Autotrofo

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Euglena izaki zelulabakar autotrofoa da, eta fotosintesia egiten du.
Bakterio autotrofo askok kimiosintesia egiten dute.

Autotrofo deritzo molekula inorganiko sinpleak erabilita bere molekula organiko propioak sintetizatzeko gai den izaki bizidunari; euren karbono-iturri nagusia karbono dioxidoa (CO2) izaten da. Autotrofo hitza grezieratik dator, eta azken finean, bere kabuz elikatzen direla esan nahi du. Landare guztiak, zianobakterioak eta bakterio batzuk dira autotrofoak.

Organismo aututrofoak gai dira materia organikoa eratzeko (gluzidoak) materia inorganikotik (CO2 eta ura) abiatuta. Organismo hauek beren kabuz elikatzen dira, ez dute beste organismorik jan behar.

Prozesuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaki bizidun guztiak karbonoan oinarrituriko molekulaz osaturik daude. Izaki autotrofoek atmosferako CO2 hartu eta Calvin zikloaren bidez finkatzen dute karbonoa[1] baina prozesu anaboliko horretarako beharrezko energia kanpotik hartu behar dute.

Fotoautotrofoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landareek eta fotosintesia egiten duten beste organismo batzuek eguzkiko argiaren energia erabiltzen dute, eta beraz fotoautotrofo deitzen zaie[2]. Organismo autrotofoek argiaren energia energia kimiko (ATP) bihurtzen dute, fotosintesiaren prozesuan. ATP hori erabiltzen dute gero atmosferako CO2 karbono organikoa bihurtzeko.

KImioautotrofoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakterio batzuek konposatu inorganikoen oxidazioa erabiltzen dute energia-iturri gisa (anhidrido sulfuroso edo konposatu ferrosoak, adibidez) eta kimiosintesia egiten dutenez kimioautotrofo deitzen zaie[2][3]. Konposatu inorganikoak oxidatzen dituzte bakterio hauek (NH3, SH2, H2...) eta oxidazio horri esker energia kimikoa (ATP) lortzen dute, gero Calvin zikloan erabiliko dutena CO2 finkatzeko.

Garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaki autotrofoak nahitaezkoak dira kate trofikoan, argiaren energia eta konposatu inorganikoak xurgatu eta molekula organiko bihurtuko dituztelako, funtzio biologikoak betetzeko eta hazteko erabiliko dituztenak[4]. Izaki bizidun heterotrofoek elikagai bezala erabiliko dituzte[5].

Piramide trofikoa

Piramide trofikoetan kate trofikoan parte hartzen duten elementuak irudikatzen dira. Piramide horren oinarrian organismo autotrofoak daude, hots, materia organikoaren ekoizleak (landareak). Hauen gainetik, izaki heterotrofoak, maila ezberdinetan sailkatuak (lehen mailako kontsumitzaileak -belarjaleak-, bigarren mailako kontsumitzaileak -haragijaleak-, etab.). Piramide trofikoaren oinarrian daudenez, autotrofoak funtsezkoak dira ekosistema guztien elikadura-kateetan, heterotrofo guztiek autotrofoen menpe daudelako.

Historia ebolutiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lur planetaren gainean agertu ziren lehenengo bizidunak heterotrofoak ziren, ez autotrofoak, duela 3.500 milioi urte.[6] [7]. Heterotrofoak ziren antzinako ozeanoek materia organiko asko zutelako, eta errazagoa zen materia hori hartzea sintetizatzea baino (autotrofismo).

Lehenengo bizidun autotrofoak askoz beranduago agertu ziren, duela 2.000 milioi urte gutxi gorabehera [8], zelula batzuek fotosintesia burutzeko gaitasuna garatu zutenean. Halere, lehenengo autotrofo horiek hidrogeno sulfuro (SH2) erabiltzen zuten uraren ordez fotosintesia egiteko, gaur egungo bakterio batzuen antzera. Geroago garatu zuten bakterio horietako batzuek ura erabiltzeko gaitasuna, eta gaur egungo zianobakterioek eta landareek egiten duten fotosintesia hasi ziren burutzen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Rosalino, Vázquez Conde; Rosalino, Vázquez López. (2017-01-01). Temas de Biología Contemporánea para bachilleratos tecnológicos. Grupo Editorial Patria ISBN 9786077448464. (Noiz kontsultatua: 2019-06-08).
  2. a b (Ingelesez) Mauseth, James. (2009). Botanik: Bitki Biyolojisine Giris. Jones & Bartlett Learning ISBN 9780763753450. (Noiz kontsultatua: 2019-06-08).
  3. (Ingelesez) Chang, Kenneth. (2016-09-12). «Visions of Life on Mars in Earth’s Depths» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2019-06-08).
  4. (Gaztelaniaz) Prueba de Acceso a la Universidad Para Mayores de 25 Años. Biologia Prueba Especifica.e-book. MAD-Eduforma ISBN 9788466517775. (Noiz kontsultatua: 2019-06-08).
  5. (Gaztelaniaz) Suelos Y Sistemas de Produccion Agroforestales. Bib. Orton IICA / CATIE (Noiz kontsultatua: 2019-06-08).
  6. «Biziaren jatorria, ehun urteko historia: Oparinetik gaur arte», Zientzia.eus, 1996.
  7. (Gaztelaniaz) «El origen del Universo y de la Vida».
  8. Bacteria knowledge eni school energy&environment

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]