Azken egunak Gandiagarekin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Azken egunak Gandiagarekin
Datuak
IdazleaJoxe Azurmendi (2009)
Argitaratze-data2009
GeneroaSaiakera
HerrialdeaEuskal Herria
Bildumaezta-baida
Orrialdeak489
ISBN978-84-9783-734-7
Sariak2010eko Euskadiko Literatura Saria, saiakera alorrean[1].

Azken egunak Gandiagarekin Joxe Azurmendi filosofoak idatzitako saiakera liburua da. 2010ean, Euskadiko Literatura Saria jaso zuen saiakera alorrean, alor honi zuzendutako sariaren lehen edizioan.

Liburua Euskal Herriko egoera politiko-moral-erlijiosoaren azterketa bat da, ikuspegi oso pertsonaletik egindakoa kasu honetan.

Abiapuntua eta problemaren kontzientzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abiapuntua ez da edonolakoa: Bitoriano Gandiaga poeta, Arantzazun fraidekide izana eta laguna hiltzera doa. Hari bisitan joan eta adiskidearen bizitza eta lanak, izaera eta heziera, nahimenak eta sinesmenak errepasatuko ditu Azurmendik, eta bereak ere bai[2].

« Gandiagak beti jakin du nik nola-moduko pentsaera nuen, baina azkenean frantziskotarren erakundea ofizialki utzi nuenean, asko sentitu zuen. Arantzazun ezagutu genuen elkar. Gero, berak beti Arantzazun jarraitu zuen; ni beste bide batzuetatik ibili naiz, nola barrutik hala kanpotik. Oinarrizko formazio intelektual eta espiritual berdintsukoak jatorrian, gure bizialdian arazo berdintsuen aurrean aurkitu gara, erlijiosoak, sozialak, politikoak, etab., baina bi erabaki diferente izan gara. Zergatik?[3] »


Gandiagaren obraren azterketa gisa hasitakoak bakarkako meditazio sorta bat dakar berarekin: zer den gaur, XXI. mendean, bizitzari zentzua ematea; zein arrazoimen eta hizkuntzarekin egin daitekeen hori; zer den mitoa eta zeri deritzogun Jainkoa, hura baiesteko nahiz ukatzeko.

Saiakera honetan argi ikusten da Azurmendiren pentsamendua joan-etorrikoa dela. Itzulerako gogoetak biltzen ditu liburuan: tradizoaren mundu hertsitik aldendu ondoren, eta behin hura apurtuta geratu zaigunez, mundu berria pentsatu nahiko du puskail haietatik. Baina aske orain, antzinako esklabutzarik gabe. Gure Herriaren egoera argi adierazten du:

« Antzinako mundutik zalantza gabe hainbat gauza bizirik dago gure baitan, mundu modernotik mila gauza heredatu dugu; baina gu ez gara mundu horietako ez bat ez bestekoak, eta geure mundu bat ez daukagu. Gu puskailetakoak gara. Modernitatea bera guk mila fragmentotan apurtuta jarauntsi dugu. Mundu ikuskera global bezala ez digu balio. Horregatik da larria gure problema (nahiz eta ez izan larriki sentitua).[4] »


Arrazoimen ezberdinen arteko elkarrizketak eta talkak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizitzari zentzua mitoak eman dio, honi dagokion hizkeraren bidez. Mitoarekin batera, ordea, gizakiak zientzia bezalako beste razionalitate motak ere garatu ditu. Egoera horretan Joxe Azurmendik prozesu bat deskribatuko du non bizitzaren zentzuaren auziak desitxuratze bat pairatu duen razionalitate zientifikoa gailendu denean[5]:

« Naturatik Jainko eta espirituak uxatuak dira, "superstizioak"; orobat sentsuen mundu "engainagarria" irrealtzat baztertua (usainak, koloreak, gustuak), pertsonala den oro, emozioak, aurreiritziak eta nolanahiko zentzuak (mitoak), ordura arte eguneroko esperientzia erabakigarriki osatzen zuen guztia. Arrazoimen hutsari Natura hutsa: zientzia berriak Naturaren propietate matematikoak soilik hartu ditu errealtzat, razionaltzat (Galilei, Descartes, Newton). Zentzuaren lekuan legeak.[6] »


Azurmendik berdin kritikatuko ditu fundamentalismo teistak zein ateistak, "hor kanpoan dagoenaren" ikuspegi positibista-errealista berbera dutelako. Bere esanetan[7] Jainkoaren existentziara, mendebaleko kulturan, alde batetik erlijio eta mitoaren bidetik ailegatzen gara; bestetik razionalismo filosofikoaren bidetik, hala nola Aristoteles, Descartes eta Kant; eta hirugarrenik zientziaren bidetik, Newton, Heisenberg[8] eta Einstein. Liburuan Russell filosofo ateista eta Einstein zientifiko nolabait fededuna alderatuko ditu gogoetan aurrera egiteko:

« Diferentzia guztien gainetik, denak europar klasikoak dira, Jainkoan ez, baina bai arrazoimen bakarrean fededunak. Ordea, jada aspalditxoan zuri iruditzen zaizu, arrazoimen bakarra ez dela razionalitate diferenteen kolaborazioa besterik. Arrazoimen bakarrik ez dagoela, ez mundu bakarrik. Ez dagoelako eta munduan ezin egon delako Arkimedesen puntu finko eta higiezinik [...] Eta razionalitate fragmentatuen kontzeptu honetan, postura seguru batean egotean barik, munduaren aurrez aurre egiaz razionalki paratzeko toki posible bakarra diferentzietan eta kontraesanetan bizitzea hautatzean dago apika.[9] »


Zentzuarentzat hizkuntzarik ez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azurmendiren proposamena mitoaren berreskurapenean datza: mito zaharra berrinterpretatu beharko litzateke baliagarri litzaigukeen heinean. Azken finean arazoa gurea baita "...ez mitoarena, mitoarentzat ez baitugu alternatibarik: zentzuaren galdera inolako hizkuntzarik gabe utzi dugu". Ikuspegi berritzaile bat eskaini nahi du Azurmendik, ez eztabaida amaitutzat jo nahi duen maisuaren moduan, ezpada, estereotipo zahar eta konbentzionalismo berriak alde batera utzita, bakoitzak bere baitan pentsa dezan zein den bizitzaren aurreko bere jarrera, bere egia, bere aukera.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Joxe Azurmendi: "Gandiaga bera zen poesia, idatzi duena baino gehiago"», Gara, 2010eko urriaren 27a
  2. Joseba Zulaikaren hitzetan: "Azurmendi poetaren patua izan bazen hogei urterekin Arantzazun ateo sentitzea, orain zahartzaroan Azurmendi filosofoaren egitekoa izango da postateismotik sakratuaren esanahia pentsatzea. Ik. Zulaika, J. 2020: «Arbola beltzaren poema: Azurmendi, euskal mende hautsiaren lekuko», Jakin, 237/38: 23. or.
  3. Azurmendi, J.: Azken egunak Gandiagarekin, Donostia, Elkar, 2009. 297. or.
  4. Azurmendi, J.: Azken egunak Gandiagarekin, Donostia, Elkar, 2009. 293. or.
  5. Arrieta, A.: Arimak eta balioak, Donostia, Jakin, 2013. 100. or.
  6. Azurmendi, J.: Azken egunak Gandiagarekin, Donostia, Elkar, 2009. 157. or.
  7. Agirre, L. 2010: Elkarrizketa Joxe Azurmendiri, Hegats, 45: 213or.
  8. Heisenberg zientifikoa eta Heidegger filosofoa nola erkatu dituen Azurmendik ik. Azurmendi, J.: Teknikaren meditazioa, Donostia, Kutxa Fundazioa, 1998. 47-64 or.
  9. Azurmendi, J.: Azken egunak Gandiagarekin, Donostia, Elkar, 2009. 361. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]