorrerako gutunarekin. Autodeterminazioa eskatzeko zilegitasuna zein entitatek zuen zehazterakoan, gutun horretan adierazi zen herri kolonizatuek zutela horretarako eskubidea eta dagokion estatuaren erantzukizuna zela herri horien burujabetasuna onartzea. Horrela, 1960an erreferendum edo hauteskunde bidez burujabetasunari buruz erabakitzeko eskubidea onartu zitzaien herri kolonizatuei eta harrezkero lortu zuen Afrikako eta Asiako herri kolonizatu askok burujabetasuna.

Autodeterminazio prozesu aipagarriak izan dira orobat Sobietar Batasun ohiko herrietan eta Jugoslavia osatu zuten estatuetan, eta gorabeherak gertatu dira beste hainbat kasutan, adibidez Sahararen kasuan, zeinetan 1998an ospatu behar baitzen Marokoren mendeko izan ordez burujabe izan nahi zuen erabakitzeko erreferenduma, artean ezin ospatu izan dena.

Nazioarteko legeak autodeterminazio printzipioa onartzen badu ere, printzipio honek, berez, ez du zehazten zein giza-talde den nazio bat, edota zein giza-taldeek burujabetza lortzeko eskubidea duten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Autodeterminazio Aldatu lotura Wikidatan