Azagra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Azagra

 Nafarroa Garaia
Azagrako bandera

Azagrako armarria

Izen ofiziala Azagra
Estatua
Erkidegoa
Merindadea
Eskualdea
Espainia
Nafarroako Foru Erkidegoa
Lizarrako merindadeaa
Erribera Garaia
Alkatea Ismael Pastor Murgi (UPN)
Herritarra azagrar
Koordenatuak 42°18′27″N 1°53′35″W / 42.30750°N 1.89306°W / 42.30750; -1.89306Koordenatuak: 42°18′27″N 1°53′35″W / 42.30750°N 1.89306°W / 42.30750; -1.89306

Navarra - Mapa municipal Azagra.svg

Eremua 33,75 km2
Garaiera 291 m
Distantzia 80 km Iruñera
Posta kodea 31560
Biztanleria 3.868 bizt. (2012)
Dentsitatea 114,61 bizt./km²
www.azagra.es http://www.azagra.es www.azagra.es

Azagra[1] Nafarroako hego-mendebaldean dagoen udalerria da, Erriberako eskualdekoa. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera 3.868 biztanle ditu eta Nafarroako hiriburutik 80 kilometrora kokatzen da.

Inguru naturala eta kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azagra Lizarrako merindadearen hegoaldeko muturreko herria da, NA-134 errepidearen alboan San Adrian-Milagroko norabidean. Udalerria Ebro ibaiaren ertzean dugu.

Halaber, Lizarrerriaren hego-ekialdearen muturrean dago kokaturik. Iparraldean San Adrian eta Azkoien, hegoaldean eta mendebaldean Errioxako Autonomia Erkidegoa eta ekialdean Funes mugakide ditu.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azagrako klima Ebro ibaiak baldintzatzen du erabat, eta klima mediterraniar-kontinentalaren ezaugarri nagusiak ditu; Uda eta negu arteko tenperatura desberdintasuna nahiko handia, aldaketa termiko zabala, eta uda oso lehorrak. Urteko batez besteko tenperatura 14 gradukoa da, eta batez besteko prezipitazioa 400mm eta 450mm bitartekoa. Urteroko egun euritsuak 45 inguru izaten dira.

Duela milaka urte Azagra estali zuten baso mediterraniarren arrastorik ez da geratzen gaur egun. Baso gehienak nezakazaritzan aritzeko moztu ziren, eta mantendu zirenak pixkanaka desagertuz joan ziren. Gaur egun Ebro ibaiaren ondoko zuhaixka bakan batzuk baino ez dira kontserbatzen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azagrako udalerrian erromatarren garaiko hainbat aztarna aurkitu dira. Herrian, musulmanak bizi izan ziren hiru mendez, baina XI. mendearen hasieran, berkonkista hastean, Antso Gartzes III:a erregeak, Funes ingururaino eraman zuen Iruñeko erresumaren muga, dena den, Milagrorainoko konkista ez zen XI. mendearen amaierara arte burutu. Azagraren kokapen estrategikoa dela eta (muino baten gainean dago), erresumaren defentsarako toki aproposa izan zen mende askotan, eta Erdi Aroan zehar, jaurerri izan zen, urteroko petxa ordainduz.

XIII. mendean judu eta musulman talde txiki bat geratze zen herrian, Erriberako herri askotan bezala. XIV. mendearen amaieran eta XV. mendearen hasieran, hondamendi naturalek (uholdeak eta izurriteak) herria suntsitu zuten. Beheraldi demografikoaren eraginez, herriak urteroko zergak ordaintzeko zailtasunak izan zituen, eta horrela, Nafarroako erregeak, zergak ordaintzetik askatu zituen azagratarrak hamar urtez. Juan II.a erregearen eskutik, Azkoiengo Pierres herriaz jabetu zen eta honen alargun Isabel Foixek bere lehengusin Catalina erreginari utzi zion dohaintzan. Ondoren, Azkoiengo Alonso Carrillok izan zuen Azagrako jaurerriaren jabetza.

XIX. mendearen hasieran, Faltzesko markesa zen jaurerriaren jabe, eta honek, alkatea izendatzen zuen alde batetik, eta herritarrek erregidoreak aukeratzen zituzten beste aldetik. XIX. mendearen erdialdean, udalerrien erreforma administratiboa burutu zenean, Azagra udalerri independiente bihurtu zen. 1850an 2.200 erreal zituen eskola zeukan, eta 12.000 errobada laborantza lur zituen. Horietatik, 4.000 lur-ureztagarri moduan erabiltzen ziren, indaba, garia eta bestelako barazkiak landatzeko. Gainontzekoak, sekain lurrak ziren, zereal eta mahastiak landatzeko erabilitakoak.

1856 eta 1874 lurjausia izan zen Azagrako udalerriaren zati bat hedatzen zen harri edo muinoan, eta hainbat kalte material eta hildako izan ziren. Nafarroako Aldundiak, harria eraistea erabaki zuen, gaztelua barne, gertakari larri haiek errepika ez zitezen. 1920ko hamarkadan, bi eskola zeuden herrian, barazkien bost kontserba lantegi, uruna eta olioa lantzen zuten errota bana, oihalgintzako lantegia, igeltsu lantegia, bi txokolategi lantegi, eta udaletxearen diru-laguntza zeukan ospitalea. Azagrako lurretatik Calahorra eta Logroñoko kontserba lantegietan erabiltzen ziren barazkiak eramaten ziren.

Gerra Zibila (1936)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azagran, herriaren jabetza nahiko kontzentraturik zegoen 1936an, eta horrela, herriko lau familiek udalerriko lurren %43aren jabe ziren, eta herri-lurrak %13a baino ez ziren. 1936ko hauteskundeetan, Fronte Popularrak 714 botu lortu zituen, eta eskuineko blokeak 708, abertzaleek 16 botu eskuratuz. 1936ko Uztailaren 19an, frankistek Espainian eginiko altxamenduaren eragina Nafarroara heldu zen. Lizarratik falangista, errekete, fraide eta abadeez beteriko kamioiak heldu ziren. Egun hartan arratsaldeko zortzietan, faxistek udaletxea hartu zuten, eta lehen hildakoa eragin zuten. Goardia Zibilak matxinatuei lagundu zien lehen momentutik, eta hurrengo egunean, UGTren egoitza eta errepublikaren zerikusiko lokalei eraso zieten.

Askok, ihes egin zuten egoeraren larritasunak eraginda, baina ihes egitea lortu ez zutenak, atxilotu eta atxiloketa-zentroetara eraman zituzten. Uztailaren 25ean, zortzi atxilotu euren zigor-geletatik atera eta mendira eraman zituzten, hurrengo egunean Funesko udalerrian hilik agertu zirelarik. Hurrengo egunean, hildako gehiago agertu ziren Calahorran.

Angel Medrano izendatu zuten alkate berria eta herritarrek hauteskundeetan aukeraturiko Francisco Cuesta Urzelai medikua kargutik kendu eta 1937ko otsailaren 11n fusilatu zuten Jaitzen. Cuesta Urzelai, UGTren "Trabajadores" izeneko astekariko kolaboratzailea izan zen eta bere etxea eraso eta bertan zituen liburuak lapurtu zituzten.

Fusilamenduek abuztu osoan zehar jarraitu zuten. Santos Begiristain bezalako abadeek, erahilketekin jarraitzeko berotu zituzten falangista eta erreketeek, lastoa alde batera utzi eta garia aukeratzeko, eta ihes egindakoak aurkitu behar zirela justizia egiteko esanez. Ihes egindakoak atzemateaz gain, hauen etxeak lapurtu eta ebatsi zituzten. Horrez gain, emakume askori, ilea moztu eta errezino olioa eman zieten, ondoren herriko kaleetan zehar publikoki iraintzeko asmoarekin. Iraila hasierako egun batez, herriko jaien bezperan alegia, 21 pertsona atera zituzten euren etxeetatik eta ondoren fusilatu.

Guztira 71 azagratar erahil zituzten. Udaletxe frankistak, harnabarrezko plaka bat jarri zuten herriko frontoian, honako idazkiarekin "Por Dios y por nuestro Caudillo en este pueblo fueron asesinado los traidores a la patria por que en este país España no hay sitio para rojos ni masones. Una Grande y Libre." 1982an, herritarrek plaka hori kendu zuten.

Toponimoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azagra herriaren izenak arabierazko al-Sajra toponimoan du jatorria. Al-Sajra hitzak haitza esan nahi du euskaraz.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azagrako biztanleria
1897 1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2006
1.715 1.769 2.100 2.391 2.733 2.777 2.809 3.004 3.152 3.206 3.288 3.714 3.793

2008ko erroldaren arabera, 579 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %15,50a (Nafarroako batez bestekoaren gainetik).

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • San Salvador eliza: XVI. mendean altxaturiko eraikin gotiko-errenazentistada. Nabe bakarra dauka eta aurrealde pentagonala. Horrez gain, horma-bularren artean kaperak eraiki zituzten. Erretaula nagusia, eta alboetako Frantzisko Xabierren eta San Gregorioren aldeak, Nafarroako barrokoaren eredurik garrantzitsuenetarikoa osatzen dute.
  • Zumarreko Andre Mariaren basilika: Adreiluzko eliza barrokoa da, eta barruan Ama Birjinaren zurezko irudi bat dago.
  • Doneztebeko parrokia.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkateen zerrenda
1979-1983
1983-1987 Juan José Manero Sáinz UPN
1987-1991 Basilio Sánchez Lasheras PSN
1991-1995 Basilio Sánchez Lasheras PSN
1995-1999 Basilio Sánchez Lasheras PSN
1999-2003 Basilio Sánchez Lasheras PSN
2003-2007 Basilio Sánchez Lasheras PSN
2007-2011 María Antonia Berisa Sánchez PSN
2011- Ismael Pastor Murgi UPN

Udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007an Toñi Berisa Sánchez (PSN) atera zen Azagrako alkate. Udaleko hamaika zinegotzietatik bederatzi lortu zituen Nafarroako Alderdi Sozialistak eta hortaz gehiengo absolutua; beste biak NEBentzat izan ziren. Baliogabeko botoak 221 izan ziren (emandako guztien %10,55a) eta zurizko 423 boto izan ziren (botoen %22,58a). Abstentzioa %24,05ekoa izan zen.

Azagrako Udala (2007)
Alderdia Botoak Zinegotziak
PSN 1.181 9
NEB 269 2


2011n UPNk (bozkatuena) eta PSNk bosna zinegotzi erdietsi zuten eta CDNk bakarra. UPNko Ismael Pastor Murgi aukeratu zuten alkate eta hala PSNk 24 urtez gorde zuen alkatetza galdu zuen.


Azagrako Udala (2011)
Alderdia Botoak Zinegotziak
UPN 943 5
PSN 793 5
CDN 176 1

Udaletxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo udaletxea 1956an eraiki zen. Eraikina, estilo modernoko adreiluzko egitura da, eta bi kalek bat egiten duten tokian kokatzen da. Beheko solairu eta hiru solairu honen gainean. Antzinako udaletxea, plaza nagusian zegoen, eta XVIII. mendean eraikitako eraikin barrokoa zen. 1958. urtean eraitsi zuten.

Azagrako udalak alkatea eta hamar zinegotzi dauzka.

  • HELBIDEA: Plus Ultra kalea, 6

Euskara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Azagra eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %0,22k zekien euskaraz hitz egiten.

Azpiegitura eta garraioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Estellesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Estellesa autobus konpainiak Azagra Iruñearekin batzen du. Autobus lineak, honako ibilbidea egiten du:

Autobuses Parra autobus konpainiak bestalde Azagra Calahorrarekin batzen du. Autobus lineak, honako ibilbidea egiten du:

Conda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Condaren Iruñea eta Lodosa bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Eguneko zerbitzu bakarra izaten da norabide bakoitzean.

Ardogintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herria Errioxako ardoaren ekoizle nagusietakoa da, "Errioxa Baxua"ren azpieskualdekoa.

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portal.svg
Wikipedian atari bat dago honi buruz:
Euskal Herriko Wikiatlasa